2022/03/25eko prentsa-oharra
ESKOLA JARDUERAREN ESTATISTIKA. 2021
Euskal AEn unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetan matrikulatutako ikasle kopuruak, 2020/21 ikasturtean, % 1,8 egin zuen behera
Espainiako nazionalitatea ez duten ikasleen erdiak baino gehiagok D ereduan egin zituzten ikasketak
2020/21 ikasturtean, 412.130 pertsona Euskal AEn unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetan matrikulatu ziren, aurreko ikasturtean baino % 1,8 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Azken 20 urteotako beherakadarik handiena da.
Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetako ikasleen kopuruak % 1,6 egin zuen behera, eta, nagusiki, Haur Hezkuntzan eta Helduen Hezkuntzan matrikula kopuruak behera egin zuelako; –% 7,8 eta –% 12,9, hurrenez hurren. Batxilergoan eta erdi eta goi mailako Lanbide Heziketan, aldiz, matrikulen kopuruan % 4tik gorako igoera egon zen.
Era berean, % 5,1eko murrizketa egon zen Erregimen Bereziko Irakaskuntzen matrikulan, Hizkuntza Eskola Ofizialetan ikasle kopuruan egon zen beherakadaren ondorioz.
Unibertsitatetik kanpoko irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleak Euskal AEn, irakaskuntza mailaren arabera, lurralde historikoari jarraiki. 2020/21
| | Guztira | Araba/Álava | Bizkaia | Gipuzkoa | Aldaketa, aurreko ikasturtearen aldean (%) |
| GUZTIRA | 412.130 | 67.420 | 206.380 | 138.330 | -1,8 |
| Araubide orokorreko irakaskuntzak | 383.150 | 62.749 | 189.435 | 130.966 | -1,6 |
| Haur-hezkuntza | 78.613 | 13.061 | 38.906 | 26.646 | -7,8 |
| Lehen hezkuntza | 128.125 | 21.021 | 64.311 | 42.793 | -1,5 |
| Derrigorrezko bigarren hezkuntza | 87.189 | 13.555 | 43.465 | 30.169 | 1,0 |
| Oinarrizko lanbide heziketa | 4.820 | 644 | 2.906 | 1.270 | 2,6 |
| Batxilergoa | 32.502 | 5.038 | 16.344 | 11.120 | 4,1 |
| Erdimailako lanbide-heziketa | 15.752 | 2.520 | 7.230 | 6.002 | 4,3 |
| Goimailako lanbide-heziketa | 23.056 | 3.331 | 10.457 | 9.268 | 4,7 |
| Zereginen ikaskuntza | 1.555 | 276 | 809 | 470 | 5,9 |
| Helduen hezkuntza | 11.538 | 3.303 | 5.007 | 3.228 | -12,9 |
| Araubide bereziko irakaskuntzak | 28.980 | 4.671 | 16.945 | 7.364 | -5,1 |
| Hizkuntzen irakaskuntzak | 24.507 | 3.722 | 14.281 | 6.504 | -7,6 |
| Musika arte-irakaskuntzak | 2.600 | 482 | 1.334 | 784 | -1,7 |
| Dantza arte-irakaskuntzak | 137 | 105 | 32 | . | - |
| Arte plastikoen eta diseinuaren irakaskuntzak | 639 | 362 | 217 | 60 | 9,4 |
| Kirol irakaskuntzak | 1.044 | . | 1.028 | 16 | 82,5 |
| Arte dramatikoaren irakaskuntza artistikoak | 53 | . | 53 | . | -3,6 |
Data 2022ko Martxoaren 25a
Iturria: Eustat. Eskola-jardueraren estatistika
Zentroaren titulartasunari dagokionez, Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetako matrikula pixka bat handiagoa izan zen ikastetxe publikoetan, ikasleen % 52,4koa, eta, pribatuetan, % 47,6koa; alegia, termino absolutuetan, 18.618 ikasle gehiago irakaskuntza publikoan.
Genero-desberdintasunei eusten zaie Batxilergoko modalitateetan eta Lanbide Heziketako espezialitateetan
32.500 pertsona baino gehiago matrikulatu ziren Batxilergoan, eta 43.600 pertsona baino gehiago, Lanbide Heziketako hiru mailetakoren batean (oinarrizkoa, erdi-mailakoa eta goi-mailakoa). Maila horietan sexuaren araberako banaketa desberdina izan zen. Banaketa parekideena Batxilergoan izan zen, emakumeen % 54. Ordea, Lanbide Heziketako mailek desoreka nabarmena izan zuten gizonen alde, eta hura murrizten joan zen, irakaskuntza-mailak aurrera egin ahala. Hala, Oinarrizko Lanbide Heziketan, gizonen proportzioak % 73 gainditu zuen, eta erdi eta goi mailako Lanbide Heziketan, gizonak ikasleen % 66 eta % 64 izan ziren, hurrenez hurren.
Aurreko ikasturteetan bezala, genero-desberdintasunak antzeman ziren Batxilergoko modalitateak hautatzean. Orientazio zientifikoan izan ezik; hartan, sexuaren araberako banaketa parekidea izan zen, emakumezkoen presentzia nagusia izan zen, bereziki Arteen modalitatean, non lau matrikuletatik ia hiru emakumeenak izan baitziren.
