2022/10/28ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN INKESTA. FAMILIAK. 2022
Euskal AEko biztanleen % 86,3 Internetera konektatu dira 2022an; kopuru hori aurreko urtean baino ehuneko 1,4 puntu handiagoa da
Etxeen % 52k dute ordainpeko telebista, aurreko urtean baino 3.700 familia gutxiagok
Euskal AEn, 2022an, 15 urtetik gorako 1.630.000 pertsonak erabiltzen dute Internet, hau da, azken hiru hilabeteetan Euskal AEn pertsona kopuru hori konektatu da Internetera — etxean izan, lantokian izan edo ikasketa-zentroan izan edo beste leku batean izan—. Pertsona kopuru hori adin horietako Euskal AEko biztanle guztien % 86,3 da, Eustatek landutako datuen arabera. Aurreko urteko aldi beraren aldean, ehuneko horrek 1,4 puntu egin du gora.
Aurreko urteetan bezalaxe, 65 urteko eta gehiagoko biztanleen artean igo da gehien Internet erabiltzaileen kopurua (ehuneko +6 puntu); 2022an, talde horretako biztanleen erdiek baino gehiagok (% 55,3) erabiltzen dute Internet. Hala ere, gainerako adin-tarteetatik oso urrun daude oraindik —gainerako adin-tarteetan % 93tik gorako ehunekoak jaso dira—, eta batez ere 54 urtetik beherakoekin alderatuta, ia guztiek erabiltzen baitute Internet.
Internet gizonen % 87,6k eta emakumeen % 85,2k erabiltzen dute. 2022an, genero-arrakala ehuneko 2,4 puntukoa da, hau da, 2021eko aldi berean baino bi puntu txikiagoa. Arrakala edo alde hori murriztu izana emakumeek gizonen aldean adin nagusiagoko taldeetan izan duten bilakaera hobearen ondorio da. 65 urteko eta gehiagoko adin-tartean 21.400 emakumezko internauta gehiago daudela nabarmendu behar da.
Lurralde historikoei dagokienez, Arabak du, Euskal AEn, Interneteko erabiltzaileen ehunekorik handiena (% 86,9), 2021. urtearekin alderatuta (ehuneko –0,1 puntu). Igoera handiena Bizkaiak izan du (+2,3 puntu), pertsonen % 86,5ek erabiltzen baitu Internet. Azkenik, Gipuzkoan zertxobait gutxiago hazi da azken urte honetan (+0,6 puntu), eta % 85,7ra igo da 15 urteko eta gehiagoko erabiltzaileen ehunekoa.
Euskal AEko hiru hiriburuek lurralde historikoetako posizioei eutsi diete: hiriburuen artean Gasteizek du Internet erabiltzaileen ehunekorik handiena (% 86,8), ondoren Bilbok (% 86,2) eta Donostiak (% 84,9). Eskualdeen arteko aldeak ehuneko 4 puntuko ingurukoak dira. Baliorik handiena Plentzia-Mungian erregistratu da (% 88,9) eta txikiena, Debagoienean (% 85).
Interneten erabilera are gehiago hazi da pertsona ez-aktiboen eta langabeen artean
Jarduerarekiko harremanari dagokionez, ia ikasle guztiak (% 99,9) eta landun guztiak (% 99,2) dira Interneten erabiltzaile. Bestalde, biztanle ez-aktiboetan eta langabeetan, % 67,4. Azken kolektibo hori, nahiz eta aurreko urteko lehen hiruhilekoaren aldean igoera handiena izan duena den (1,8 puntu), gainerakoetatik oso urrun dago, eta aldeak ehuneko 32 puntutik gorakoak dira.
Lortutako ikasketa-mailari dagokionez, goi-mailako ikasketak amaitu dutenen % 98,3 Interneteko erabiltzaileak dira; ondoren, bigarren mailako ikasketak amaitu duten % 93,5, eta, azkenik, lehen mailako ikasketak amaitu dituztenen % 68.
