2021/06/10eko prentsa-oharra
EZKONTZA-HAUSTUREN ESTATISTIKA. 2019. urtea
Euskal AEn 2019an 3.348 ezkontza desegin ziren, batez beste 15 urte inguruko harremanaren ondoren
Hausturen % 95,6 dibortzio zuzenak izan ziren
2019an 3.348 ezkontza hautsi ziren Euskal AEn, aurreko urtean baino 203 gutxiago, Eustatek landutako datuen arabera. Ezkontza haustura horien % 14,6 Araban izapidetu ziren, % 53,4 Bizkaian eta % 32 Gipuzkoan. Ezkontza-hausturatzat hartzen da ezkontza-aldiaren bukaera, deuseztasun, banantze edo dibortzio zuzenengatik, hau da, aurretiko legezko banantzerik gabeak.
Zuzeneko dibortzio guztietatik 2.625 elkarrekin adostutakoak izan ziren, eta 576 auzibidekoak; ondorioz, azken horiek % 17,5 murriztu ziren. Banantzeen kasuan, 128 bi aldeen adostasunezkoak izan ziren eta 18 auzibidekoak.
Ezkontza-hausturen % 66,6tan, bi ezkontideek batera aurkeztu zuten demanda; % 20,6tan emazteak eta soilik % 11,6tan, senarrak.
Hausturen % 35,6 ezkontzaren hamargarren urteurrena baino lehen gertatu ziren, eta % 29,2 20 urtez elkarrekin bizi ondoren. Banantzeen kasuan, ezkontzen % 57,5ek 15 urtetik gorako iraupena zuten. Zuzeneko dibortzioaren ondorioz desegindako ezkontzek, batez beste, 15 urteko iraupena zuten, eta 24 urtekoa legezko banantze baten ondoren desegindakoen artean.
Desegindako ezkontzen % 34,3tan ez zegoen adin txikiko seme-alabarik edo adin nagusiko menpekorik; % 52,4tan adin txikikoak besterik ez zeuden; % 4,9tan adin nagusiko menpeko ekonomikoak bakarrik; eta % 8,4tan adin txikikoak eta adin nagusiko menpekoak.
Euren kargura seme-alabak zituzten ezkontzen % 46,5etan mantenu-pentsioa aitari egokitu zitzaion, % 6,3tan amari eta % 47,2tan biei.
Adin txikiko seme-alaben zaintzari dagokionez, kasuen % 49,8tan partekatua izan zen, % 43tan amarena eta % 7tan aitarena.
Dibortzioak guztira 3.549 izan ziren 2019an
Dibortzioei dagokienez, 2019an 3.549 dibortzio izan ziren guztira; 348 kasutan legezko banantze bat zegoen aurretik eta 3.201 zuzeneko dibortzioak izan ziren.
Guztira dibortziatu ziren 3.508 bikote heterosexual eta 41 homosexual: 10 gizonezkoenak eta 31 emakumezkoenak.
Dibortzio heterosexualei dagokienez, kopuru handiena 40 eta 49 urte bitarteko adin-tartean gertatu zen, bai gizonen kasuan, bai emakumeen kasuan, eta dibortziatutako pertsona guztien % 39,1 eta % 41,2 izan ziren, hurrenez hurren. Dibortziatutako emakumeen batez besteko adina 46 urtekoa izan zen eta gizonena 48 urtekoa.
Ezkontideen nazionalitateari dagokionez, gizonen % 11 atzerritarrak ziren, eta emakumeen kasuan ehuneko bera ziren atzerritarrak.
Ezkontideen egoera zibilari erreparatuta, orain desegindako ezkontza egin zutenean, emazte ezkongabeak % 88,6 ziren, senar ezkongabeak baino zertxobait gutxiago (% 90,3)
Ezkontide gehienak Euskal AEn bizi ziren dibortzioaren egunean, eta gizonen % 3,5ek eta emakumeen % 3k Euskal AEtik kanpora zuten egoitza.
2019an 146 banantze eta ezkontza-deuseztasun bat izan ziren
2019an izandako 146 banantzeetatik % 87,7 bi aldeen adostasunez egin ziren eta % 12,3 auzibidez ebatzi ziren.
Banantzeen 144 bikote heterosexualenak izan ziren eta 2 bikote homosexualenak, bat gizonena eta bestea emakumeena. Banantze heterosexualetan, banandutako emakumeen batez besteko adina 48 urtekoa izan zen eta gizonena 51 urtekoa.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62