2021/09/15eko prentsa-oharra
ZERBITZUEN KOIUNTURA INDIZEA. BESTE MERKATU-ZERBITZU BATZUK. II/2021
Euskadiko AEko Merkatuko zerbitzuen sektoreko salmentek urte arteko % 26,8ko igoera izan dute 2021eko bigarren hiruhilekoan
2021eko lehen seihilekoan, % 7,3ko hazkuntza izan dute
Euskadiko AEko Merkatuko beste zerbitzu batzuk sektorean salmentek % 26,8 egin dute gora 2021eko bigarren hiruhilekoan, 2020ko hiruhileko beraren aldean, prezio finkoetan eta egutegiko ondorioak alde batera utzi ondoren, Eustaten datuen arabera. Sektore horretan, Ostalaritza, Garraioa eta biltegiratzea, Informazioa eta komunikazioak eta Enpresentzako zerbitzu-jarduerak sektoreek eskainitako zerbitzuak sartzen dira. Aurten, orain arte, salmenten igoera metatua % 7,3koa izan da.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, prezio finkoetan eta urtaroko ondorioak alde batera utzi ondoren, salmentek % 1,5 egin dute gora, 2021eko bigarren hiruhilekoan.
Zerbitzuen sektorean, urte arteko salmenta errealen igoera (prezio finkoetan) orokortua izan da. Hazkuntza horretan buru dira Ostalaritza sektorea (% 81,1eko hazkuntza izan du) eta Garraioa eta biltegiratzea sektorea (% 34,3ko hazkuntza). Gainerako sektoreek ere hazkuntza esanguratsuak izan dituzte: Administrazio-jarduerak eta zerbitzu osagarriak sektorearen kasuan, hazkuntza % 17,7koa izan da; Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoak sektorearen kasuan, % 11,5ekoa, eta, azkenik, Informazioa eta komunikazioak sektorearen kasuan, % 6,2koa.
2021eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, era berean egiaztatzen da salmentek gora egin dutela sektore guztietan. Hala, Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoak sektorean % 3,9 handitu dira salmentak; Garraioa eta biltegiratzea sektorean, % 3,2; Ostalaritzan, % 2,4; Informazioa eta komunikazioak sektorean, % 2,2, eta, azkenik, Administrazio-jarduerak eta zerbitzu osagarriak sektorean, % 1,2.
Lurralde historikoen arabera, urte arteko igoera orokortua izan da. Araban, salmenta-indizea 2020ko bigarren hiruhilekoan izandakoa baino % 35,2 handiagoa izan da; Gipuzkoan, % 31,8 handiagoa eta, Bizkaian, urte arteko hazkuntza % 22,8koa izan da.
2021eko bigarren hiruhileko honetara arteko aldakuntza metatua dela eta, Araba da hazkuntzaren buru, % 11,7ko hazkuntza metatua izan baitu. Gipuzkoan, 2021eko bi hiruhilekoetan metatutako urte arteko aldakuntza % 9,0koa izan da, eta, Bizkaian, % 5,5ekoa.
2021eko lehen hiruhilekoaren aldean, salmentek Gipuzkoan % 2,7 egin dute gora eta Bizkaian, % 1,5. Araban, berriz, hiruhilekoen arteko % 1,5eko beherakada egon da.
Euskadiko AEko Merkatuko zerbitzuetan lanean ari den pertsonalaren indizea % 1,3 handitu da urte arteko aldian. Aurreko hiruhilekoaren aldean, hazkuntza % 0,9koa izan da.
INFORMAZIO-OHARRA
Indize ekonomiko koiuntural honetan eta beste batzuetan kontuan hartutako enplegatuen artean, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientepean dauden pertsonak daude, Europar Batasuneko Bulego Estatistikoak (Eurostat) enplegatuaren inguruan Methodology of Short Term Business Statistics eskuliburuan jaso duen definizioari jarraikiz.
Egutegiaren eraginak zuzentzeko eta serieak urtaro-eraginik gabe uzteko erabilitako ereduek COVID-19ak aztertutako aldagaien gainean izandako eragina barne hartzen dute, Europar Batasuneko Bulego Estatistikoak (Eurostat) Guidance on Time Series Treatment in the context of the COVID-19 crisis ohar metodologikoan emandako gomendioei jarraikiz.
Eustat-ek eskerrak eman nahi dizkie elkarlanean jardun duten establezimendu guztiei, egin duten ahaleginagatik, egoerak ezohikoak izan badira ere. Haiei esker, bigarren hiruhilekoko indizea % 95,86ko babesarekin kalkulatu da.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62