Interneten ibiltzeko lehenesten den hizkuntza gaztelania da (% 97,4), ondoren euskara (% 20,4) eta, gero, ingelesa (% 15,3). Ohiko lekuak jarraitzen du bakoitzaren bizilekua izaten (erabiltzaileen % 96,5 etxetik konektatzen dira).
Internet batez ere beste pertsona batzuekin komunikatzeko eta informazioa kontsultatzeko erabiltzen da
Komunikazioari eta informaziorako sarbideari lotutako zerbitzuak dira erabiltzaileek gehien erabiltzen dituztenak. WhatsApp zerbitzuaren eta berehalako mezularitzako antzeko beste aplikazio batzuen erabilera da herritarren artean hedatuen dagoena, % 92tik gorako ehunekoekin, ezaugarri soziodemografikoak gorabehera (adina, sexua, jarduerarekin duten harremana edo ikasketa-maila). 65 urteko eta gehiagoko pertsonek erabiltzen dituzte gutxien aplikazio horiek (erabiltzaileen % 93,9); alegia, adin horietako biztanle guztien % 51,9, aurreko urtean baino ehuneko 5,8 puntu gehiago. Zerbitzu horietan honako hauek ere nabarmentzen dira: mezu elektronikoak jasotzea edo bidaltzea (% 83,1), albisteak, egunkariak edo gaurkotasuneko aldizkariak irakurtzea (% 71,4) eta ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa bilatzea (% 71,8).
2022ko bigarren hiruhilekoan, Euskal AEko gizartea pandemiaren aurreko kopuruetara bueltatu da COVID-19aren kalte handienak jasan zituzten zerbitzuetan. Hala, 2021aren aldean, igoerarik handiena (ehuneko +32,9 puntu) bidaiekin eta ostatuekin lotutako zerbitzuetan, izan da; zerbitzua erabiltzaileen % 49,5ek erabiltzen dute (2020ko lehen hiruhilekoan baino ehuneko 1,6 puntu gehiago), batik bat, 25 eta 34 urte bitarteko erabiltzaileen artean (48,2 puntu gehiago). Aitzitik, erabiltzaileen % 52,7k Internet bidezko deiak eta bideo-deiak egin dituzte, eta zerbitzu horrek egin du behera gehien (–7,2 puntu).
Erabiltzaileen % 60,7k administrazio elektronikoa erabili du eta, administrazioek emandako zerbitzuen artean, telematikoki administrazio-izapideak egitea (betetako inprimakiak bidaliz) izan da erabiliena (% 56,3), bai eta 2022an gehien hazi dena ere (ehuneko +10,9 puntu). Banka elektronikoari dagokionez, 1.144.500 pertsonak erabili dutela zenbatesten da, erabiltzaileen % 70,2k (+2,5 puntu, 2021aren aldean).
Euskal AEko herritarren % 47,6k (ia 900.000 pertsona) ondasunak eta zerbitzuak erosi dituzte Internetetik azken hiru hilotan, 2021ean baino ehuneko 1,1 puntu gehiagok; Interneteko erabiltzaileei dagokienez, % 55,1.
