2021/08/24ko prentsa-oharra
INDUSTRIA PREZIOEN INDIZEA. 2021EKO UZTAILA
Euskal AEko industria-prezioak % 0,8 igo dira 2021eko uztailean aurreko hilaren aldean
2020ko uztailaren aldean, industriako prezioek % 7,6 egin dute gora, energiak (% 18,8) eta bitarteko ondasunek (% 9,0) gidatuta
Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko industria-prezioak % 0,8 igo dira 2021eko uztailean aurreko hilaren aldean. Uztaileko urte arteko tasa (azken hamabi hilabeteetan industria-prezioek izandako aldakuntza laburbiltzen duena) % 7,6koa izan da.
Azterketa xeheago batek agerian uzten du ezen 2021eko uztailean prezioetan hazkunderik handienak izan dituzten sektoreak honako hauek izan direla: Farmaziako produktuen fabrikazioa (% 3,0ko igoerarekin), Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 2,1) eta Kokeriak eta petrolioa fintzea (% 2,0). Aitzitik, hil artean prezioetan jaitsierak izan dituzten sektoreak hauek izan dira: Produktu informatiko, elektroniko eta optikoen fabrikazioa (% 3,9ko jaitsiera), Makineriaren eta ekipoen fabrikazioa (% 1,0ko jaitsiera) eta Erauzketa-industriak (% 0,5eko jaitsiera).
Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, prezioen aldaketak positiboak izan dira kasu guztietan, aurreko hilaren aldean. Nabarmentzekoa da Energiaren prezioak % 2,2 igo direla, Kontsumo-ondasun ez iraunkorrenak % 0,6 eta Bitarteko ondasunenak % 0,5. Kontsumo-ondasun iraunkorrek eta Ekipo-ondasunek % 0,3ko igoera izan dute.
Urte arteko terminoetan (2021eko uztaila, 2020ko uztailaren aldean), prezio-hazkunderik handienak adar hauetan izan dira: Kokeriak eta petrolioa fintzea (% 29,6ko igoera), Metalurgia eta produktu metalikoak (% 13,9ko igoera) eta Industria kimikoa (% 8,5eko igoera). Kontrako noranzkoan, jaitsi egin dira Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza (% 15,3ko jaitsiera prezioetan), Erauzketa-industriak (% 5,7 behera) eta Garraio-materialaren fabrikazioa (% 3,1 behera) sektoreetako prezioak.
Helburu ekonomikoaren araberako ondasun-talde handien prezioen urte arteko aldakuntza positiboa izan da Energian (% 18,8ko igoera), Bitarteko ondasunetan (% 9,0) eta Kontsumo-ondasunetan, oro har (% 2,9ko hazkundea), zeren Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioak % 2,9 igo baitira, eta Kontsumo-ondasun iraunkorrenak % 2,4. Aitzitik, urte arteko terminoetan, Ekipo-ondasunen prezioak % 0,3 jaitsi dira.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62