2021/10/28ko prentsa-oharra
EUROPAKO BERRIKUNTZAKO ADIERAZLEEN PANELA (EIS). 2021
Euskal AEk EB-27ren batezbestekoa gainditu du eta 2021ean Europako herrialde ‘berritzaile sendo'en taldearen mailan finkatu du bere postua
Giza baliabideak, Ikerketa-sistema erakargarriak, Informazio-teknologien erabilerak eta Lankidetzak dimentsioetan nabarmentzen da gehien Euskal AE
European Innovation Scoreboard–Europako Berrikuntzako Adierazleen Panelak –EIS 2021– 0,587ko balioa du Euskal AEn, EB-27ren batezbestekoa (0,526) baino puntuazio altuagoa, Eustaten datuen arabera.
Datu horrek erakusten du Euskal AE herrialde berritzaile sendoen taldearen maila berean dagoela; izan ere, EB-27k erregistratutakoaren % 100 eta % 125 bitarteko batezbestekoa lortu du; zehazki, % 111,7. Bestalde, Espainia herrialde berritzaile moderatuen artean dago, 0,449 balioa eskuratu baitu, eta Europako batezbestekoaren % 85,3.
Europako Berrikuntzako Adierazleen Panelak –EIS 2021– herrialdeetako ekonomiak berrikuntza-jarduerak garatzeko zenbateko gaitasuna duten eta zer mailatan garatzen duten neurtzen du. EB-17ko herrialdeek, eskuratutako puntuazioaren eta Europako batezbestekoarekin alderatuta duten egoeraren arabera, lau kategoriatan taldekatzen dira.
EISa etengabe berrikusten ari den adierazleen panela da. Urtero, aldakuntzak daude bai hura eratzen duten adierazleetan, bai hura kalkulatzeko formulan. Aldaketa horiek direla eta, ezin dira aurreko urteetan eginiko EISekin erkaketak egin. EIS bakoitzean zortzi urtetarako datuak ematen dira, 2014-2021 EIS 2021en kasuan, 2021ean eskuragarri dauden azken datuak erabili direla.
Lehen kategorian, berrikuntzan lider diren herrialdeen kategorian, Europar Batasunaren batezbestekoaren % 125etik gorako puntuazioa lortzen duten herrialdeak daude, honako hauek, zehazki: Suedia (0,731), Finlandia (0,708), Danimarka (0,689) eta Belgika (0,671), baina Europan Suitzak (0,759) du abangoardia berritzailearen postua.
Bigarren taldean, herrialde berritzaile sendoen taldean, batezbestekoaren % 100 eta % 125 bitarteko puntuazioa lortzen dutenak daude. Kasu honetan, puntuazio gehienetik gutxienerako hurrenkerari jarraikiz, honako hauek daude: Herbehereak (0,647), Alemania (0,645), Luxenburgo (0,638), Austria (0,625), Estonia (0,600), Frantzia (0,572) eta Irlanda (0,567). Euskal AE, 0,587ko puntuazioa duenez, talde horren mailan dago, Estonia eta Frantziaren artean, EB-27ren batezbestekoaren % 111,7ko puntuazioa baitu.
2021eko EISen arabera, Euskal AE, azken zortzi urteotan –2014-2021–, 0,523ko puntuazioa izatetik 0,587koa izatera igaro da, baina balorazio horrek EB-27ren batezbestekoaren gainean dakarrena ez da ia aldatzen: % 111,8ko puntuazioa 2014an eta % 111,7koa 2021ean.
Jarraian, hirugarren taldean, herrialde berritzaile moderatuenean (batez bestekoaren % 70 eta % 100 bitartean), honako hauek daude: Italia, Txipre, Malta, Eslovenia, Espainia, Txekiar Errepublika, Lituania, Portugal eta Grezia; 0,505 (Italia) eta 0,414 (Grezia) bitarteko puntuazioa dute.
Azkenik, laugarren taldean, gorabidean dauden herrialde berritzaileen taldean (batez bestekoaren % 70 baino gutxiago), honako hauek daude: Kroazia, Hungaria, Eslovakia, Polonia, Lituania, Bulgaria eta Errumania; 0,366 puntu eta 0,164 puntu bitartean dituzte.
Esan behar da Europako Berrikuntzako Adierazleen Panela –EIS 2021– lau jarduera mota nagusitan edo bloketan egituratzen dela, eta haiek berrikuntzako 12 dimentsio eta guztira 32 adierazle jasotzen dituztela.
