2021/05/24ko prentsa-oharra
INDUSTRIA PREZIOEN INDIZEA. 2021EKO APIRILA
Euskal AEko industria-prezioak % 0,4 igo dira 2021eko apirilean aurreko hilaren aldean
Energia da prezioen hazkundearen buru 2021eko apirilaren eta aurreko urteko apirilaren artean: % 18,5 igo da
Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko industria-prezioak % 0,4 igo dira 2021eko apirilean aurreko hilaren aldean. Apirileko urte arteko tasa, azken hamabi hilabeteetan industria-prezioek izandako aldakuntza laburbiltzen duena, % 5,2koa izan da.
Azterketa xeheago batek agerian uzten du ezen, 2021eko apirilean, honako sektore hauek izan dituztela prezioetako hazkunderik handienak aurreko hilaren aldean: Industria kimikoa (% 2,7), Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria (% 1,2) eta Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 1,1) Aitzitik, hilabete artean prezioetan jaitsierarik handienak izan dituzten sektoreak honako hauek izan dira: Erauzketa-industriak (-% 3,7), Kokeriak eta petrolioa fintzea (-% 1,1) eta Produktu informatiko, elektroniko eta optikoen fabrikazioa (-% 1,0).
Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, prezioen aldaketek zeinu desberdinak izan dituzte: Kontsumo-ondasunak, oro har, % 0,9 igo dira aurreko hilaren aldean, zeren Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren azpisektorea % 1,0 igo baita, eta Kontsumo-ondasun iraunkorrena % 0,1. Bitarteko ondasunen prezioak % 0,6 igo dira, eta Energiarenak % 0,1. Aitzitik, Ekipo-ondasunen hil arteko prezioak % 0,2 jaitsi dira.
Urte arteko terminoetan (2021eko apirila 2020koaren aldean), prezio-hazkunderik handienak adar hauetan izan dira: Kokeriak eta petrolioa fintzea (% 40,3), Metalurgia eta produktu metalikoak (% 7,5) eta Produktu informatiko, elektroniko eta optikoen fabrikazioa (% 4,9). Prezioen jaitsierarik handienak, ostera, honako sektore hauei dagozkie: Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza (-% 10,0), Erauzketa-industriak (-% 6,8) eta Makineriaren eta ekipoen fabrikazioa zein Garraio-materialaren fabrikazioa (-% 1,4 biotan).
Helburu ekonomikoaren araberako ondasun-talde handien prezioen aldakuntza, urte arteko aldian, positiboa izan da Energiarentzat, prezioetan % 18,5eko igoerarekin, Bitarteko ondasunentzat, % 4,5ekoarekin, eta Kontsumo-ondasunentzat osotasunean, % 3,8ko hazkundearekin; izan ere, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioak % 4,2 igo dira, eta Kontsumo-ondasun iraunkorrenak % 1,3. Aitzitik, urte arteko terminoetan, Ekipo-ondasunak % 1,0 jaitsi dira.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62