2021/08/31ko prentsa-oharra
GOI TEKNOLOGIAKO SEKTOREAREN ESTATISTIKA. 2019
Goi eta erdi-goi teknologiako sektoreak ekonomiaren balio erantsiaren % 8,8 sortu zuen Euskal AEn 2019an
Sektore horrek 4.927 enpresa eta 94.777 lanpostu biltzen ditu
Eustatek landutako datuen arabera, goi eta erdi-goi teknologiako sektoreak ekonomiaren balio erantsi gordin osoaren % 8,8 sortu zuen Euskal AEn 2019an. Oinarri teknologiko sendoa duten eta ezagutzak bizkor berritzen dituzten jarduerak biltzen dituen sektore horrek 94.777 lanpostu sortu zituen, guztien % 8,6. Jarduera horiek 4.927 enpresatan egin ziren, eta 22.430,2 milioi euro fakturatu zituzten.
Espainiarekin alderatuta, Euskal AEko goi eta erdi-goi teknologiako sektoreak enpresen % 5,5 biltzen ditu, eta BEGren % 8,3 sortu zuen. Goi eta erdi-goi teknologiako sektoreak manufaktura-industrian du pisurik handiena, eta enpresen % 7,2 eta balio erantsiaren % 11 biltzen ditu.
Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, gora egin dute bai enpresen kopuruak (+% 0,9) bai lanpostuen kopuruak (+% 1,4). Horrela, 2019an 19,2 landun zeuden jarduera horretan diharduten enpresetan, aurreko urtean baino gehiago (19,1). Bestalde, negozio-zifra % 5,1 igo zen eta balio erantsia % 3,4.
2019an sektore horrek I+Gko enpresako barne-gastu osoaren % 72,0 egikaritu zuen eta I+G egin zuten enpresen % 44,3 bildu zuen.
Goi eta erdi-goi teknologiako sektorean, enpresen % 12,5ek I+Gko jarduerak egiten dituzte, eta ehuneko hori sektore guztietarako dena (% 1,0) baino askoz ere handiagoa da. Gainera, sektore horrek, enpresa guztien % 3,3 hartzen dituela kontuan hartuta, enpresa-sektorean I+G egiten dutenen % 44,3 biltzen ditu eta, 812,9 milioi eurorekin, enpresa-sektoreak I+Gn egindako barne-gastu osoaren % 72,0 egikaritzen du.
Sektore horretan I+Gra bideratutako langileei dagokienez, 2019an 9.503 enplegatu izan ziren “dedikazio osoko baliokidetzan”, enpresa-sektoreak I+Gra bideratzen dituen langileen % 68,3, edo % 48,4 sektore guztiek jarduera horietara bideratzen dituztenekin alderatuz gero. Emakumeak, 3.083, % 32,4 ziren. Dedikazio osoko baliokidetzan ziharduten langile guztietatik 6.159 ikertzaileen kategoriakoak ziren, eta emakumeak 2.014 ziren, % 32,7.
Berrikuntzari dagokionez, I+Gn gertatzen den bezala, alde nabarmenak daude sektore guztien eta goi eta erdi-goi teknologiako sektoreen artean. Horrela, 2019an sektoreko establezimenduen % 45,4 berritzaileak izan ziren, eta sektore guztietan % 18,2 izan ziren. 10 langile edo gehiagoko establezimenduetan ehuneko horiek % 67,8ra iritsi ziren lehenengo kasuan, eta % 30,8ra bigarrenean.
2019an goi eta erdi-goi teknologiako establezimenduek 1.516 milioi euro bideratu zituzten berrikuntza-jardueretara, sektore guztien guztizko gastuaren % 52,4. Gastu horretatik 1.381 milioi 10 langile edo gehiagoko establezimenduei dagozkie, hau da, tamaina horretako enpresek jarduera horretan gastatutako guztizkoaren % 56,4.
I+G-b-rako baliabideen proportzioa eta sektore horretako merkataritza elektronikoa sektore guztien batezbestekoa baino handiagoak izan ziren
Agerikoa da, halaber, goi eta erdi-goi teknologiako sektoreak gainerako sektoreek baino baliabide-proportzio handiagoa bideratu zuela I+G-b-ra, “berrikuntzako” eta “barneko I+G-ko” intentsitate-ratioak ikusita; hau da, sektore horrek gastura bideratzen dituen zifrak, bai berrikuntzan bai I+Gn, negozio-zifraren aldean. Zehazki, berrikuntzaren intentsitatea sektore horretan % 5,78koa da, eta sektore ekonomikoen guztizkoan % 1,59koa. Barneko I+Gren kasuan ratioa % 3,36 da sektorean eta % 0,81ekoa guztizkoan.
Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien (IKT) eta merkataritza elektronikoaren erabilera sektoreen guztizkoan baino hedatuagoa dago sektore honetako enpresetan. 2019an sektore horretako establezimenduen % 50,9k erosketa elektronikoak egin zituzten, eta sektoreen guztizkoan, aldiz, % 24,7k. Era berean, teknologiako sektoreko establezimenduen % 15,6k egin zituzten salmenta elektronikoak, eta sektoreen guztizkoaren kasuan, aldiz, % 7,0k. Horren ondorioz, “merkataritza elektronikotzat” hartzen duguna % 53,8 da goi edo erdi-goi teknologiako sektoreko establezimenduetan, eta establezimendu guztietarako % 27,1ekoa da merkataritza mota hori.
Bestalde, sektore horrek ondasunen kanpo-merkataritzan duen eragina ez da bereziki esanguratsua. Esportazioak 858,4 milioi euro izan ziren, guztizko 25.485,8 milioien aldean; inportazioak 741,7 milioi izan ziren, inportaturiko guztizko 20.158,7 milioietatik. Kopuru horiek esportazio eta inportazio guztien % 3,4 eta % 3,7 dira, hurrenez hurren.
Truke horietan ohikoenak diren produktuen artean eta esportazioetarako, honako hauek nabarmentzen dira: “Makineria eta tresneria mekanikoa” (% 39,7), “Aireontziak eta espaziontziak egitea” (% 18,9) eta “Material elektronikoa, irrati, telebista eta komunikazioetako ekipo eta aparatuak” (% 14,5). Inportazioetan nabarmentzekoak dira “Material elektronikoa, irrati, telebista eta komunikazioetako ekipo eta aparatuak” (% 41,1), “Lanabes zientifikoak” (% 18,6) eta “Aireontziak eta espaziontziak egitea” (% 13,8).
Goi eta erdi-goi teknologiako sektorearen negozio-zifra % 28,1 igo da 2010etik
Denbora-ikuspegi zabalago batetik, 2010etik sektore honen tamainak etengabe egin du gora azken bost urteotan, hau da, 2015etik.
Horrela, sektorearen negozio-zifra 16.800 milioi eurotik gorakoa da 2010etik, 2018an 21.300 milioi gaindituta, eta 2019an 22.430 milioiko errekorrera iritsi da, hau da, 4.918 milioi euro gehiago 2010aren aldean, % 28,1 gehiago.
Aldi berean, goi eta erdi-goi teknologiako enpresetako enplegatuen guztizko kopuruan 3.263 enplegatu gehiago daude, eta 2011tik 2017ra 90.000tik behera zeuden. Hala ere, azterketa honen azken urteko guztizko kopurua 94.777 enplegatura iritsi da, 2010ean erregistratutakoa baino % 3,6 gehiago.
Era berean, azken 10 urteotan goi eta erdi-goi teknologiako enpresen kopurua 4.600eko atalasearen gainetik mantendu da, Euskadiko enpresa guztien % 3 inguruko ehunekoarekin, 2010ean % 2,9 izatetik 2019ean % 3,3 izatera igarota. Ikusten denez, portzentajezko hazkunde txiki bat izan da, eta 2010ean baino 97 enpresa gehiago daude sektorean.
Azkenik, balio erantsi gordinak 904 milioiko igoera izan du 2010. urtearekin alderatuta. Urte horretatik aurrera 5.700 milioitik gora mantendu da, eta 2019an beste errekor bat lortu du, 7.011 milioi eurokoa (2010ean baino % 14,8 gehiago).
Metodologia-oharra:
Goi-teknologian sartzen diren sektoreak dira: duten konplexutasun-mailagatik ikerkuntzan etengabeko ahalegina eta oinarri teknologiko sendoa behar dutenak. Sektore honek biltzen dituen jarduerak, 2009 EJSNren arabera, hemen daude jasota: Web Eustat. Ficha metodológica: Estadística del sector de alta tecnología
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62