Hori horrela, Euskal AE gailendu egiten da Europako batezbestekoaren aldean hiru bloketan: ‘ESPARRU-BALDINTZAK’, ‘INBERTSIOAK’ eta ‘INPAKTUAK’. Aztertu egingo ditugu:
Lehen blokean, ‘ESPARRU-BALDINTZAK’ delakoan (enpresetatik kanpoko berrikuntzaren inguruko emaitzen eragile nagusiak neurtzen dituzte), Euskal AEk 0,66 puntu lortu ditu, eta 0,50 EBk; gainera, gure Erkidegoak Europako batezbestekoa baino puntuazio hobea lortu du hura osatzen duten hiru dimentsioetan: ‘Giza baliabideak’, ‘Ikerketa-sistema erakargarriak’ eta ‘Digitalizazioa’.
'Giza baliabideak' dimentsioan kualifikazio handiko eta berrikuntzarako funtsezko elementu gisa bideratutako lanerako indarraren erabilgarritasuna neurtzen da. Dimentsio hori osatzen duten hiru adierazleetako bi nabarmentzen dira Europako batezbestekoarekin alderatuta: ‘25 eta 34 urte bitartean zientzian eta teknologian graduatutako doktore berriak’ milako 1,26ra iristen dira EAEn, eta EB-27n, berriz, milako 0,80 dira; eta ‘Hirugarren mailako hezkuntza duten 25 eta 34 urte bitarteko biztanleen ehunekoa’ % 50,4ra iristen da, baina Europar Batasuneko batezbestekoa, berriz, % 39,4an da. Dimentsio horretako hirugarren adierazlean, ‘Etengabeko ikaskuntzan parte hartzen duten 25-64 urteko biztanleen ehunekoa’, erkidegoan lortutako balioa, % 10,5, EB-27koa baino txikiagoa da, % 10,8.
'Ikerketa-sistema erakargarriak' dimentsioak sare zientifikoaren nazioarteko lehiakortasuna neurtzen du; hori ere hiru adierazlek osatzen dute, eta hiruretan Euskal AE nabarmentzen da EB-27ren aldean. Hala, ‘Milioi biztanleko nazioarteko lankidetzan oinarrituta eginiko argitalpen zientifikoen’ kopurua 1.884 da Euskal AEn, eta Europan, berriz, 1.204. ‘Nazioartean gehien aipatutakoen % 10en arteko argitalpen zientifikoen’ ehunekoan (bikainak deituak), Euskal AErako balioa % 11,17 da, eta % 9,88 EB-27n, eta, azkenik, ‘Atzerriko doktoreak herrialdeko doktore-kopuru osoaren portzentaje gisa’ deritzonean, Euskal AEk % 31,60 lortu du, eta EB-27k, % 18,73.
Aztertutako lehen blokearen hirugarren dimentsioa ‘Digitalizazioa’ da, eta teknologia digitalaren maila neurtzen du. Bi adierazle biltzen ditu, eta Euskal AE bietan nabarmentzen da. 'Banda zabalaren penetrazioa' atalean, % 34,0rekin, eta, EB-27n, % 23,0. Bereziki esanguratsua da adierazle horren bilakaera; izan ere, 2014an % 6,4 zen, eta EB-27n, % 10. Halaber, ‘Batezbestekoak baino trebetasun digital gehiago dituzten pertsonen’ adierazlean, erkidegoak % 33,7ko puntuazioa du, eta, hala, Europar Batasunarena gainditzen du (% 31,0).
'INBERTSIOAK' bigarren blokea da, eta, bertan, ikerketako eta berrikuntzako inbertsio publikoa eta pribatua neurtzen da; Euskal AEk 0,65 puntu lortu ditu, Europako batezbestekoa baino (0,56) puntuazio hobea. Hiru dimentsio aztertzen dira: ‘Finantzaketa eta laguntza’, ‘Enpresen inbertsioa’ eta ‘Informazio-teknologien erabilera’. Hiru horietan, Euskadik EBk baino puntuazio hobea lortu du.
‘Finantzaketa eta laguntza’ dimentsioan, berrikuntza-proiektuetarako dagoen finantzaketa eta ikerketa- eta berrikuntza-jardueretarako gobernuen laguntza neurtzen dira. Dimentsio horretan, hiru adierazle daude. Bik puntuazio baxuagoa dute erkidegoan: ‘Gastu publikoa I+Gn (BPGren gaineko %)’, % 0,69 autonomia-erkidegoan eta % 0,73 EBn, eta ‘Inbertsioa arrisku-kapitalean (BPGren gaineko %)’, % 0,07 Euskadin eta % 0,14 Europan. Hala ere, dimentsio horren hirugarren adierazlean, ‘I+Gn inbertitzen duten enpresentzako zuzeneko finantzaketaren eta ezarpen-laguntzaren inguruko politika publikoak’ delakoan, Euskal AEn 0,30, EBren aurretik (0,16).
