2021/09/21eko prentsa-oharra
HERIOTZEN ESTATISTIKA. I/2021
Heriotzak % 8,2 jaitsi dira 2021eko lehen hiruhilekoan Euskal AEn
Heriotzen % 13,5 COVID-19ak eragin zituen
Eustatek landutako datuen arabera, 2021eko lehen hiruhilekoan 5.990 pertsona hil ziren Euskal AEn, aurreko urteko aldi berean baino % 8,2 gutxiago. Aurreko urteetako datuekin alderatuz gero, ikusten dugu ezen 2021eko martxoan 2020an eta 2018an baino heriotza gutxiago izan zirela, eta 2010-2019ko batezbestekoa baino gutxiago.
Hiru lurraldeetan jaitsi ziren heriotzak, baina Araban bereziki aipagarria izan zen jaitsiera: % 21,3, 761 pertsona. Bizkaian % 8,5 gutxitu zen heriotzen kopurua, 3.277 hildakorekin, eta Gipuzkoan % 1,2, 1.952 hildakorekin. Sexuen arabera, 3.010 gizon eta 2.980 emakume hil ziren; hau da, % 7,2 gutxitu ziren gizonen heriotzak eta % 9,1 emakumeenak.
Lehenengo hiruhilekoan izandako heriotzen artean, 10 heriotza urtebetetik beherakoenak izan ziren (% 0,2) eta 97 heriotza ehun urtetik gorakoenak (% 1,7).
Heriotza-kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren, 1.472 eta 1.462 heriotza eragin baitzituzten, hurrenez hurren; bien artean heriotzen % 49 izan ziren. Hirugarren heriotza-kausa COVID-19a izan zen, 811 kasurekin (% 13,5). Arnas-arrazoiengatiko heriotzak laugarren heriotza-kausa izan ziren, 319 heriotzarekin (% 5,3). Nerbio-sistemako gaixotasunek eragindako heriotzak 311 (% 5,2) izan ziren, eta digestio-sistemako gaixotasunek eragindakoak 255 (% 4,3).
Heriotzen kausak desberdinak izan ziren oraindik ere sexuaren arabera: gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino; emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia zirkulazio-aparatuko gaixotasunak izan ziren, eta tumoreak bigarren.
Euskal AEko hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen 2021eko lehen hiruhilekoan, 2.692 pertsona gutxiagorekin. Hiru lurraldeetan galdu da biztanlerik: Bizkaian 1.665 pertsona, Gipuzkoan 819 eta Araban 208.
COVID-19aren ondoriozko heriotzak 811 izan ziren 2021eko lehen hiruhilekoan
COVID-19ak 811 heriotza eragin zituen, 2 taldetan sailkatuak: 785 COVID-19 egiaztatuaren ondorioz eta 26 COVID-19 probablearen ondorioz; gainera, beste 62 heriotzatan COVID-19a heriotza-kausa ziurtatuen artean egon zen, baina funtsezko kausa izan gabe.
Lurraldeka, zifrarik handiena Bizkaiari dagokio (476), gero Gipuzkoari (225) eta, azkenik, Arabari (110). Hiriburuei dagokienez, Bilbo nabarmentzen da, COVID-19ak eragindako 199 heriotzarekin; ondoren Gasteiz dator, 88 heriotzarekin, eta azkenik Donostia, 64 heriotzarekin. Aipatzekoak dira, halaber, beste udalerri batzuk, nola Getxo (38) eta Barakaldo (29).
Gizonen heriotzen kopurua (444) emakumeena (367) baino handiagoa izan zen; adinen arabera, berriz, eragin handiena jasan zuten taldeak 80 urtetik gorakoak izan ziren (548), eta, ondoren, 60-79 urtekoen taldea (236).
Heriotza gehienak Euskal AEko ospitaleetan gertatu ziren, % 83rekin (% 81,4 2020ko lehen hiruhilekoan); ondoren, egoitza soziosanitarioetan, % 8,8rekin (%11 2020ko lehen hiruhilekoan), etxeetan, % 7,6rekin (% 7,6 2020ko lehen hiruhilekoan), eta beste leku batzuetan, % 0,6rekin (% 0 2020ko lehen hiruhilekoan).
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62