2021/06/18ko prentsa-oharra
SEKTORE PUBLIKOAREN AURREKONTU-ESTATISTIKAK. 2019
Euskal AEko administrazio publikoen zor bizia 2018ko abenduaren 31ko % 15,0tik % 13,8ra jaitsi zen, 2019an
Inbertsioek eta kapital-transferentziek % 7,9 egin zuten gora 2019an, eta 1.728 milioi eurora iritsi ziren
Euskal AEko administrazio publikoen –Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udal-administrazioek eratzen dituzte, haien erakunde autonomo eta udalaz gaindiko eta udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeekin batera– zor bizia, 2019ko abenduaren 31n, 10.988,6 eurora iritsi zen, BPGd-aren % 13,8 (% 15,0 2018ko abenduaren 31n), Eustaten datuen arabera. 2019ko pasibo berriak 1.131,9 milioikoak izan ziren, eta amortizazioak, 1.706,1 milioikoak. Nabarmentzekoa da azken ekitaldian amortizatzeko geratu den zenbatekoa 574 milioi euroan egin duela behera; alegia, ehuneko 1,2 puntuko beherakada egon da.
2019aren amaieran amortizatzeko zor bizi osotik, Eusko Jaurlaritzarena % 78,7 da, Bizkaiarena % 11,6, Arabarena % 5,3 eta Gipuzkoarena gainerako % 4,4a.
Erakundeen arabera, bai Eusko Jaurlaritzak bai lurralde-administrazioek (aldundiak eta toki-erakundeak) aurrekontu-saldo ez-finantzario positiboak erregistratu zituzten, baina behera egin dute 2018aren aldean. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak 394 milioi euroko saldo positiboa erregistratu zuen, eta 53 milioi euroan jaitsi zen 2018an erregistratutakoaren aldean. Hiru lurralde historikoek joera horri jarraitzen diote, saldo positiboekin, baina aurreko urtean baino okerragoekin.
Euskal AEko administrazio publikoen gastu eta diru-sarreren xehetasunera joz gero, gastu osoa 19.186 milioi eurokoa izan zen 2019an; % 6,2ko igoera izan zuen, aurreko urtearen aldean. Bestalde, diru-sarrerak 19.022 milioikoak izan ziren; % 0,1 egin zuten behera, 2018aren aldean.
Eragiketa ez-finantzarioak ardatz hartuta, diru-sarrerek eta gastuek bilakaera positiboak izan zituzten: diru-sarrerek % 2,5 egin zuten gora, 2018aren aldean, eta gastuek, % 4,3, eta, ondorioz, aurrekontu-saldo ez-finantzarioa 900 milioi eurokoa izan zen 2019an, eta 1.164 milioi eurokoa 2018an.
Bestalde, finantza-eragiketen analisia dela eta, kontrako bilakaerak ikusten dira; diru-sarrera finantzarioek % 29,4 egin zuten behera, 1.126 milioi eurora iritsi arte, eta gastu finantzarioak 2.191 milioi eurora iritsi ziren, alegia, % 23,4ko igoera izan zuten.
Diru-sarrera ez-finantzarioen hazkuntza diru-sarrera arrunten bilakaera positiboan (% 3,2) oinarritu zen; horiek diru-sarrera guztien % 93,3 izan ziren. Kapital-eragiketen arabera diru-sarrerek –pisu txikia– % 41,2ko beherakada erregistratu zuten.
Zergen diru-sarrerak 2019an diru-sarrera guztien % 85 izan ziren, eta haiek guztiek, ia, portaera positiboa izan zuten aurreko urtearen aldean, sozietateen gaineko zergaren eta udalerri-mailakoen kasuan izan ezik. Oro har, zergen diru-sarrerek % 2,9 egin zuten gora.
BEZa eta PFEZ zergen diru-sarreretan pisu gehien duten zerga-irudiak dira, eta guztizkoaren % 37,3 eta % 35,5 dira, hurrenez hurren. Biek izan dute bilakaera positiboa: % 5,9koa, PFEZren kasuan, eta % 2,6koa, BEZaren kasuan. Hirugarrenik, garrantzia erlatiboan, zerga bereziak daude; % 11ko hazkuntza izan dute. Eta, azkenik, % 2,8ko hazkuntzarekin, beste zergak daude, baina haien pisua askoz ere txikiagoa da (% 4,1). Bilakaera negatiboa izan dute, batetik, sozietateen gaineko zergak (zergen % 8,4), eta, ekitaldi honetan, bilakaera negatiboa izan du, % 12koa; bestetik, udal-zergek, atzera egin baitute, baina ez hainbeste (–% 1).
Beste diru-sarrera arruntak –tasak, transferentziak eta ondare diru-sarrerak jasotzen dituzte, besteak beste– eragiketa arruntengatiko diru-sarrera guztien % 8,9 izan ziren, eta % 5,9ko igoera izan zuten.
Gastu arruntak direla eta, % 4ko igoera izan zuten. Igoera hori, nagusiki, pertsonalaren gastuen partidaren ondorioz gertatu zen; gastu osoen gainean % 20,5eko pisua du, kontuan hartuta horiek % 5,7 egin zutela gora, 2018aren aldean. Bilakaera positiboa izan dute, halaber. beste gastu arruntek; gastu osoaren % 31,5 izan ziren, eta % 4,2 egin zuten gora. Azkenik, transferentzia arruntek % 2,4 egin zuten gora.
Bestalde, inbertsio eta kapital-transferentzietako gastuak gastu osoaren % 9 izan ziren, eta % 7,9ko igoera erregistratu zuten, 2018aren aldean, alegia, 126 milioi gehiago.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62