2021/11/24ko prentsa-oharra
HERIOTZEN ESTATISTIKA. 2021/II
Heriotzak % 10,8 jaitsi dira Euskal AEn 2021eko bigarren hiruhilekoan
Heriotzen % 5,9 COVID-19ak eragin zituen
Eustatek landutako datuen arabera, 2021eko bigarren hiruhilekoan 5.415 pertsona hil ziren Euskal AEn, aurreko urteko aldi berean baino % 10,8 gutxiago. Horren arrazoia da COVID-19aren ondoriozko heriotza-tasa handiagoa izan zela 2020an, eta apirila nabarmendu behar da, non 2020an baino % 33,9 heriotza gutxiago izan baitira. 2010 eta 2019 artean bigarren hiruhilekoetan izandako heriotzen batezbestekoarekin alderatuz gero, 2021ean heriotza-tasa % 11,1 handiagoa da.
Bizkaian eta Araban jaitsi egin ziren heriotzak, eta jaitsiera bereziki esanguratsua izan zen Bizkaian (% 16,6), 2.883 pertsona hil baitziren. Araban, heriotzen kopurua % 10,5 jaitsi zen, 721 hildakorekin; Gipuzkoan 1.811 hildako izan ziren, 2020ko bigarren hiruhilekoan bezalaxe. Sexuaren arabera, 2.734 gizon eta 2.681 emakume hil ziren; hau da, % 6,2ko beherakada izan zen gizonen kasuan eta % 15,1ekoa emakumeenean.
Bigarren hiruhilekoan izandako heriotzen artean, 7 heriotza urtebetetik beherakoenak izan ziren (% 0,1) eta 64 heriotza ehun urtetik gorakoenak (% 1,1).
Heriotza-kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren, 1.569 eta 1.344 heriotza eragin baitzituzten, hurrenez hurren; beraz, bien artean heriotzen % 53,8 izan ziren. Hirugarren heriotza-kausa nerbio-sistemako gaixotasunak izan ziren, 320rekin (% 5,9). COVID-19a izan zen laugarren kausa, 318 heriotza eragin baitzituen (% 5,9).
Heriotzen kausak desberdinak izan ziren oraindik ere sexuaren arabera: gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino; emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia zirkulazio-aparatuko gaixotasunak izan ziren, eta tumoreak bigarren.
Euskal AEko hazkunde begetatiboa (jaiotzak ken heriotzak) negatiboa izan zen 2021eko bigarren hiruhilekoan, 1.892 pertsona gutxiagorekin. Hiru lurraldeetan galdu da biztanlerik: Bizkaian 1.146 pertsona, Gipuzkoan 602 eta Araban 144.
COVID-19aren ondoriozko heriotzak 318 izan ziren 2020ko bigarren hiruhilekoan
COVID-19ak 318 heriotza eragin zituen guztira (1.241 2020ko hiruhileko berean), 2 taldetan sailkatuak: 317 COVID-19 egiaztatuaren ondorioz eta 1 COVID-19 probablearen ondorioz; gainera, beste 31 heriotzatan COVID-19a heriotza-kausa ziurtatuen artean egon zen, baina funtsezko kausa izan gabe.
Lurraldeka, zifrarik handiena Bizkaiari dagokio (170), gero Gipuzkoari (111) eta azkenik Arabari (37). Hiriburuei dagokienez, Bilbo nabarmentzen da, COVID-19ak eragindako 84 heriotzarekin; ondoren, Gasteiz dator, 29 heriotzarekin, eta azkenik, Donostia, 26 heriotzarekin. Aipatzeko moduko beste udalerri batzuk Getxo eta Barakaldo dira, bakoitzean 11 hildakorekin.
Gizonen heriotzen kopurua (180) emakumeena (138) baino handiagoa izan zen; adinen arabera, berriz, 70 eta 79 urte bitartekoen taldea izan zen kaltetuena (107), eta, ondoren, 80-89 urte bitartekoena (93).
Heriotza gehienak Euskal AEko ospitaleetan gertatu ziren (% 89, % 56,4 2020ko bigarren hiruhilekoan); ondoren, egoitza soziosanitarioetan (% 1,9, % 39 2020ko bigarren hiruhilekoan) eta etxeetan (% 9,1, % 4,2 2020ko bigarren hiruhilekoan).
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62