Aldeak daude gizonek eta emakumeek Sarean erabiltzen dituzten zerbitzuen artean
Interneten erabiltzen diren zerbitzuen artean, emakumeen % 61,6k osasunarekin lotutako zerbitzuak erabiltzen dituzte, hala nola osasun-gaiei buruzko informazioa bilatzea (gizonek baino 12,3 puntu gehiago); emakumeen % 56,8k telefono-deiak edo bideo-deiak egiten dituzte Internet bidez (gizonek baino 8,3 puntu gehiago), eta emakumeen % 59,5ek sare sozialetan parte hartzen dute (+6,3 puntu). Bestalde, gizonen % 29,5ek jolasten dute edo jokoak deskargatzen dituzte (+6,9 puntu); % 70,1ek bideo-edukiak ikusten dituzte partekatzeko (+4,1 puntu), eta % 58,3k musika entzuten dute (+3,5 puntu)
Merkataritza elektronikoan ere badira generoaren araberako aldeak: emakumeen % 76,3k arropa, oinetakoak eta osagarriak erosten dituzte (gizonek baino ehuneko 17,6 puntu gehiago); emakumeen % 28,8k norberaren zaintzarako eta higienerako produktuak erosten dituzte (+9,5 puntu), eta emakumeen % 29,9k kultura-ekitaldietarako sarrerak erosten dituzte (+7,3 puntu). Bestalde, gizonen % 25,9k ekipamendu elektronikoa erosten dute (emakumeek baino 14,3 puntu gehiago); % 22,7k ekipamendu informatikoa erosten dute (+13,3 puntu), eta % 13,3k ibilgailuak eta ordezko piezak erosten dituzte (+9,5 puntu).
Ordenagailuaren erabilerari dagokionez, azken hiru hilotan, biztanleriaren proportzioa % 67,7koa da. Alde horretatik, ordenagailuaren gizonezko erabiltzaileak gizonezko biztanleen % 70,5 dira, eta emakumeetan, emakumezko biztanleen % 65,2. Beraz, genero-arrakala ehuneko 5,3 puntukoa da, 2021ean baino 3,4 puntu baxuagoa.
Familien ezaugarriek etxeetako IKT ekipamenduetan dute eragina
2022ko bigarren hiruhilekoan, 783.900 familiak dute Interneteko sarbidea haien etxeetan, familien % 86,9k; 2021ean baino 4.100 familia gutxiago badira ere (–0,5 puntu), %1,8ko igoera dakar 2020. urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, COVID-19aren ondoriozko pandemiak Euskal AEko familien eguneroko bizitza aldatu aurreko azken hilekin alderatuta. Populazioaren terminoetan, 15 urteko eta gehiagoko pertsonen % 91,3k (1.724.600) Sarerako sarbidea dute, etxetik.
Bestalde, Euskal AEko etxeen % 74,7k ordenagailua dute; alegia, biztanleen % 81,3k ordenagailu bat dute etxean (+1,2 puntu 2020arekin alderatuta). Etxeen % 97,4k telefono mugikorra dute; beraz, 15 urteko eta gehiagoko biztanleen % 98,5ek badute bat erabiltzeko aukera (+1,3 puntu 2020arekin alderatuta).
Etxeetako ikus-entzunezko ekipamenduari dagokionez, nabarmentzekoa da etxeen % 52k ordainpeko telebista dutela, aurreko urtean baino 3.700 familia gutxiago dira (–0,4 puntu), baina, 2020arekin alderatuta, igoera garbia 9,5 puntukoa izan da. Horrek esan nahi du biztanleen % 57,6k (6.700 pertsona gutxiago) zerbitzu hori dutela etxean.
Familia-moten arteko desberdintasunak murriztu arren, oraindik esanguratsuak dira desberdintasun horiek. Alde handienak semeak eta/edo alabak dituzten familien eta gainerakoen artean gertatzen dira, batik bat pertsona bakarrek eratutako familien aldean. Hartara, etxean Interneterako sarbidea dute seme-alabak dituzten familien % 98k, pertsona bakarreko familiek baino ia 25 puntu gehiago (% 73,1).
Bestalde, seme-alabak dituzten familien % 92,6k ordenagailuren bat dute etxean, pertsona bakarrez osatutako familiek baino ia 38 puntu inguru gehiago (% 54,7). Azkenik, telefono mugikorrak presentzia orokortuagoa du, eta alde txikiagoak daude familia moten artean; seme-alabak dituzten ia familia guztietan dago (% 99,8), ondoren datoz bikoteek soilik osatutako etxeak (% 97,6) eta pertsona bakarrez osatutako etxeak (% 93,9).
