Prentsa-oharra 2023/03/10
INGURUMEN KONTUAK. INGURUMEN-ZERGEN KONTUAK. AURRERAPENA. 2021
Euskal AEko ingurumen-zergak % 13,9 hazi ziren 2021ean aurreko urtearen aldean
2021ean ingurumen-zergak Euskal AEko zerga guztien % 7,7 izan ziren
Euskal AEko ingurumen-zergen zenbatekoa 1.363 milioi eurokoa izan zen 2021ean, aurreko urtean baino 167 milioi gehiago (+%13,9), hau da, BPGren % 1,7, Eustatek landutako Ingurumen-zergen kontuen arabera. Datu horiekin, 2019. urteko antzeko mailak lortzen dira, pandemiaren ondorio ekonomiko eta sanitarioetatik salbuetsita.
Kontu hori ingurumen kontuen sistemaren parte da, eta Eurostaten metodologiari jarraituz lantzen da. Bere esparrua honako zerga hauek osatzen dute: zerga-oinarritzat dutenak ingurumenean eragin negatiboa, egiaztatua eta espezifikoa duen materialen baten unitate fisikoa (edo antzekoa), Europako Kontu Sistema-SEC2010n zerga gisa identifikatua.
Ingurumen-zergak, ingurumenaren arloko irizpidearen arabera, hiru kategoriatan sailkatzen dira: Energiaren gaineko zergak, Garraioaren gaineko zergak eta Kutsaduraren eta baliabideen gaineko zergak.
Euskal AEKo ingurumen zergak, motaren eta ingurumen izaeraren arabera (milaka euro). 2017-2021
| | 2017 | 2018 | 2019 | 2020 | 2021(a) | Urteko aldakuntza-tasa (%) |
| | | | | | | 2020/2019 | 2021(a)/2020 |
| INGURUMEN ZERGAK GUZTIRA | 1.201.973 | 1.256.231 | 1.370.226 | 1.196.441 | 1.363.060 | -12,7 | 13,9 |
| ENERGIAREN GAINEKO ZERGAK | 1.034.555 | 1.081.959 | 1.194.254 | 1.030.639 | 1.195.963 | -13,7 | 16,0 |
| GARRAIO-ZERGAK | 156.948 | 163.503 | 164.903 | 154.250 | 156.388 | -6,5 | 1,4 |
| KUTSADURA- ETA BALIABIDE-ZERGAK | 10.470 | 10.769 | 11.070 | 11.552 | 10.709 | 4,4 | -7,3 |
(a)Aurrerapena
Data 2023ko Martxoaren 10a
Iturria: Eustat. Ingurumenaren kontuak. Ingurumen-zergen kontuak
Nabarmentzekoa da energiaren gaineko zergek sortutako diru-sarreren igoera, batez ere hidrokarburoen gaineko zerga bereziaren bilakaeraren ondorioz
Ingurumen-zergen izaerari dagokionez, energiaren gaineko zergak izan ziren zenbateko handiena izan zutenak, 1.196 milioira iritsi baitziren 2021ean, ingurumen-zerga guztien % 87,7; gainera, hazkunde handiena izan zuten, % 16,0, 2020. urtearekin alderatuta. Igoera hori hidrokarburoen zerga bereziaren bilakaeraren ondorio zuzena izan zen: 1.005 milioi, energiaren gaineko zergen % 84,0, eta % 18,9ko igoera, hau da, 2020an baino 160 milioi gehiago. Talde horretan, garrantzian jarraitzen diote berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideek: % 35,4 igo ziren 2020arekin alderatuta, isurketa-eskubideen batez besteko prezioen igoera nabarmenaren ondorioz.
