2022/06/13ko prentsa-oharra
Makina-erremintaren sektorea. 2022
Euskal AEko Makina-erremintaren sektoreak susperraldia izan zuen 2021ean; jarduera % 20 inguru areagotu zen
Makina-erremintak, 2021ean, 654,8 milioi euro esportatu zituen, eta gure bezero nagusia Estatu Batuak da, eta, ondoren, Alemania
2022ko ekainaren 13aren eta 17aren artean, Makina Erremintaren Biurtekoaren 31. edizioa izango da Barakaldoko Bilbao Exhibition Centerren. Topaketa horrek agerian uzten du makina-erremintaren sektoreak, sektore ekonomikoa den aldetik, nolako garrantzia duen Euskal AEko ekonomian; 2021ean, jarduera biziko urtearen ondoren, % 20 inguruko hazkuntzak izan zituen, Eustaten datuen arabera. 2020an, Covid-19aren baldintzapean izan zen urtean, 813 milioi euro fakturatu zituen, aurreko bi urteetan gehieneko fakturazioak izan ondoren, 1.000 milioi euro baino gehiagokoak; 4.099 pertsonari eman zien lana. Estatuko makina-erremintaren sektoreari dagokionez, Euskal AEko makina-erreminta % 53 izan da 2020an.
Sektore estrategiko bat da; izan ere, Makina-erremintak manufaktura-industriaren zati handi batean parte hartzen du, haren esku jartzen baitu ekoizpenerako behar diren ekoizpen-baliabideak. Besteak beste, honako hauek hartzen ditu: metala lantzeko makina-erreminten fabrikazioa, torneaketarako, fresaketarako, konformaziorako eta arrabotatzeko makinen fabrikazioa, trokelatzeko makinen, prentsa hidraulikoen, balazta hidraulikoen fabrikazioa, forjatzeko makinak, trefilatzeko bankuak, harietarako ijezkailuak, enbutiziorako makinak, metalezko xaflen ebakitzaileak, etab.
2020an, COVID-19aren pandemiaren ondorioz jardueretan murrizketa gogorrenak aplikatu ziren urtean, makina-erreminten inguruko 108 establezimenduen fakturazioak % 17,2 egin zuen behera, Euskal AEko industrian gertatutakoarekin bat etorriz (% 18,2ko doikuntza izan du).
Termino absolutuetan, 2020an, sektorearen fakturazioaren behin betiko zifra 813 milioi euro izan da, eta, aurreko ekitaldian, 982,4 milioi. Gainera, sektorean, 2017an eta 2018an, markak hautsi ziren zifretan, mila milioi euro baino gehiagoko diru-sarrerak lortu baitziren: 1.043,4 milioi 2018an eta 1.027 milioi 2017an.
Bestalde, Makina-erreminta sektoreak lortu du enpleguari eustea 2020an, eta, 2019koen aldean, 100 enplegu baino pixka bat gehiago soilik jaitsi dira; alegia, % 2,7 egin du behera, industriak oro har jaitsitakoa (–% 3,0) baino gutxiago.
Enpleguak nahiko egonkor jarraitzen du hamarkada osoan, beti lau mila baino langile gehiagorekin: kopuru txikiena 2016an erregistratu zen, 4.059, eta handiena, 2010ean, 4.536rekin. 2020ko 4.099 langileak industriaren enplegu osoaren % 2 inguru dira.
Ildo horretan, sektore horrek industria osoak baino enplegu-kontzentrazio nabarmen handiagoa erakusten du. Hala, industria-establezimenduen batez besteko tamaina 18 pertsonakoa da, eta makina-erremintarena, 38 enplegukoa; alegia, bikoiztu egiten da.
Lurralde-azterketak agerian uzten du Gipuzkoaren protagonismo argia. Erkidegoko hamar establezimendutik sei baino gehiago lurralde horretan daude finkatuta, eta sektoreko langileen % 75,7 eta 2020an fakturatutakoaren ia % 80 kontzentratzen du; hori ia ez da aldatu azken urteetan. Bestalde, Bizkaian –28 establezimendu– eta Araban –12 establezimendu–, gainerako enplegua honela banatzen da: % 17 lehenengoan eta % 7,4 bigarrenean, eta negozio-zifra % 15,7 eta % 5, hurrenez hurren.
Gipuzkoaren lidergoa bereziki pertsonako produktibitatean nabarmentzen da. Eraginkortasun-adierazle bat da, eta errendimendu ekonomikoaren funtsezko neurria da; izan ere, enplegua ekoizpen-prozesuan sortutako balio erantsiarekin lotzen du. Gipuzkoan, adierazle hori nabarmen handiagoa izan da hamarkada osoan; 2015etik aurrera, pertsona bakoitzeko hirurogeita hamar mila euro baino gehiago ziren, eta, Araban eta Bizkaian, urteko hirurogeita bost mila euro inguruan mugitzen ziren.