Euskal AEko biztanleriaren IKT ekipamenduak eta Interneten erabiltzaileak. 2022
| 2022 urtea | 2021. urteari buruzko aldakuntza |
| Mila | % | Mila | *P.P. |
EQUIPAMIENTOS DEL HOGAR ## | | | | |
FAMILIAK | 902,2 | 100,0 | | |
Ordenagailu pertsonala | 673,6 | 74,7 | 3,7 | 0,4 |
Telefono mugikorra | 879,0 | 97,4 | 3,0 | 0,2 |
Internet | 783,9 | 86,9 | -4,1 | -0,5 |
| | | | |
Semeekin/alabekin | 402,6 | 98,0 | -9,6 | -0,5 |
Bikote bakarrekoak | 170,0 | 84,0 | 4,3 | 0,2 |
Bakarrik bizi diren pertsonak | 211,2 | 73,1 | 1,0 | -0,5 |
15 URTE ETA GEHIAGOKO BIZTANLEAK | 1.888,5 | 100,0 | | |
Ordenagailu pertsonala | 1.534,6 | 81,3 | 5,6 | 0,3 |
Internet | 1.724,7 | 91,3 | -13,4 | -0,8 |
Ordainpeko telebista | 1.088,3 | 57,6 | -6,6 | -0,4 |
Lurreko TB digitala | | | 0,0 | 0,0 |
DVD | 469,3 | 24,8 | -60,2 | -3,3 |
Telefono mugikorra | 1.859,7 | 98,5 | 1,3 | 0,0 |
INTERNET ERABILTZEN DUTEN BIZTANLEAK | 1.630,1 | 86,3 | 27,5 | 1,4 |
Gizonak | 793,9 | 87,6 | 3,4 | 0,4 |
Emakumeak | 836,2 | 85,2 | 24,1 | 2,4 |
| | | | |
Araba / Álava | 243,3 | 86,9 | 1,0 | -0,1 |
Bizkaia | 858,7 | 86,5 | 22,2 | 2,3 |
Gipuzkoa | 528,0 | 85,7 | 4,2 | 0,6 |
| | | | |
15-24 urte | 212,2 | 100,0 | 0,1 | 0,6 |
25-34 urte | 199,4 | 99,7 | -1,8 | 0,3 |
35-44 urte | 290,5 | 99,0 | -13,0 | -0,4 |
45-54 urte | 341,6 | 98,0 | 4,1 | 1,1 |
55-64 urte | 307,2 | 93,2 | 3,5 | -1,1 |
65 urte eta gehiago | 279,3 | 55,3 | 34,7 | 6,0 |
| | | | |
Ikasten | 215,9 | 99,9 | -0,2 | 0,2 |
Lanean | 895,2 | 99,2 | 27,4 | 0,5 |
Langabezian edo jarduera-ezean | 519,0 | 67,4 | 0,3 | 1,8 |
| | | | |
Etxetik sartzen dira | 1.572,7 | 96,5 | -2,1 | -1,8 |
Lantokitik sartzen dira | 632,8 | 38,8 | -3,9 | -0,9 |
Ikastetxetik sartzen dira | 184,3 | 11,3 | -3,3 | -0,4 |
Beste leku batzuetatik sartzen dira | 1.412,4 | 86,6 | 186,2 | 10,1 |
Euskaraz nabigatzen dute | 331,8 | 20,4 | -38,2 | -2,7 |
Gastelaniaz nabigatzen dute | 1.587,6 | 97,4 | 11,4 | -0,9 |
Ingeleseraz nabigatzen dute | 250,2 | 15,3 | -24,0 | -1,8 |
| | | | |
Internet bidez erosi duzu | 898,7 | 55,1 | 21,6 | 0,4 |
p.p = Aldea portzentajezko puntutan
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Familiak
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62