2023/07/12ko prentsa-oharra
EUSKAL INDUSTRIAREN PANORAMA. 2023
Euskal industriak nazioarteko bokazio argia du, 2021ean esportazioak BPGaren % 147 izan baitira
Industriaren berrikuntzan egindako gastua 2021ean Euskal AEn egindako gastu osoaren % 37,7 izan zen
Euskal AEko industria-enpresen bereizgarrietako bat kanpora begira egotea da, esportatzeko joera handia baitute. Adierazle horrek industriako esportazioek industriako BPGaren aldean duten proportzioa islatzen du, eta % 147ko balioa izan zuen 2021ean Euskal AEn, Eustatek landutako datuen arabera.
26.022 milioi euroko balioa zuten esportazioak egin ziren, eta 21.282 milioi euroko balioa zuten inportazioak. Horrela, guztizko estaldura-tasa, hau da, esportazioen balioa inportazioen aldean adierazten duen ehunekoa, 122,3 da.
2021eko testuinguru makroekonomikoan, Euskal AEko industriak susperraldi nabarmena izan du COVID-19aren pandemiaren ondorio kaltegarrien ostean. Zenbait adierazle ekonomikok erakusten dute joera positibo hori.
2020an pandemiaren ondorioz izandako beherakadaren ostean, industriaren balio erantsia suspertu egin da 2021ean. EB-27 da susperraldiaren buru, % 6,7ko igoerarekin; Euskal AEn % 6,1ekoa izan da igoera. Frantziak eta Alemaniak igoera apalagoa izan zuten, % 4,5ekoa alegia, eta Espainiak, berriz, % 6,6koa.
Salmentei dagokienez, Euskal AEko manufaktura- eta ateratze-industriaren jarduerak 2021ean berreskuratu egin du pandemiak urtebete lehenago eragindako salmenten jaitsiera (% -18,4), % 18,6ko igoera izan baitu. Hogei euskal eskualdeetatik hemeretzitan izan dira igoerak. Nabarmentzekoak dira Gorbeialdea, Añana, Enkarterri eta Bilbo Handia eskualdeak. Balio erantsi gordinari dagokionez, 2021ean Arabak % 11,2ko hazkundea izan zuen, Bizkaiak % 21,9koa eta Gipuzkoak %14,5ekoa.
Enpleguari dagokionez, industriak enplegu osoaren %19,9 hartu du 2021ean, eta haren pisuak estatuko eta EB-27ko batezbestekoa baino handiagoa izaten jarraitzen du. Enplegua sektore hauetan kontzentratzen da, besteak beste: Metalurgia eta produktu metalikoak, Makineria eta ekipoa eta Garraio-materiala.
Sektoreen araberako banaketa aztertzean, ikusten da Metalurgia eta produktu metalikoak sektorea, Elektrizitatea, gasa eta lurruna sektorearekin batera, Euskal AEko industriaren BEGaren % 37,8 izan dela 2021ean. Beste sektore aipagarri batzuk Makineria eta ekipoa (% 11,2) eta Garraio-materiala (% 10,8) dira; Ateratze-industriak eta Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza sektoreek, berriz, partaidetza txikiagoa dute.
Euskal AEko industriaren ezaugarri nabarmenenetako bat sektore-kontzentrazio maila altua da. Hori ez da asko aldatu azken urteotan. Euskal AEko industriak 2021ean sortutako balio erantsi gordinaren % 26,5 Metalurgia eta produktu metalikoen adarrari zegokion. Sektore klasiko horrek beti izan du pisu handia ehunekotan. Sektore horri Garraio-materiala, Energia elektrikoa, gasa eta lurruna eta Makineria eta ekipoa gehitzen bazaizkio, industria-balio erantsiaren % 59,8 kontzentratzen da, 2010ean baino 2,9 puntu gehiago.
Industriak Euskal AEko ekonomia osoan duen pisu erlatiboa % 23,4koa izan da 2021ean, eta argi eta garbi dago Espainian (% 16,9), Frantzian (% 13,1) edo EB-27n (% 19,9) duenaren gainetik, eta, gutxigatik bada ere, Alemanian duenaren azpitik (% 24,0).
