2021/07/09ko prentsa-oharra
EUSKAL INDUSTRIAREN PANORAMA. 2021
Industriaren BEGren % 32 maila teknologiko altuko edo ertain altuko sektoreek sortu zuten 2019an
Industria osoak 2019rako berrikuntza-jardueretan egindako gastua gastu osoaren % 35,8 izan zen
Euskal AEko industriak 2019an sortutako Balio Erantsi Gordinaren % 32,2 maila teknologiko altuko edo ertain altuko gisa katalogatutako jarduerei zegokien, eta ehuneko horrek, portzentajezko ia lau puntuko igoeraren ostean (3,8), azken hamar urteotako maximoa markatu du, Eustatek landutako Euskal Industriaren Panoramaren arabera.
Bestalde, industriak Euskal AEko ekonomia osoan duen pisu erlatiboa % 23,9koa da 2019an, eta nahiz eta 2010eko parte-hartzeari dagokionez puntu bat baino zertxobait gehiago egin duen atzera, oraindik ere Espainiak duen parte-hartzea baino handiagoa da nabarmen (% 16,1), bai eta Frantziarena (% 13,5) eta 28ko Europar Batasunarena baino handiagoa ere (% 18,8), eta Alemaniakoaren azpitik dago zertxobait (% 24,3).
Industriako balio erantsiak industria-jarduerako adar edo sektoreen artean duen portzentajezko banaketari dagokionez, metalgintzaren eta metalezko produktuen sektore klasikoaren pisua gailentzen da, Euskal AEko industriaren BEGren % 27,4rekin, bai eta garraio-materialaren sektorea ere, kasu honetan parte-hartzea % 11,9koa izanik.
Alde horretatik, Euskal AEko industriaren ezaugarri nabarmenenetako bat bere kontzentrazio sektorial handia da, azken urteotan nabarmen aldatu ez dena. Lehen aipatutako sektoreei energia elektrikoa, gasa eta lurruna eta makineria eta ekipamendua sektoreak batzen bazaizkie, emaitza da 2019an industriaren balio erantsiaren % 60,1 metatu zutela, 2010ean baino 3,2 puntu gehiago, bi urte horien artean gorabehera txiki batzuk izan ondoren.
Euskal AEko industriako establezimenduen batez besteko tamainari dagokionez, 16,4 langile zituzten, eta alde handiak daude sektore ezberdinen artean. Industria-establezimendu gehienek, % 83,9k, 20 langile baino gutxiago zituzten, eta enpleguaren % 21,3 zuten. Beste muturrean, establezimenduen % 0,7k, 250 langile baino gehiago zituztenek, enpleguaren % 25,8 zuten.
Lehiakortasunaren ikuspegitik, lan-kostu unitarioa lan-kostuak produktu-unitate bakoitzean duen eragina neurtzeko, hau da, lan-kostua eta produktibitatea aldagaien eragin bateratua neurtzeko, aukera ematen duen oinarrizko aldagaia da. Beste ekonomia batzuekin alderatuz aztertzen badugu, honakoa ondoriozta daiteke: Euskal AEko manufaktura-industriaren posizioa Espainiako ekonomiarena eta Europar Batasuneko batez bestekoarena baino lehiakorragoa zen bai 2009an, lan-kostu unitario baxuagoekin, bai 2018an, azken datu alderagarria izanik, lan-kostu unitarioak handiagoak izanda ere, eta, gainera, produktibitate handiagoa ere badu, eta horrek lehiakortasun erlatiboa igotzea dakar. Beste modu batera adierazita, 2009an Euskal AEko soldata-kostuek balio erantsian % 38 gehiago sortzen zuten, eta datu hori % 49,8ra igo zen 2018an, eta 2012an eta 2014an behera egin ondoren.
Euskal AEko industria enpresen beste ezaugarri azpimarragarri bat atzerrirako joera da. Hori argi eta garbi ikusten da esportaziorako duten joera handian (industriaren BPGrekiko industria-esportazioen proportzioaren arabera neurtuta). Adierazle hori % 156koa izan zen 2019an, eta esportaziorako joerarik handiena dutenak dira kokegintza eta petrolioa fintzeko sektorea (% 481) eta garraio-materialaren sektorea (% 404), eta, zertxobait urrunago, makinaria eta ekipamendua (% 191) eta material eta ekipamendu elektrikoa (% 158).
Atzerriko merkataritzarekin jarraituz, industriako esportazioen eta inportazioen urte arteko aldakuntza-tasak negatiboak izan ziren 2019an, eta esportazioetan beherakada % 1,2koa izan zen eta inportazioetan % 1,6koa, 2017an eta 2018an balioak positiboak izan ondoren. Inportazioen beherakada esportazioena baino handiagoa izatearen ondorioz industria-ondasunen merkataritza-saldoa (esportazioen balioaren eta inportazioenaren arteko aldea) 5.327 milioi eurokoa izan zen, 2018an baino 24 milioi gehiago.
Azkenik, Euskal Industriaren Panorama 2019 txostenak berrikuntza eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera ere aztertu ditu, lehiakortasuna hobetzeko eragile argiak diren aldetik. Industria osoan 2019rako berrikuntza-jardueretan egindako gastua Euskal AEn egindako gastu guztiaren % 35,8koa izan zen, eta garraio-materialaren sektorea izan zen adierazgarriena, industriako berrikuntza-gastura bideratutako hiru eurotatik ia bat (% 30,9) hartu baitzuen.
Euskal AEko jarduera-mota bakoitzaren pisuan elementurik adierazgarriena barne I+G da, eta industriak egindako gastu osoaren ia erdia, % 45,5, izan zen; ondoren kapital-gastuak daude, % 27,1ekin, eta, hirugarren lekuan, kanpoko I+Gra jotzea, % 19,4rekin.
Euskal AEko industrietan ezarpen zabala dute informazioaren eta komunikazioaren teknologiak izenekoek. Horrela, industria-establezimenduen % 96,8k dute ordenagailua, % 95,5ek dute posta elektronikoa, % 95,6k Internet, % 65,9k webgunea eta % 94,9k telefono mugikorra.
Internetek eskaintzen dituen aukera ugarien artean merkataritza elektronikoa egin ahal izatea dago. Azken urte honetan gora egin dute bai negozio-zifrek bai parte hartzen duten enpresen kopuruak, eta 10 langiletik gorako industria-establezimenduen % 34,1ek egin zituzten erosketak edo salmentak Internet bidez 2019an, eta 2018an, berriz, % 33,8 ziren.
Metodologia-oharra:
Industriaren Panorama hau 10 kapitulutan egituratu da. Lehenengo hiru kapituluek tokiko eta nazioarteko testuinguru makroekonomikoan kokatzen dute industria, industriaren ekoizpena aztertzen dute, eta ekonomiako sektoreen azterketa klasikoaren oinarrizko lehiakortasun-adierazleak berrikusten dituzte. Hurrengo kapituluetan, Euskal AEko industriaren merkatu-orientazioa aztertzen da, honako ikuspegi hauetatik: kanpo-merkataritza, landunen bilakaera eta ezaugarriak, eta inbertsioaren azterketa. Horrez gainera, gaur egungo garapen ekonomikoan giltzarri diren zenbait alderdi ere aztertzen dira: industria-sektorean berrikuntzaren aurrerapena, eta zer-nolako ezarpen-maila duten Euskal AEko industria enpresetan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek (IKT). Azkenik, amaiera emateko, enpresen dinamismoari erreparatzen zaio, eta ikuspuntu geografiko hurbilago batetik –hau da, eskualdeka– aztertzen da industria.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62