Baina, are gehiago, bi lurralde horiek pandemiaren urtean, 2020an, batez besteko produktibitatea % 25 murriztu dute, eta Gipuzkoak lortu du hirurogei mila eurotik gora mantentzea eta desoreka % 8ra mugatzea.
Makina-erreminta, nazioarteko merkataritzari zabalik dagoen sektorea: 654,6 milioi esportatu 2021ean
Euskal AEko Makina-erremintaren industriaren sektoreak nazioarteko merkatuetan duen merkaturatze handiaren adierazle da esportatzeko joera; hau da, kanpoko merkatuetan egindako salmenten eta enpresa bakoitzaren faktoreen kostuko balio erantsi gordinaren arteko zatidura.
Adierazle hori % 275,9koa izan zen 2020an, Industria Inkestaren arabera, eta seigarren postuan zegoen, 42 industria-sektoreetan, honako hauen atzetik soilik, garrantziaren arabera antolatuta: Ontzigintza, Ibilgailu motordunen, atoien eta erdiatoien fabrikazioa, Siderurgia, beste garraio-material batzuen fabrikazioa, ontzigintza izan ezik, Metal preziatuen eta burdinazkoak ez diren beste metal batzuen ekoizpena. Haien esportazio-joera % 291,2ren (aipatutako azkenaren kasuan) eta % 1.483ren (Ontzigintzaren kasuan) artekoa da.
2021ean, makina-erremintaren sektorearen jarduerarekin zerikusia duten produktuen esportazioak egin ziren, 654,8 milioi euroan, eta urtean 700 milioitik gorakoak izan ziren, 2012 eta 2018 artean, eta, 2013an, serie historikoaren maximora iritsi ziren, urte horretan 762,3 milioira iritsi baitzen. 2022ko lehen hiruhilekoan esportatutako produktuen zenbatekoa 140,4 milioi eurokoa da.
2021ean makina-erremintatik esportatutakoa gure erkidegoak esportatutako balio osoaren % 2,6 zen; hau da, 25.665,4 milioi.
Sektoreko esportazio gehienak Gipuzkoako establezimenduetatik datoz, % 73,2 2021ean; Bizkaiari % 19,6 dagozkio eta Arabari gainerako % 7,2a. Banaketa hori are onuragarriagoa izan zen Gipuzkoaren kasuan aurreko urteetan, esportatutako hamar eurotik zortzi lurralde horretatik esportatu baitziren.
Hiru produktu edo arantzel-partida nabarmentzen dira besteen gainetik. Makina-erremintarako parteak eta osagarriak, Metal-harroketa bidez lan egiten duten tornuak eta torneaketa-zentroak eta Materiala erauziz metala zulatzeko, eskariatzeko, fresatzeko edo hariztatzeko makinak, tornuak izan ezik dira. Guztira 379,6 milioi dira hiruren artean, 2021ean esportatutako 654,8 milioien % 58. Lehenengoaren kasuan, 161 milioi euro esportatu dira; bigarrenaren kasuan, 111,8 milioi eta, hirugarrenaren kasuan, 106,8 milioi.
Tradizioan, Makina-erremintarako parteak eta osagarriak partidak izan du lehen esportazio-postua; 2014ra jo behar da hura gainditzen zuen beste partida bat aurkitzeko. Urte horretara arte, Forjatzeko, estanpatzeko, zizailatzeko, puntzonatzeko, tailatzeko, biribilkatzeko, kurbatzeko, tolesteko, zuzentzeko edo lauteko makina-erremintak eta prentsak partidak makina-erremintaren sektoreko podium esportatzailea betetzen zuen.
Metal-harroketa bidez lan egiten duten tornuak eta torneaketa-zentroen Bizkaiko esportazioak –69,1 milioi– Gipuzkoakoak –42,7 milioi– baino handiagoak dira, eta lurralde hori, gainerakoan, nagusi da kontuan hartutako gainerako partidetan.
Honako hauek dira munta txikiagoko beste partida batzuk, 84 eta 58 milioi euroren artean: Metala lantzeko mekanizazio-zentroak, Forjatzeko, estanpatzeko, zizailatzeko, puntzonatzeko, tailatzeko, biribilkatzeko, kurbatzeko, tolesteko, zuzentzeko edo lauteko makina-erremintak eta prentsak, Bizarra kentzeko, zorrozteko, harriz lantzeko, artezteko, leuntzeko edo metal edo zermeterako beste akabera-eragiketa batzuk egiteko makina-erremintak.
