2021/12/17ko prentsa-oharra
ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN DIREKTORIOA. 2021/01/01
Euskal AEko Administrazioek 142.526 pertsona enplegatzen dituzte 2021ean, aurreko urtean baino % 1,9 gehiago
Euskal AEko administrazioen feminizazioa areagotu da, emakumeak guztizkoaren % 63,8 baitira jada
Euskal AEko Administrazio Publikoek (Estatuko Administrazioaren eta Gizarte Segurantzako Sistemaren mendeko langileak kontuan hartu gabe) 142.526 langile zituzten 2021eko urtarrilaren 1ean, Eustatek landutako datuen arabera. Euskal AEko Administrazioko landunen kopuruak gora egin du urtez urte, eta azken horretan 2.639 pertsona gehiago zenbatu dira, hau da, urte arteko % 1,9ko hazkundea.
Feminizazioa Euskal AEko Administrazioan
Azken urteotan ikusi den bezala, gero eta feminizazio handiagoa dago Euskal AEko Administrazioan: enplegatuen % 63,8 emakumeak dira (ehuneko 0,7 puntu gehiago 2020ko urtarrilaren 1ean baino), eta % 36,2, berriz, gizonak, zeinetan jaitsiera hori bera gertatu den. 2016. urteaz geroztik, emakumeek ehuneko 2,2 puntu irabazi dituzte; zehazki, 2021ean, emakumeen kopurua % 3,1 handitu da, eta gizonena pixka bat jaitsi egin da (-% 0,1).
Datu hori nahiko altua da Eusko Jaurlaritzaren eta haren mendeko erakundeen kasuan, zeinetan emakumeen ehunekoa % 70era iristen baita. Feminizazio-tasa ehuneko hamaika puntu azpitik dago Foru Aldundietan, non, oro har, % 58,9ko portzentajera iristen baita. Azkenik, toki-erakundeetan, gizonen eta emakumeen pisua nahiko antzekoa da: gizonen % 50,6 eta emakumeen % 49,4.
Egitura Euskal AEko Administrazio Publikoetan, esparru arautzailearen arabera
Langile funtzionarioak, 2021eko urtarrilaren 1ean, Euskal AEko Administrazio Publikoetako langile guztien % 61,7 ziren, aurreko urtean baino bi hamarren gehiago (% 2,2ko igoera izan ondoren), kopuru osoa baino zertxobait gehiago (% 1,9); % 37,3 langile lan-kontratudunak ziren, Osakidetzako estatutupeko langileak barne, eta % 0,9 goi-kargudunei zegozkien.
Langile finkoek, funtzionarioek, lan-kontratudunek eta estatutupekoek langile guztien % 56,5 osatzen dute 2021eko urtarrilaren 1ean, aurreko urtean baino 1,2 puntu gutxiago, % 0,1eko aldakuntza negatiboa izan ondoren; bitarteko funtzionarioek % 17,9 osatzen dute, 2020aren aldean puntu bat baino zertxobait gehiago, % 9,0ko igoeraren ondoren. Bitarteko funtzionarioen bilakaera hori Euskal AEko Administrazio guztietan gertatzen da, baina nabarmenagoa da Eusko Jaurlaritzan (% 12,2). Bestalde, aldi baterako lan-kontratudun langileen pisuak aurreko urteko kopuruari eusten dio (% 24,6), % 1,8 hazi ondoren. Nabarmentzekoa da langile-kategoria horrek edukitako gorakada Foru Aldundietan eta mendeko erakundeetan, alde handiz izanik gehien hazi dena (% 10,8). Oro har, bitarteko funtzionarioen eta aldi baterako lan-kontratudun langileen batura % 4,7 hazi da 2021ean, aurreko urtearen aldean.
Langileen banaketa, mendekotasun-administrazio motaren arabera
Euskal Administrazioan enplegatutako 142.526 pertsonetatik, 2021eko urtarrilaren 1ean, % 65,2 Autonomia Erkidegoko Administraziokoak ziren, % 18,8 Toki Erakundeetakoak, % 8,4 Foru Aldundietakoak eta gainerako % 7,6ak Unibertsitatekoak, Fundazioetakoak eta beste Erakunde Publiko batzuetakoak. Azken urtean, igoera txiki bat izan da (ehuneko 0,6 puntu) Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Orokorrean eta haren mendeko erakundeetan; aitzitik, toki-erakundeek eta haien mendeko erakundeek 6 hamarren egin dute behera; gainerako Euskal AEko erakundeek ez dute aldaketarik izan guztizkoan duten pisuan.
Batez besteko langileen bilakaera aztertuz gero, 2015. urtearekin alderatuta, Euskal AEko Administrazioetan lan egiten duten pertsonen kopurua 11.880 pertsonatan handitu zen, eta batez besteko tasa metagarria % 1,5ekoa izan zen. Balio absolutuetan, Eusko Jaurlaritzak eta nagusiki haren mendeko diren erakunde guztiek 7.780 langile gehiago izan zituzten, % 1,5eko batez besteko aldakuntza metagarriarekin. Gainerako Erakunde Publikoak izeneko multzoa, besteak beste Euskal Herriko Unibertsitatea, Fundazioak, Elkarte publikoak eta abar biltzen dituena, bigarren postuan dago, 1.548 pertsona gehiagorekin, nahiz eta, oro har, batez besteko aldakuntza-tasa metagarri handiena duten, % 2,6ko hazkundearekin. Foru Aldundiak dira hirugarren, 1.433 pertsona gehiagorekin eta batez besteko % 2,1eko tasa metagarriarekin. Azkenik, Toki Erakundeak daude, % 0,7rekin eta 1.121 pertsona gehiagorekin.
Aurreko urtearekin alderatuta, 2020an, COVID-19ak markatua, administrazio publikoetan lan egin zuten langileen kopurua % 2,2 hazi zen; tasa hori aztertutako aldiko batezbesteko metagarria baino handiagoa da, eta nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzaren mendeko langileen % 3,1eko hazkundea.
Langileen banaketa, mendekotasun-lurraldearen arabera
Lurraldeka, Bizkaiak enplegatutako pertsona guztien % 49,3 hartzen ditu, Gipuzkoak % 29,8 eta, azkenik, Arabak gainerako % 20,9ak. 2020. urtekoaren aldean aldaketa txikiak izan dira: Bizkaian bost hamarren igo da, Gipuzkoan hamarren bat eta Araban, aldiz, sei hamarren galdu dira.
Ohar metodologikoa: Direktorioaren esparruan Administrazio Publikoak dira: Euskal AEko Administrazio Orokorra, Foru Aldundiak eta Udalak, eta baita ere Erakunde Autonomiadun Administratiboak, Erakunde Publikoak, Sozietate Publikoak, Fundazioak eta haien menpeko Irabazi Asmorik Gabeko Erakundeak. Barne daude % 50eko edo gehiagoko parte-hartze publikoa duten erakunde guztiak, hala administrazio bakar batenak nola zenbaitenak.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62