2021/09/27ko prentsa-oharra
EZKONTZEN ESTATISTIKA. I/2021
2021eko lehen hiruhilekoan 847 ezkontza izan ziren Euskal AEn, aurreko urtean baino % 8,4 gutxiago
Martxoan ezkontzak % 38,9 gehitu ziren
Eustatek landutako datuen arabera, 2021eko lehen hiruhilekoan, Euskal AEn 847 ezkontza izan ziren, aurreko urteko hiruhileko berean (925) baino % 8,4 gutxiago. Ezkontza guztietatik, 799 ezkontza heterosexualak izan ziren, eta 48 sexu bereko pertsonen artekoak (20 gizonen artean eta 28 emakumeen artean).
Urteko lehen hiruhilekoan, ezkontzen kopuru txikia izan ohi da nagusi. Oraindik pandemiaren ondorioen eraginpean dagoen 2021eko lehen hiruhileko honetan, urtarrilean 2020an baino % 14,7 ezkontza gutxiago izan ziren, eta otsailean, berriz, % 32,5 gutxiago; aitzitik, martxoan ezkontzak % 38,9 igo ziren 2020ko martxoarekin alderatuta, azken hilabete horretan hasi baitzen pandemia. Datuak 2019ko hilabete berdinekin alderatuz gero, urtarrilean ezkontzen kopurua % 25,1 igo zen, otsailean % 15,5 jaitsi ziren, eta martxoan % 36,1 jaitsi ziren.
Ohikoa den bezala, hiruhileko honetan ezkontza zibilen proportzio handia gertatu zen, ezkontza heterosexualen % 91,9, eta horiei sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak gehitu behar zaizkie, guztiak zibilak, eta horien guztizko ehunekoa % 97,6ra igo zen, hau da, aurreko urteko hiruhileko berean baino 4 hamarren gehiago.
2021eko lehen hiruhilekoan izaniko 847 ezkontzetan, Euskal AEn bizi ziren 808 gizon eta 816 emakume ezkondu ziren, eta gainerako ezkontideak kanpoan bizi ziren. 638 senarrentzat (% 79) lehen ezkontza izan zen; 7 alargun (% 0,9) eta 163 dibortziatu (% 20,2) berriro ezkondu ziren. Lehen aldiz ezkondu ziren emakumeen ehunekoa gizonenaren antzekoa izan zen, emakume ezkongabeak 644 izan baitziren (% 78,9); alargunak 8 izan ziren (% 1,0), eta dibortziatuak 164 (% 20,1).
Ezkontideen adinari behatuz gero, senarren artean, % 91,7k 30 urte edo gehiago zituzten; emazteen artean, berriz, ehuneko hori % 84,3ra jaitsi zen. Aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, proportzioa igo egin da, bai gizonen kasuan (% 90,3), bai emakumeenean (% 82,9).
Ezkontide atzerritarren ehunekoa jaitsi egin da
2021eko lehen hiruhilekoan, emakume ezkonberrien % 28,1ek eta gizon ezkonberrien % 18,4k atzerriko nazionalitatea zuten. Ehuneko horiek jaitsi egin dira 2020ko aldi berarekin alderatuta, bai emazteentzat, bai senarrentzat (% 29,6 eta % 20,2 izan ziren orduan, hurrenez hurren).
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62