Kanpoko merkatuekin lotuta, zazpi dira makina-erremintaren sektoreko esportazioaren herrialde hartzaile nagusiak, eremu geografikoen tarte zabal batekoak. Estatu Batuak dira zerrendako buru, 2021ean 87,9 milioiko balioa zuten produktuak esportatu baitziren, guztizkoaren % 13,4; ondoren, Alemania (81milioi eta % 12,4), Italia (69,1milioi eta % 10,6), Txinako Herri Errepublika (54 milioi eta % 8,3), Frantzia (39,5 milioi eta % 6), Turkia (38,4 milioi eta % 5,9) eta India (34,6 milioi eta guztizkoaren % 5,3). Oro har, zazpi herrialde horiek makina-erremintaren gure esportazioen % 61,8 hartzen dute.
Zehazki, helburuko eremu geografikoen aniztasuna da, azken batean, makina-erremintaren esportazioen nazioartekotzea, sektorearen bereizgarria gainerako industriaren aldean. Hain zuzen ere, industriaren esportazio guztien % 63,5 EB-27ko herrialdeetara bideratu ziren 2021ean, makina-erremintak lehen zazpi herrialdeetara bidaltzen duen ia ehuneko bera –herrialde horiek hiru eremu geografiko desberdinetakoak–.
Era berean, Makina-erremintaren industriako produktuen inportazioak ere erregistratu dira, 144,8 milioikoak; beraz, sektoreko merkataritza-saldoa positiboa izan zen 2021ean, 510 milioi euroan.
Inportatutako partiden garrantziaren araberako ordena esportazioena bezalakoa izan da ia. Lehenengo ordenari eutsi zaio, Makina-erremintarako parteak eta osagarriak (77,2 milioi), baina Metala lantzeko mekanizazio-zentroa bigarren postura aurreratu da, 26,4 milioirekin, eta hirugarrena Metal-harroketa bidez lan egiten duten tornuak eta torneaketa-zentroak izan da (10,7 milioi); hiruren artean inportazioen % 79 hartu dute.
Gipuzkoa izan da, beste behin ere, sektore horretatik gehien inportatzen duen lurraldea, baina esportazioetan baino neurri txikiagoan; inportazioen % 57,5 jaso zuen 2021ean, eta Bizkaiak, berriz, balio osoaren % 22,9 inportatu zuen, eta Arabak, % 19,6.
I+G eta Berrikuntza funtsezko elementu makina-erremintaren sektorean
Bestalde, eskuarki onartzen da esportazioak teknologia- eta antolamendu-faktoreek bultzatzen dituztela. Eustatek urtero egiten duen Berrikuntza Inkestaren helburua da ekonomiaren sektoreek berrikuntzan egiten duten ahalegina neurtzea. Eskuragarri dauden azken datuak 2020koak dira.
Makina-erremintaren sektorea Makineria eta ekipoaren dibisiokoa da; lehenengoaren berezko jarduerez gainera, Erabilera orokorreko makineriaren fabrikazioarekin, Nekazaritzako eta basogintzako makineriaren fabrikazioarekin eta Beste makineria batzuen fabrikazioarekin zerikusia dutenak ere sartzen dira. Dibisio horretan aipatutako inkestaren arabera –datuak eskuratzeko desagregazio-maila goren–, hamar enplegu eta gehiagoko establezimenduen % 57,7k (Europa-mailan kontuan hartzen den enplegu-estratu bakarra) berrikuntzaren motaren bat egin zuten 2018-2020 hirurtekoan. Ehuneko hori % 31,4koa baino ez da sektore guztien kasuan.
Produktu-berrikuntzei baino ez badiegu erreparatzen, Makineria eta ekipoa dibisioan berritzaileen proportzioa % 48,0 da, sektore guztien % 20,9ren aldean, eta, prozesu-berrikuntzaren kasuan, Makina Erremintaren sektoreari dagokion dibisioarena % 47,0 da eta % 27,9koa guztizkoaren aldean. Beraz, erraz estrapola daiteke Makina-erremintaren sektorea oso berritzailea dela.
Sektorearen kualifikazio teknologikoaren ideia horri eusten dio, Eustatek urtero zabaltzen duen Berrikuntza eta Garapen Teknologikoari buruzko inkestaren arabera, 2020an 35 establezimenduk egin izana I+Gko proiekturen bat haien baliabideen bitartez, 23 milioiko balioarekin; alegia, Euskal AEn I+G egin zuten establezimendu guztien % 2,3k eta barne-gastu osoaren % 1,5ek.
Azken datu moduan, Eustaten Informazioaren Gizarteari buruzko azken Inkestaren arabera, 2021ean hamar enplegu eta gehiagoko Euskal AEko establezimenduen % 33,5ek merkataritza elektronikoa egiten zuen (bai erosketak, bai salmentak); Makineria eta ekipoa dibisioaren kasuan (berriro ere datu horien desagregazio-maila gorena), nabarmen gainditzen da, % 47,9ra iritsi arte. Merkataritza elektronikoak transakzio komertzialak gidatzeko duen garrantzia azpimarratu behar da, bai nazio-mailan, bai nazioarte-mailan; hala, merkatu potentzialak zabaltzen ditu
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62