2021/05/19ko prentsa-oharra
HERIOTZEN ESTATISTIKA. IV/2020
Heriotzak 24.000 baino gehiago izan ziren 2020an, aurreko urtean baino % 12,4 gehiago
COVID-19aren ondoriozko heriotzen zifra ofiziala 3.052 da 2020an, guztizkoaren % 12,6
2020ko behin-behineko datuen arabera, 24.237 heriotza izan ziren, eta horietatik 3.052, guztien % 12,6, COVID-19ari zegozkion, Eustatek landutako datu ofizialen arabera. Heriotza guztietatik, 12.186 emakumeak izan ziren, eta 12.051 gizonak. 2019. urtearekin alderatuta, % 12,4 gehitu zen heriotzen kopurua Euskal AE osoan. Lurraldeka, heriotzak % 19,3 gehitu ziren Araban, % 12,7 Gipuzkoan eta % 10,7 Bizkaian.
Iaz izandako heriotzen artean, 39 heriotza urtebetetik beherakoenak izan ziren, 2019koak baino balio txikiagoak, orduan urtebetetik beherako 43 hil baitziren. Bestalde, 100 urte edo gehiagoko 332 pertsona hil ziren, 2019an baino 26 gehiago.
2020ko behin-behineko datuekin, Euskal AEko hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen beste urte batean, baina 2019an baino handiagoa, heriotzak jaiotzak baino 9.516 gehiago izan baitziren. Lurraldeka, Bizkaiak 5.933 biztanle gutxiago izan zituen hori zela eta, Gipuzkoak 2.716 eta Arabak 867.
2020an 3.052 heriotza gertatu ziren COVID-19aren ondorioz, arrazoi nagusi gisa, guztirakoaren % 12,6. Heriotza horiek 2 taldetan sailkatzen dira: COVID-19aren ondoriozko heriotzak, analisi espezifikoarekin egiaztatuak, 2.738 heriotza, edo COVID-19aren ondoriozko heriotzak, probableak. Analisi bidez egiaztatu gabeko kasuak dira, baina kasu horietan COVID-19a da parte medikoaren heriotza-kausa nagusia, 314 heriotza.
Heriotza horien % 74,5 Euskal AEko ospitaleetan gertatu ziren, eta, ondoren, egoitza sozio-sanitarioetan (% 21,3).
COVID-19ak eragindako heriotzak 972 izan ziren 2020ko laugarren hiruhilekoan, hau da, urteko guztizkoaren % 31,8
2020ko laugarren hiruhilekoan 6.281 pertsona hil ziren Euskal AEn, aurreko urteko aldi berean baino % 13,8 gehiago. Hiruhileko honetan 761 heriotza gehiago izan dira aurreko urteko hiruhileko beraren aldean eta 1.024 gehiago aurreko 10 urteetako batezbestekoa baino.
Lurraldeka, Gipuzkoa nabarmentzen da; izan ere, hiruhileko honetan heriotzak % 23,2 hazi ziren aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Araban % 11,3koa izan zen hazkundea eta Bizkaian % 8,9koa. Sexuen arabera, 3.197 gizon eta 3.084 emakume hil ziren; horrek esan nahi du % 16,1eko igoera izan zela gizonen kasuan eta % 11,5ekoa emakumeen kasuan. Laugarren hiruhilekoan izandako heriotzen artean, 11 heriotza urtebetetik beherakoenak izan ziren, eta 83 heriotza ehun urtetik gorakoenak.
Heriotza-kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren, 1.577 eta 1.487 heriotza eragin baitzituzten, hurrenez hurren; bien artean heriotzen % 48,8 izan ziren. Hirugarren heriotza-kausa COVID-19a da, 972 kasurekin (% 15,5).
Arnasketa-arrazoiengatiko heriotzak % 42 jaitsi ziren aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Bestalde, digestio-gaixotasunek eragindako heriotzak 271 izan ziren, aurreko urteko aldi beraren aldean % 5,9 gehiago.
Heriotzen kausak desberdinak izan ziren oraindik ere sexuaren arabera; gizonen artean, tumoreak izan ziren lehenengo heriotza-kausa (% 30,3) eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak bigarrena (% 21,1); emakumeen artean alderantziz gertatu zen: zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren kausa nagusia (% 26,3), eta tumoreak, berriz, bigarrena (% 19,7).
Laugarren hiruhilekoan, kausa nagusi bezala, 972 pertsona hil ziren COVID-19aren ondorioz, hau da, heriotza guztien % 15,5. Horietatik, 941 heriotza COVID-19 egiaztatuak eragin zituen, eta 31 COVID-19 probableak. Gainera, beste 66 heriotza egon dira zeinetan COVID-19a egiaztatutako heriotza-kausen artean egon zen, baina arrazoi nagusia izan gabe.
Lurraldeka, COVID-19arengatiko heriotza-kopuru handiena Gipuzkoan izan da (430), gero Bizkaian (416) eta azkenik Araban (126). Hiriburuei doakienez, Bilbo nabarmentzen da, COVID-19ak eragindako 166 heriotzarekin; ondoren, Donostia (145) eta Gasteiz (108) daude. Barakaldo, Irun eta Getxo ere nabarmentzen dira, udalerri bakoitzean 25 pertsona baino gehiago hil baitira.
Gizonen heriotzen kopurua (518) emakumeena (454) baino handiagoa izan zen; adinaren arabera, berriz, nabarmentzekoa da ezen COVID-19aren ondoriozko heriotzen % 97,1 60 urtetik gorakoen artean gertatu zirela, eta % 72,2 80 urtetik gorakoen artean.
COVID-19aren ondoriozko heriotzak urteko azken hiruhilekoan (972 kasu) bikoitza baino gehiago igo dira hirugarren hiruhilekoan izanikoen aldean (365 kasu).
Heriotza gehienak Euskal AEko ospitaleetan izan ziren (% 83,1), eta, ondoren, egoitza sozio-sanitarioetan (% 9,9).
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62