Modu berean, Lanbide Heziketa sailkatzen den lanbide-familietan erregistratutako genero-arrailei eutsi zitzaien. Irudi pertsonalarekin eta pertsonen zainketarekin zerikusia duten familietan, lau ikasletik hiru baino gehiago emakumeak izan ziren. Berriz, sei familia erabat maskulinizatuta egon ziren, eta, haietan, emakumeen presentzia erabat ezohikoa izan zen; izan ere, emakumeak ikasle guztien % 10 baino gutxiago izan ziren: Garraioa eta ibilgailuen mantentze-lana, Itsas eta arrantzakoa, Instalazioa eta mantentze-lana, Elektrizitatea eta elektronika, Fabrikazio mekanikoa eta Energia eta ura.
D ereduak gora egin du Espainiako nazionalitatea ez duten ikasleetan
2020/21 ikasturtean, Euskal AEko ikastetxeetan Espainiako nazionalitatea ez zeukaten 38.631 pertsona matrikulatu ziren. Haietako erdiak baino gehiagok D ereduan egin zituzten ikasketak, eta hirutik batek, A ereduan, eta % 15ek baino ez B ereduan. Banaketa hori kontrastean dago ikasleria osoarenarekin; hartan, D, B eta A ereduetako ikasleen proportzioa % 69, % 18 eta % 13 izan zen, hurrenez hurren.
Alde garrantzitsuak antzeman ziren hizkuntza-ereduaren banaketan, zentroaren titulartasunaren arabera. Hala, ikastetxe publikoetan Espainiako nazionalitatea ez zeukaten ikasleak –guztizkoaren % 72– hizkuntza-ereduetan honela banatu ziren: % 58 D ereduan, % 34 A ereduan eta % 8 baino ez B ereduan. Ordea, ikastetxe pribatuetara joan zirenen banaketa parekoa izan zen hiru aukeren artean.
Grafico 2
Denboran zeharreko bilakaera dela eta, A eta D ereduak azken 10 urteotan txandakatu egin direla ikusi da, eta B eredua bere horretan dagoela. 2011/12 ikasturtean, Espainiako nazionalitatea ez zuten ikasleen hautaketa nagusia A eredua izan zen; ikasleen % 53rena. Harrezkero, aukera horretan matrikula kopurua jaisten joan da, 2020/21 ikasturtean % 34ra iritsi arte. D ereduak, berriz, gorantz egin du, eta 2011/12 ikasturtean % 29koa izatetik gaur egun % 51koa izatera iritsi da.
Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek jasotako beken zenbatekoari dagokionez, % 76 egin zuen gora
2020/21 ikasturtean, Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetako 115.748 ikasle Euskal AEko administrazio publikoak emandako beka eta laguntzen onuradun izan dira, 52 milioi euro inguruan. Haietatik, 15 milioi inguru Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat izan ziren, aurreko ikasturtean baino % 76 gehiago. Igoera hori 2020/21 ikasturteko beka eta laguntzen deialdian errenta-tarteetan izan den aldaketaren ondorio izan da.
Ikastetxe publikoetako ikasleek xede horretara bideratutako partida ekonomikoaren bi heren inguru jaso zuten. Ikastetxe publikoetako ikasleen % 39 laguntza motaren baten hartzaile izan ziren; hezkuntza pribatuan, % 24. Aldea bereziki nabarmena izan zen Lehen Hezkuntzan; hartan, ikastetxe publikoetako ikasleen erdiak laguntzak jaso zituzten, eta titulartasun pribatuko ikastetxeen kasuan, matrikulatutako ikasleen laurdenak.
Jantoki-zerbitzuaren erabilerak behera egin zuen, 2019/20 ikasturtearekin alderatuta
Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleen % 42k eskola-jantokia erabili zuten, 2019/20 ikasturtean baino ehuneko 8 gutxiagok; orduan, ikasleen erdiak ikastetxean bazkaltzen zuen. Zifra absolutuetan, jangelako ikasle erabiltzaileen kopuruak behera egin zuen; ia 33.000 pertsona gutxiago.
Hala ere, jangela-zerbitzuaren erabilera desberdina izan zen lurraldeen arabera. Bizkaian, ikasleen erdiak hartara jo zuen, eta Gipuzkoan eta Araban, % 35ek eta % 28k, hurrenez hurren.
Eskola-garraioak, berriz, ia ez zuen aldaketarik izan, aurreko ikasturtearekin alderatuta. 52.205 ikasle ikastetxera eskola-autobusean joan ziren, guztizkoaren % 14. Kasu horretan ere, zerbitzuak eskari handiagoa izan zuen Bizkaian (% 17), Gipuzkoan eta Araban baino (% 12 eta % 9, hurrenez hurren). Aldeak izan ziren ikastetxe publikoen artean; haietan, 10 ikasletik batek baino ez zuen erabili eskola-garraioa. Eta pribatuetan, proportzioak % 17 egin zuen gora.
Argibide gehiagorako:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62