‘Enpresen inbertsioa’. Dimentsio horrek enpresek berrikuntza sortzeko egiten dituzten I+Gko eta I+Gkoak ez diren inbertsioko hiru adierazle hartzen ditu barne. Lehen bietan, ‘Enpresa-sektorearen I+Garen inguruko gastua BPGren % gisa’ eta ‘I+G gabeko berrikuntzako gastua (negozio-zifraren gaineko %)’, Europar Batasuna erkidegoaren aurretik dago: % 1,46 eta % 1,40, eta % 0,90 eta % 0,64, hurrenez hurren. Hirugarrenean, ‘Enplegatu bakoitzeko berrikuntzako gastua enpresa berritzaileetan’ delakoan, Euskadik Europa gainditzen du: 11.004€ eta 7.484€, hurrenez hurren.
‘Informazio-teknologien erabilera’. Dimentsio horrek informazio-teknologien erabilera hartzen du, bi adierazleren bidez. Lehenengoan, ‘Enplegatuei IKTen inguruko prestakuntza ematen dieten enpresak’ delakoan, Euskadik EB gainditzen du: 37,9 eta 20,0, hurrenez hurren. Bigarrenean, ‘IKTetako enplegatu espezialistak’ delakoan, EBk gainditzen du Euskal AE: 3,9 eta 3,4, hurrenez hurren.
Laugarren blokeak, adierazleen panelari jarraikiz, ‘INPAKTUAK’ delakoak (enpresen jarduera berritzaileen ondorioak jasotzen ditu), Euskal AEk puntuazio hobea lortu du (0,59) Europako batezbestekoak baino (0,57). Hartan, hiru dimentsio aztertzen dira: 'Inpaktuak Enpleguan', 'Inpaktuak salmentetan' eta ‘Ingurumen-jasangarritasuna’.
Lehenengoak, 'Inpaktuak Enpleguan', berrikuntzak enpleguan izan duen arrakasta ekonomikoa jasotzen du, eta bi adierazle biltzen ditu: 'Enplegua ezagutza intentsiboko jardueretan (enplegatu guztien %)', % 12,7 Euskal AEn eta % 13,9 Europan, eta 'Enplegua enpresa berritzaileetan', non Euskal AEk, % 61,03rekin, Europa (% 56,93) gainditzen baitu.
Bigarrenak, 'Inpaktuak salmentetan', berrikuntzako jardueren ondoriozko salmenten arrakasta ekonomikoa ebaluatzen du, eta hiru adierazle biltzen ditu, bitan Europa gailentzen da eta batean, Euskadi. 'Teknologia ertain eta handiko produktuen esportazioak (esportazio guztien %)', 55,35 Euskal AEn eta 57,13 EB-27n, 'Ezagutza-maila handiko zerbitzuen esportazioak (zerbitzuen esportazio guztien %)', 40,18 gure erkidegoan eta 67,27 EB-27n, eta 'Merkatuarentzako eta enpresentzako produktu berritzaile berrien salmentak, negozio-zifraren ehuneko gisa', non altuagoa baita Erkidegoaren datua (% 14,91) Europakoa baino (% 11,60).
Hirugarrenak, ‘Ingurumen-jasangarritasunak’, ingurumeneko inpaktu negatiboa murrizteko hobekuntzak jasotzen ditu, eta hiru adierazle biltzen ditu: ‘Baliabideen produktibitatea’, 2,95 Euskadin eta 2,20 EB-27n; ‘Industriako PM2.5 partikulen emisioak’, antzeko datuarekin aztertutako bi espazioetan (0,075), eta ‘Ingurumenerako teknologien garapena’.
Adierazleen panelari jarraikiz, hirugarren blokea dela eta, ‘BERRIKUNTZAKO JARDUERAK’ (enpresen mailan berrikuntzako ahaleginak erakusten dituzte), Euskal AEk Europako batezbestekoa baino puntuazio baxuagoa izan du, 0,43 eta 0,48, hurrenez hurren. Hala ere, bloke horrek biltzen dituen hiru dimentsioetatik, ‘Berritzaileak’, ‘Lankidetzak’ eta ‘Ezagutza-aktiboak’ direlakoetatik, bigarrenean autonomia-erkidegoak aurrea hartzen dio EB-27ri (0,65 eta 0,45 puntu, hurrenez hurren).
European Innovation Scoreboard, EIS 2021
https://ec.europa.eu/info/research-and-innovation/statistics/performance-indicators/european-innovation-scoreboard_es
Berrikuntzako Adierazleen Panela –EIS 2021–, Euskal Autonomia Erkidegoa
https://www.eustat.eus/indicadores/ambito_99/temaseleccionado_45/indicadoresEstruc.html
Argibideetarako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62