Azkenik, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergak eta elektrizitatearen gaineko zerga berezia guztira 75 milioira iritsi ziren, eta horrek % 16,1eko jaitsiera ekarri zuen 2020arekin alderatuta. Jaitsiera horren jatorria elektrizitatearen txikizkako merkatuetan prezio-igoeraren eragina arintzeko aplikatu ziren premiazko neurrien multzoa izan zen. Horrez gain, adierazi beharra dago 2021ean ez zela erregistratu Ur Kontinentalak Energia Elektrikoa Ekoizteko Erabiltzeagatiko Kanonetik eratorritako diru-sarrerarik, hori arautzen zuen Dekretua bertan behera utzi izanagatik, baliabide juridikoen mende.
Bigarrenik, garraioaren gaineko zergek 156 milioi euroko ekarpena egin zuten 2021ean, hau da, ingurumen-izaerako zerga guztien % 11,5, aurreko urtean baino % 1,4 gehiago. Kategoria honetan, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga nabarmentzen da: 2021ean 136 milioi euro, zerga-multzo horren % 87,2.
Azkenik, kutsaduraren eta baliabideen gaineko zergek ingurumen-izaerako zerga guztien % 0,8 ekarri zuten: 11 milioi euro eta % 7,3ko murrizketa aurreko urtearen aldean.
Zerga motaren araberako sailkapenari dagokionez, BEZik gabeko produktuen gaineko zergak eta Inportazioen gaineko zergak dira ingurumen-zergen hazkunderik handiena izan dutenak (% 14,7ko igoerarekin) eta ingurumen-zergen ehuneko handiena (% 53,9) biltzen dutenak. 2021ean, zifra 1.131 milioikoa izan zen, ingurumen-zerga guztien % 83,1.
Bestalde, Ingurumena xede duten Beste zerga arruntak % 40,4 izan ziren, 137 milioi euro (-% 1,1). Azkenik, Produkzioaren gaineko beste zergetan, % 11,9 ingurumen-zergei zegozkien, 94 milioi eurorekin, eta horrek % 32,3ko igoera ekarri zuen 2020arekin alderatuta.
Ingurumenaren arloko presio fiskalaren Europako analisi konparatiboa
Fiskalitate berdea, BPGren gaineko ingurumen-zergen bidez bildutako diruaren ehuneko gisa neurtua, 2021ean % 1,7koa izan zen Euskal AEn, herrialde hauen azpitik: Frantzia (% 2,2), Suedia (% 1,9), Luxenburgo (% 1,5) eta Norvegia (% 1,7) edo Espainia eta Alemania (% 1,8). 27-EBko batez bestekoa % 2,2 izan zen. Taularen goiko muturrean, % 3tik gorako tasekin, Grezia, Kroazia edo Herbehereak daude.
Ingurumen-zergen lurralde-azterketa
2021erako ingurumen-zergen lurraldekako banaketak erakusten du Bizkaiak guztizkoaren % 52,7 metatu zuela, Gipuzkoak % 32,5 eta Arabak gainerako % 14,8.
Gainera, 2021ean zergen igoera orokorra % 13,9koa izan bazen ere, ikusten da Gipuzkoa nabarmendu zela 2020arekin alderatuta % 16,1eko igoerarekin; Bizkaian % 15,5 igo ziren eta Araban % 4,4.
Euskal AEKo ingurumen zergak, lurralde historikoaren arabera (milaka euro). 2018-2021
| | 2018 | 2019 | 2020 | 2021(a) | Urteko aldakuntza-tasa (%) |
| | | | | | 2019/2018 | 2020/2019 | 2021(a)/2020 |
| EUSKAL AE | 1.256.231 | 1.370.226 | 1.196.441 | 1.363.060 | 9,1 | -12,7 | 13,9 |
| ARABA/ALAVA | 193.726 | 207.754 | 192.771 | 201.218 | 7,2 | -7,2 | 4,4 |
| BIZKAIA | 662.638 | 712.009 | 622.404 | 719.156 | 7,5 | -12,6 | 15,5 |
| GIPUZKOA | 399.867 | 450.463 | 381.266 | 442.686 | 12,7 | -15,4 | 16,1 |
(a)Aurrerapena
Data 2023ko Martxoaren 10a
Iturria: Eustat. Ingurumenaren kontuak. Ingurumen-zergen kontuak
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62