2021/12/13ko prentsa-oharra
BIZTANLERIAREN ETA ETXEBIZITZEN ZENTSUAK. 2021
Euskal AEn bizi diren atzerritarren kopuruak gora egin du, eta ia 25.000 gehiago dira, 2016aren eta 2021aren artean
Baina, azken urtean, erkidego honetan atzerriko nazionalitatea duten biztanleen kopurua murriztu egin da, ia 2.000 gutxiago dira
Euskal AEn 182.849 pertsonak dute atzerriko nazionalitatea, biztanleria osoaren % 8,1ek, 2021eko urtarrilaren 1ean, Eustatek emandako datuen arabera. Euskal AEn bizi diren atzerritarren kopuruak gora egin du 2016tik, 25.000 gehiago baitira, baina, 2021ean, behera egin du kopuru horrek, eta 2.000 inguru gutxiago dira.
Atzerritarren ehunekoa aldatu egiten da lurralde batetik bestera: Arabak du proportzio handiena, % 9,7 (2016an baino 6 hamarren gehiago); ondoren, Gipuzkoak, % 8,5 (1,1 puntu gehiago), eta, azkenik, Bizkaiak, % 7,9 (1,3 puntu gehiago).
Ameriketako herrialdeen nazionalitatea da ohikoena Euskal AEn bizi diren atzerritarren artean
Nazionalitatearen kontinentea kontuan hartzen badugu, Ameriketako herrialdeetako pertsonak atzerriko nazionalitatea dutenen % 40,7 dira. Ehunekoak gora egin du, 2016arekin alderatuta; urte hartan, Ameriketako herrialderen bateko nazionalitatea duten pertsonak atzerritarren kolektibo osoaren % 37,2 ziren. Talde horretan, Kolonbia eta Nikaragua nabarmentzen dira, Ameriketako kontinenteko herrialderen bateko nazionalitatea duten pertsonen % 37,4 baitira. Emakumeak 2021ean Ameriketako nazionalitatea duten bizilagunen % 60,5 dira; ehuneko hori 2016koa baino baxuagoa da, orduan % 63,2koa baitzen.
Europako nazionalitatea izan eta Euskal AEn bizi direnak % 23,9 dira. Talde horretan honako hauek nabarmentzen dira: Errumania, Europako herrialde bateko nazionalitatea duten pertsona guztien % 43,7 baita, eta, ondoren, Portugal, Euskal AEn Europako nazionalitatea duten pertsona guztien % 14,9. Kolektibo horretan, bi sexuek dute antzeko pisua, baina gizonen ehunekoa pixka bat handiagoa da (% 52,3).
Afrikako herrialdeak Euskal AEko atzerritarren % 27 dira, eta erdia baino gehiago Marokokoak dira (% 53,4). Sexuaren araberako banaketa aintzat hartzen badugu, gizonak nagusitzen direla ikusten da, kopuru osoaren % 61,2.
Azken lekuan, Asiako eta Ozeaniako nazionalitateren bat duten pertsonak daude, bertan bizi diren atzerritarren % 8,4; eta nabarmentzekoa da presente dauden ia herrialde bakarrak Txina eta Pakistan direla, taldearen % 75,3 baitira.
Lurralde historikoan oinarritzen bagara, Araban Afrikako nazionalitatea duten pertsonak kolektibo nagusia dira atzerritarren artean (% 39,8), eta, Bizkaian eta Gipuzkoan, Ameriketako nazionalitatea dutenak (% 45 eta % 39,2, hurrenez hurren).
EuskaLo AEn bizi den biztanleria atzerritarra gazteagoa da Espainiako nazionalitatea duen biztanleria baino
Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen batez besteko adina 32,9 urte da EuskaL AEn. Zifra hori Espainiako nazionalitatea duten bizilagunen 46,5 urteak baino nabarmen txikiagoa da; euskal herritarren batez besteko adina 45,3 urte da. 2016an, 44,4 urte ziren euskal herritar guztien batez bestekoa; 32,2 urte, atzerritarren kolektiboaren kasuan, eta 45,4, gainerakoen kasuan.
Bestalde, nazionalitateari begiratu beharrean, kontuan hartzen duguna jaioterria bada, adinaren batez bestekoan ere alde esanguratsuak daude, leku hori Euskal Autonomia Erkidegoa izan, beste autonomia-erkidego bat izan edo atzerria izan aintzat hartuta. Biztanleria zaharkituena, alde handiarekin, erkidegoan bizi eta Estatuaren gainerakoan jaio dena da; hark, batez beste, 64,8 urte ditu. Ondoren, EuskaL AEn jaiotako biztanleria dago, 41,8 urterekin batez beste, eta, azkenik, atzerrian jaiotako pertsonak, 37,7 urteko batez bestekoarekin.
246.000 pertsona baino gehiago dira atzerrian jaio direnak
2021eko urtarrilaren 1ean, 246.718 ziren atzerrian jaiotako biztanleak; alegia, biztanleria osoaren % 11,2. Horrek esan nahi du ehuneko bi puntu areagotu dela azken bost urteotan (% 9,1 zen 2016an).
Iturria: Eustat. Biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuak
Hiru hiriburuek atzerrian jaiotako biztanleetan Euskal AEk baino ehuneko handiagoak dituzte; Vitoria-Gasteizek du proportzio handiena (% 14,4), gero Bilbok (% 13,7) eta, azkenik, Donostiak (% 12,3).
Euskal AEri biztanle kopuru handiena ematen dioten herrialdeak honako hauek dira: Maroko (% 11,4), Kolonbia (% 10,9), Errumania (% 6,4) eta Nikaragua (% 6,1). Haietatik, % 52,6 emakumeak dira eta % 47,4, gizonak.
Atzerrian jaio diren 82.000 bizilagunek Espainiako nazionalitatea dute
2021eko urtarrilaren 1ean, Euskal AEko 82.040 bizilagunek Espainiako nazionalitatea eskuratu dute edo jatorriz zeukaten, familia-kontuak edo bestelakoak direla eta. Kopuru horretatik, % 67,1 Ameriketako kontinentetik dator, eta, haietatik, hiru herrialdetatik % 50: Kolonbia (% 23,9), Bolivia (% 12,4) eta Ekuador (% 12,3).
Jarraian, Europako beste herrialde batzuetan jaio direnak daude (% 15,5); haietatik, heren bat ia Frantzian jaio da, % 14,6 Portugalen eta % 11,4 Alemanian.
Espainiako nazionalitatea eskuratu dutenen % 13,6 Afrikako herrialdeetatik datoz eta, haietatik, erdia baino gehiago Marokon jaio dira (% 54,2), eta, ondoren, Aljerian (% 14,5).
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62