Euskal AEn ezkutuko ekonomia, 2020an, BPGren % 8,7 izan dela kalkulatzen da
Eraikuntza eta Merkataritza, ostalaritza eta garraioa sektoreek dute ezkutuko balio erantsiaren ehuneko handiena
Ezkutuko ekonomiak eragindako Balio Erantsi Gordina (BEG), 2020an, Euskal AEn, 6.214 milioi eurokoa izan dela balioetsi da; alegia, urte horretako BPGren % 8,7, Eustatek eginiko zenbatespenen arabera. Ezkutuko ekonomiaren neurketaren estatistika-eragiketa kontu ekonomikoen ikuspegian prestatzen eta oinarritzen den lehen aldia da.
Ezkutuko jarduerak dira agintari publikoei zergak edo gizarte-segurantzarekiko kotizazioak ez ordaintzeko, oro har, nahita ezkutatzen diren legezko ekoizpen-jarduerak –zati batean edo erabat–. Datu hori Eustatek bere Urteko Kontu Ekonomikoetan prestatzen duen kontabilitate-sisteman jasotzen da, eta Eurostaten metodologiaren arabera eta Kontu Nazionalen Sistemarekin bat etorriz (Nazio Batuak, 2008) prestatu da. Ezkutuko jarduerak Behatu gabeko ekonomiaren (BGE) zati diren arloetako bat eratzen dute, legez kontrakoekin, ekoizpen informalarekin eta azken erabilera propiorako etxeen ekoizpenarekin batera.
Sektoreka, ezkutuko ekonomia-bolumen handiena duen sektorea Eraikuntzarena da; hartan kalkulatu da jardueraren % 23,9 izan dela 2020an. Atzetik, Merkataritza (ibilgailuen konponketa barne), ostalaritza eta garraioa batzen dituen sektoreak aberastasunaren % 17,1 ezkutuan sortu du; higiezinen jardueretan, ezkutuko ekonomiak sortutako BEG osoaren % 14,7 ekarri du; Beste zerbitzu-jarduera batzuetan, sektorearen % 14,1, eta, lanbide-jardueretan, % 10,1.
Gainerako sektoreetan, ezkutuko jardueren ekarpena askoz ere moderatuagoa izan da, hala nola Informazioa eta komunikazioak (% 5,7), Industria eta energia (% 4,9), Lehen Sektorea (% 2,6), eta, azkenik, hezkuntzako, osasuneko eta gizarte-zerbitzuetako sektoreen merkatuaren zatian, % 2,2.
Ezkutuko ekonomiaren balio osoari dagokionez, Zerbitzuen sektorea da ekarpen handiena egiten duena, %74,1ekoa. Aldi berean, Zerbitzuen sektorearen barruan, “Merkataritza, ostalaritza eta garraioa” nabarmentzen da (% 32,9), eta, bigarrenik, “Higiezinen jarduerak”, baina nahiko urrun (% 19,4). Portaera moderatuagoa izan dute "Jarduera profesionalak" (% 9,9) eta "Bestelako zerbitzu-jarduerak" –azken horiek barne hartzen dituzte aisialdi- eta kultura-zerbitzuak, ordenagailuak eta beste artikulu batzuk konpontzeko jarduerak eta garbitegiko eta garbiketako, ileapaindegietako eta beste edertasun-tratamendu batzuekin zerikusia duten jarduerak– (% 5,3), eta, ondoren, hezkuntzako, osasuneko eta gizarte-zerbitzuetako jarduera pribatuek (% 4,3).
Behatu gabeko ekonomiaren zati horren zenbatespenean pisu gutxien izan duten zerbitzu-sektoreak, 2020an, “Informazioa eta komunikazioak” (% 1,9) eta “Finantza-jarduerak eta aseguruak” (% 0,4) izan dira.
Gainerako sektore handiei dagokienez, “Eraikuntza”rena nabarmentzen da; ezkutuko ekonomia osoaren % 13,9 izan da, eta "Industria eta energia"ren % 11,8. Azkenik, % 1 azpitik, “Lehen sektorea” dago (% 0,2).
Oharra:
Kontuen Sistema Europarraren (KSE-2010) Metodologiak ezartzen duenez, BPGren neurketak, batetik, “behatutako ekonomia” (BE) jaso behar du –hura da estatistikek zentsu ekonomikoen eta/edo urteko inkesten bidez zuzenean emandako ekoizpen-espazioa–, eta, bestetik, “behatu gabeko ekonomia” (BGE) –hura da iturri ekonomiko-estatistiko tradizionalek zuzenean atzematen ez duten ekoizpen-espazioa, hala nola aurretik deskribatutakoak, eta, termino praktikoetan, doikuntzak egitea eskatuko duena–.
Eurostatek zehaztutako taula-formako ikuspegiari jarraikiz, Behatu Gabeko Ekonomiak zazpi osagai bereiz ditzake (N1etik N7ra), eta osagai horiek, oro har, honako hauei erreferentzia egiten dieten lau kategoriatan sailka daitezke:
a) Erregistratu gabeko ekoizleak:
N1 – Nahita erregistratzen ez diren ekoizleak – Ezkutuko jarduerak
N2 – Nahita erregistratzen ez diren ekoizleak – Legez kontrako jarduerak
N3 – Erregistratu nahi ez duten ekoizleak – Jarduera informalak eta Autokontsumoa
b) Inkestarik egin ez duten ekoizleak:
N4 – Inkestarik egin ez duten pertsona juridikoak – Hutsak bilketan
N5 – Inkestarik egin ez duten enpresaburu erregistratuak – Hutsak bilketan
c) Informazioaren jakinarazpen desegokia:
N6 – Informazioa nahita gaizki ematen duten ekoizleak – Hutsak bilketan eta Ezkutuko jarduerak
d) Beste huts batzuk:
N7– Beste huts estatistiko batzuk
Eustatek, gaur, “ezkutuko ekonomia” delakoa zabaldu du; Eurostaten taula-formako ikuspegiko N1 eta N6 kategoriak jasotzen ditu, Europako Batzordeak zentzu ekonomikoan ekoizpen-jarduera gisa definitzen dituenak (tokiko estandar eta arauketen arabera), baina agintari publikoei nahita ezkutatzen zaizkienak.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62