2022/12/30eko prentsa-oharra
KANPO MERKATARITZAREN UNITATE BALIOAREN INDIZEAK-UBI. III/2022
Esportazioen prezioak % 1,6 hazi ziren Euskal AEn 2022ko hirugarren hiruhilekoan
Inportazioek % 4,3ko igoera izan zuten prezioetan
2022ko hirugarren hiruhilekoan esportazioen prezioek % 1,6ko igoera izan dute aurreko hiruhilekoaren aldean, Eustatek landutako datuen arabera. Alderaketa 2021eko hiruhileko berarekin egiten badugu, % 6ko gorakada izan da.
Inportazioen prezioek joera bera izan dute: % 4,3 igo dira 2022ko bigarren hiruhilekoaren aldean, eta % 7,0 urte artean.
Prezioen portaera desberdina izan zen ondasun energetikoetan eta ez energetikoetan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Esportazio energetikoen prezioak % 1,9 jaitsi ziren eta ez energetikoenak % 1,7 igo ziren. Urte artean, aldiz, bi ondasun-mota horien prezioek aldakuntza positiboak izan zituzten: % 6,5ekoa energetikoek eta % 5,6koa ez energetikoek.
Inportazioen kasuan, portaera antzekoa izan zen. Produktu energetikoen prezioen indizeak % 2,7 egin zuen atzera hiruhileko arteko tasan, eta ez energetikoenak, berriz, % 6,5 igo. Urte arteko alderaketan, energia-prezioek % 8,6ko hazkundea izan dute eta ez-energetikoek % 7,2koa.
Euskal AEko kanpo-merkataritzako balio bateratuaren indizeak, helburu ekonomikoaren arabera (%). 2022/III
| | ESPORTAZIOAK | INPORTAZIOAK |
| | t/t-1 | t/t-4 | t/t-1 | t/t-4 |
| Indize orokorra | 1,6 | 6,0 | 4,3 | 7,0 |
| | | | | |
| Energiazko gaiak | -1,9 | 6,5 | -2,7 | 8,6 |
| Energiazkoak ez diren gaiak | 1,7 | 5,6 | 6,5 | 7,2 |
| Kontsumo-ondasunak | 3,2 | 6,7 | 0,6 | 1,2 |
| Kapital-ondasunak | -4,0 | 3,5 | 4,1 | 5,4 |
| Bitarteko ondasunak | 2,8 | 6,5 | 4,6 | 7,8 |
(t/t1) Behatutako azken hiruhilekoaren aldakuntza-tasa aurreko hiruhilekoaren aldean
(t/t4) Behatutako azken hiruhilekoko urte arteko aldakuntza-tasa, aurreko urteko hil beraren aldean
Data 2022ko Abenduaren 30a
Oinarria: Eustat. Kanpo-merkataritzaren unitate balioaren indizeak-UBI
Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, aurreko hiruhilekoaren aldean, Kontsumo Ondasunen (% 3,2) eta Bitarteko Ondasunen (% 2,8) prezioek gora egin dute, eta Kapital Ondasunek, berriz, % 4,0 egin dute behera. Urte artean, nabarmentzekoa da Kontsumo Ondasunen (% 6,7), Bitarteko Ondasunen (% 6,5) eta Kapital Ondasunen (% 3,5) esportazioen prezioen igoera.
Inportazioetara begira, ikusten da Kontsumo Ondasunen prezioak igo egin direla, bai aurreko hiruhilekoaren aldean (% 0,6), bai urte artekoaren aldean (% 1,2). Gauza bera gertatu da beste bi ondasun-motetan: Bitarteko Ondasunak % 4,6 igo dira aurreko hiruhilekoaren aldean, eta % 7,8 aurreko urtearen aldean. Kapital Ondasunen kasuan, bilakaera bera gertatu da, % 4,1 hazi dira 2022ko bigarren hiruhilekoaren aldean, eta % 5,4 urte artean.
Esportazioak bideratzen diren eremu ekonomikoak kontuan hartuta, 2022ko bigarren hiruhilekoaren aldean prezioak igo egin ziren eremu guztietan. 28-EBn % 2,0 igo dira, % 1,6 Eurogunean, % 1,3 ELGAn eta % 3,7 munduko gainerako herrialdeetan. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, joera errepikatu egin da: prezioek igoera handiak izan dituzte eremu ekonomiko guztietan, eta nabarmentzekoak dira ELGA (% 6,4) eta EB-28 (% 6,1); gainerako eremuak ez dira atzean ibili eta, beraz, Euroguneak % 5,4ko hazkunde-tasa izan du, eta munduko gainerakoak % 3,8koa.
Euskal AEko kanpo-merkataritzako balio bateratuaren indizeak, arlo ekonomikoen arabera (%). 2022/III
| | ESPORTAZIOAK | INPORTAZIOAK |
| | t/t-1 | t/t-4 | t/t-1 | t/t-4 |
| Indize orokorra | 1,6 | 6,0 | 4,3 | 7,0 |
| | | | | |
| Euro eremua | 1,6 | 5,4 | 3,0 | 8,7 |
| EB-28 | 2,0 | 6,1 | 3,9 | 7,3 |
| ELGE | 1,3 | 6,4 | 8,3 | 5,3 |
| Munduko besteak | 3,7 | 3,8 | -4,5 | 10,9 |
(t/t1) Behatutako azken hiruhilekoaren aldakuntza-tasa aurreko hiruhilekoaren aldean
(t/t4) Behatutako azken hiruhilekoko urte arteko aldakuntza-tasa, aurreko urteko hil beraren aldean
Data 2022ko Abenduaren 30a
Oinarria: Eustat. Kanpo-merkataritzaren unitate balioaren indizeak-UBI
Inportazioei dagokienez, prezioek gora egin dute aurreko hiruhilekoaren aldean, eremu geografiko guztietan. ELGAn nabarmendu dira (% 8,3) eta salbuespena munduko gainerako herrialdeetan izan da (-% 4,5). Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean ere hazkunde-tasa positiboak izan dira eremu ekonomiko guztietan, eta horien artean nabarmentzekoak dira munduko gainerakoa (% 10,9) eta Eurogunea (% 8,7).
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62