2024/03/22ko prentsa-oharra
ESKOLA JARDUERAREN ESTATISTIKA. 2023
2022/2023 ikasturtean unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan matrikulatutako ikasleak % 0,6 jaitsi dira Euskal AEn
Matrikulatutako ikasleen ia heren batek, 114.000 ikaslek baino gehiagok, Eusko Jaurlaritzaren ikasteko bekak edo laguntzak jaso zituen
Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetan guztira 405.460 matrikula egin ziren 2022/23 ikasturtean Euskal AEn, aurrekoan baino % 0,6 gutxiago, Eustatek landutako datuen arabera.
Bai Haur Hezkuntzak bai Lehen Hezkuntzak azken urteetako beheranzko joera mantendu dute, eta ikasleen jaitsiera % 3,4koa eta % 1,4koa izan dute hurrenez hurren, 2021/22 ikasturtearekin alderatuta. Aitzitik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ia 1.800 ikasle gehiago izan ziren, azken urteotan DBHk izan duen pixkanakako igoerarekin jarraituz, 2007/08 ikasturtetik 20.000 ikasle gehiago izan baititu.
Araubide Bereziko Irakaskuntza guztietan egin dute gora ikasleek, Kirolaren Irakaskuntzetan izan ezik, 300 matrikulatik gora galdu baitzituzten. Horrek adierazten du, termino erlatiboetan, % 28ko jaitsiera aurreko ikasturtearekin alderatuta.
Unibertsitatetik kanpoko irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleak Euskal AEn, irakaskuntza mailaren arabera, zentroaren titulartasunari jarraiki. 2022/23
| | Guztira | Publikoa | Pribatua | Aldaketa, aurreko ikasturtearen aldean (%) |
| GUZTIRA | 405.460 | 226.164 | 179.296 | -0,6 |
| Araubide orokorreko irakaskuntzak | 377.251 | 199.039 | 178.212 | -0,6 |
| Haur-Hezkuntza | 73.766 | 39.630 | 34.136 | -3,4 |
| Lehen Hezkuntza | 124.151 | 64.388 | 59.763 | -1,4 |
| Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza | 88.889 | 42.035 | 46.854 | 2,1 |
| Oinarrizko lanbide heziketa | 4.905 | 1.432 | 3.473 | 3,4 |
| Batxilergoa | 32.476 | 15.403 | 17.073 | -0,5 |
| Erdimailako lanbide-heziketa | 16.029 | 10.099 | 5.930 | -1,6 |
| Erdi-mailako LHko espezializazio-ikastaroak | 59 | 37 | 22 | 78,8 |
| Goimailako lanbide-heziketa | 23.706 | 13.712 | 9.994 | -0,2 |
| Goi-mailako LHko espezializazio-ikastaroak | 254 | 200 | 54 | 130,9 |
| Hezkuntza Berezia | 1.686 | 946 | 740 | 3,9 |
| Helduen Hezkuntza | 11.330 | 11.157 | 173 | 2,4 |
| Araubide bereziko irakaskuntzak | 28.209 | 27.125 | 1.084 | -0,4 |
| Hizkuntzen irakaskuntzak | 23.843 | 23.843 | - | 0,4 |
| Musika arte-irakaskuntzak | 2.537 | 1.837 | 700 | 1,6 |
| Dantza arte-irakaskuntzak | 138 | 138 | - | 0,0 |
| Arte plastikoen eta diseinuaren irakaskuntzak | 799 | 541 | 258 | 9,8 |
| Kirol irakaskuntzak | 829 | 703 | 126 | -28,0 |
| Arte dramatikoaren irakaskuntza artistikoak | 63 | 63 | - | 5,0 |
Data 2024ko Martxoaren 22a
Iturria: Eustat. Eskola-jardueraren estatistika
Ikastetxearen titulartasunari dagokionez, Araubide Orokorreko Irakaskuntzetan ikasleen banaketa egonkor mantendu zen, aurreko ikasturteekin alderatuta. Horrela, ikasleen ia % 53 ikastetxe publikoetan matrikulatu ziren eta % 47k nahiago izan zuten titulartasun pribatuko ikastetxe batean matrikulatu.
Lanbide Heziketaren goranzko bilakaeraren arrazoi nagusia matrikulatutako gizonezkoen kopuruaren igoera da
Erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako matrikula-kopuru osoak, espezializazioko ikastaro berriak sartuta, zertxobait behera egin zuen 2022/23 ikasturtean. Zehazki, 133 pertsona gutxiago matrikulatu ziren; hala ere, 40.000 ikasletik gora matrikulatu ziren, aurreko ikasturtean bezala.