2021ean, Euskal AEko industriako establezimenduen batez besteko tamaina 16,3 enplegatukoa zen, eta aldakortasun handia zegoen sektoreen artean. Industria-establezimendu gehienek, % 83,7k hain zuzen, 20 langile baino gutxiago zituzten, eta enpleguaren % 21,4 ordezkatzen zuten. Beste muturrean, establezimenduen % 0,7k, 250 langile baino gehiagorekin, enpleguaren % 24,5 hartzen zuten.
Zifra horiekin, industriak % 19,9ko ekarpena egiten dio Euskal AEko enplegu osoari, Estatuko batezbestekoaren (% 10,9) eta EB-27ko batezbestekoaren (%15,7) oso gainetik, adibidez.
Produktibitateari dagokionez, faktore-kostuetako balio erantsi gordinaren eta langile okupatuen arteko zatidura gisa ulertuta, 2020an, Europa mailan datuak ditugun azken urtean alegia, Euskal AEn 58.700 €-koa zen, Espainiakoa baino handiagoa (55.900 €), baina EB-27koa (64.000 €), Frantziakoa (70.900 €) edo Alemaniakoa (77.400 €) baino txikiagoa.
Euskal AEko industria-sektoreen maila teknologikoari dagokionez, Euskal AEko industria-jardueren % 5,3 goi-mailan kokatuta dago. Hala ere, aztertutako aldi horretan, 2010-2021, maila hazi egin da, 2010ean % 3,5ekoa baitzen. Bestalde, hamabi urteko aldi horretan, eduki teknologikoren bat duten sektoreak ehuneko bost puntu baino gehiago igo dira, 2010eko % 84,9tik 2021eko % 90,5era pasatu baitira.
Azkenik, Euskal Industriaren Panoramak berrikuntza eta informazioaren eta komunikazioen teknologien erabilera ere aztertzen ditu, lehiakortasuna hobetzeko motor gisa. Industria osoak berrikuntza-jardueretan 2021erako egindako gastua Euskal EAEn egindako gastu osoaren % 37,7 izan zen, eta barneko I+G izan zen elementurik nabarmenena (% 54,1).
Gainera, Euskal AEko industriak informazioaren eta komunikazioaren teknologiak deritzenen ezarpen-maila handia du; izan ere, ia industria-adar guztietan, industria-establezimenduen % 91k baino gehiagok ordenagailua, posta elektronikoa, Internet eta telefono mugikorra dituzte.
Internetek eskaintzen dituen aukera ugarien artean, merkataritza elektronikoa egin ahal izatea dago. Jarduera mota horrek gora egin du azken urte honetan Euskal AEn, bai negozio-zifretan, bai parte hartzen duten enpresen kopuruan; izan ere, 2021ean, 10 langileko edo gehiagoko industria-establezimenduen % 35,6k Interneten bidez egin zituzten erosketak edo salmentak, eta, 2020an, berriz, % 34,9k. Robotika edo 3D inprimagailuen erabilera dira, gainera, industria-establezimenduetan gainerakoetan baino ezarpen handiagoa duten 4.0 industriaren bi adierazleak; lehenengo kasuan, 10 langile edo gehiago dituztenen % 22ra iristen da, eta, 3D inprimagailuen kasuan, % 13,4ra. Nabarmentzekoa da, halaber, sare sozialak establezimenduen erdietan baino gehiagotan (% 55,7) erabiltzen direla enpresa-helburuetarako.
Ohar metodologikoa:
Euskal Industriaren Panorama lau ataletan egituratuta dago. Lehenengoa, Euskal AEko industrian zentratzen da, Euskal AEko testuinguru makroekonomikoan eta gure inguruko ekonomiekin alderatuta; bigarrenak gure erkidegoko industriaren egoera aztertzen du, balio erantsia, langile okupatuak eta halako adierazleak erabiliz, eta, era berean, eskualdeen testuinguru geografiko txikiagoari heltzen dio; hirugarrenean, funtsezko alderdi ekonomikoak jorratzen dira, hala nola lehiakortasuna edo inbertsioa; azkenik, laugarren atalean, I+G+b Euskal AEko industrian eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera aztertzen dira.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62