Dena den, Lanbide Heziketaren azken hamabost urteetako bilakaera globala argi eta garbi goranzkoa izan da. Joera hori gizonetan eta emakumeetan izan da, nahiz eta beti izan diren ikasle gizonezko gehiago. 2007/08 ikasturtearekin alderatuta, matrikulatutako gizonen kopuruak % 76,4 egin zuen gora eta matrikulatutako emakumeenak % 34,8.
Bestalde, 2022/23 ikasturtean, Lanbide Heziketako ikasleen banaketa ekitatiboa izan zen STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) lanbideekin lotutako lanbide-familietako prestakuntza-zikloetan eta esparru zientifiko-tekniko horretakoak ez direnetan. Hala ere, talde horien barruan, sexuen banaketa oso ezberdina izan zen. STEM ikasketetan, esate baterako, genero-arraila oso nabarmena izan zen, emakumeak % 12 baino ez baitziren izan; eta gainerako lanbide-familietan banaketa ez zen hain desorekatua izan, eta hamar matrikulatatik sei izan ziren emakumeenak. Fenomeno hori ez da 2022/23 ikasturtean bakarrik gertatu, denboran zehar errepikatzen joan da.
Ikastetxe pribatuak izan ziren atzerriko hizkuntzak irakaskuntza-hizkuntza gisa erabiltzearen buruan
Euskal AEko ikasleen % 21,6k atzerriko hizkuntzak erabili zituzten irakaskuntza-hizkuntza gisa. Ikasgairen bat (atzerriko hizkuntzaren ikasgaia bera ez zena) esate baterako ingelesez, frantsesez edo alemanez ikasi zuten ikasleak dira. Ikasteko modalitate hori, batez ere, Lehen Hezkuntzan (% 31,4), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (% 37,1) eta Batxilergoan (% 14,4) eman zen. Gainerako mailetan ezohiko presentzia izan zuen.
Alde handiak ikusi ziren zentroaren izaeraren arabera. Sare pribatuan matrikulatutako ikasleen heren batek euskara eta gaztelania ez ziren beste hizkuntza batean jaso zituen eskolak. Sistema publikoan, berriz, kasuen % 9,4an bakarrik gertatu zen hori. Adierazi behar da datu horietan beste herrialde batzuetan indarrean dauden hezkuntza-sistema emateko baimenduta dauden eta irakaskuntza-hizkuntza gisa herrialde horietako berezko hizkuntzak erabiltzen dituzten atzerriko ikastetxeak daudela.
Aldeak hain nabarmenak ez diren arren, aztertutako datuetan ezberdintasunak ikusi dira lurraldeen arabera ere. Atzerriko hizkuntzak gehien erabili ziren lurraldea Araba da, eta ondoren Bizkaia. Bi lurralde horietan, gutxi gorabehera ikasleen laurden batek erabili zituen beste hizkuntza batzuk ikasketetan. Gipuzkoan % 16k baino ez.
Eusko Jaurlaritzak 72,7 milioi euro bideratu zituen ikasteko beka eta laguntzetara
Matrikulatutako ikasleen ia heren batek jaso zituen ikasteko bekak edo laguntzak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik, eta hori, zifra absolutuetan 114.000 ikasle baino gehiago dira.
Bekadun ikasleen proportzioa handiagoa izan zen sare publikoan, maila guztietan, matrikulatutakoen artean, erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketan izan ezik. Alde horretatik, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko alderik handiena Lehen Hezkuntzan gertatu zen. Horrela, ikastetxe publikoetan Lehen Hezkuntzan matrikulatutako ikasleen % 48,4k jaso zuten ikasteko beka edo laguntzaren bat, titulartasun pribatuko ikastetxeetan matrikulatu zirenen artan baino ehuneko 24 puntu gehiago.
Beketara bideratutako kopurua 72,7 milioi eurotik gorakoa izan zen, aurreko ikasturtean baino 9 milioi gehiago. Igoera horren zatirik handiena jasangarritasun ekonomikoko neurriak arautu zituen 14/2022 Errege Dekretu Legearen aplikazioaren ondorio zuzena izan zen. Hezkuntzaren arloan, arau horrek 400 euroko zenbatekoa ezarri zuen derrigorrezkoen ondoko ikasketak egiten zituzten deialdi orokorreko beka eta laguntzen onuradun guztientzat. Euskal AEn, zenbateko hori 20.037 pertsonak jaso zuten.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel: 945 01 75 62