2024/05/31ko prentsa-oharra
Makina-Erremintaren Biurtekoa. 2024
Euskal AEko makina-erremintaren sektoreak 888 milioi euro esportatu zituen 2023an, eta serie historikoaren errekorra hautsi
Gipuzkoak kontzentratzen du sektorearen jarduera, bai negozio-zifran, bai pertsonalean eta baita bolumen esportatzailean ere
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko makina-erremintaren sektoreak 888 milioi euroko esportazioak egin zituen 2023an, serie historikoaren errekorra hautsiz.
2024ko ekainaren 3tik 7ra bitartean, Makina-Erremintaren Biurtekoaren 32. edizioa egingo da Barakaldoko Bilbao Exhibition Centerren. Topaketa honek agerian uzten du makina-erremintak sektore ekonomiko gisa euskal ekonomiarentzat duen garrantzia.
Industriarako eskuragarri dauden azken datuak 2022koak dira. Urte horretan, sektoreak 1.097,2 milioi euro fakturatu zituen, balio nominaletan, eta serieko zifrarik altuena lortu zen, bigarren balio altuena – 2018an lortutako 1.043,4 milioiak – % 11,7an gainditu baitzuen. Bestalde, 2023an hazkundea % 12 ingurukoa izan dela kalkulatu da.
Euskal makina-erremintak 4.133 pertsonari ematen die lana, eta Estatu osoko negozio-zifraren erdia baino gehiago da: 2022an, zehazki, % 52,3.
Sektore estrategikoa da, manufaktura-industriarekin duen harremanagatik, izan ere, bere jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren ekoizpen-baliabideak ematen dizkio. Besteak beste, metala lantzeko makinen fabrikazioa; torneatzeko, fresatzeko, konformatzeko, arrabotatzeko, eta trokelatzeko prentsen fabrikazioa; prentsa hidraulikoak; galga hidraulikoak; forjatzeko makinak; trefilatzeko bankuak; harietarako ijezkailuak; enbutizio-makinak; metalezko xaflak mozteko makinak; etab.
2022an, makina-erremintan aritzen diren 107 establezimenduen fakturazioa % 20,5 hazi zen, eta, ildo beretik, Euskal AEko industria osoan negozio-zifra % 27,0 igo zen.
Termino absolutuetan, sektoreak 2022an izan duen fakturazioaren behin betiko batura 1.097,2 milioi eurokoa izan da, aurreko ekitaldian 910,6 milioi eurokoa izan zen bitartean. Hori guztia prezio arruntetan izan da, eta 2017-2018 biurtekoan lortutako zifra errekorrak berreskuratu ditu, mila milioitik gorako diru-sarrerekin. Horrela, 2019an hasitako joera gainditu egin da, izan ere, urte horretan negozio-zifrak % 5,6ko murrizketa izan zuen, eta bilakaera hori larriagotu egin zen hurrengo bi urteetan, COVD-19k ekonomian izan zituen ondorioengatik. 2019. urtea erreferentziatzat hartuta, 2020an jaitsiera % 17,2koa izan zen, eta % 7,3koa 2021ean.
Sektoreko enpleguak ere gora egin zuen, 2021aren aldean 138 pertsona gehiago, hau da, % 3,5 gehiago, industriaren globalak baino (% 1,4).
Jarduera horretara bideratutako eskulana egonkor samar mantendu da azken urteotan: betiere lau mila langiletik gora, 2021ean erregistratutako 3.995eko minimoaren eta 2010eko 4.536ren artean; 2022an enplegatutako 4.133 pertsonak industriako enplegu osoaren % 2 baino zertxobait gehiago osatzen dute.
Zentzu horretan, sektore honek industria osoak baino enplegu-kontzentrazio nabarmen handiagoa du; horrela, industria-establezimenduen batez besteko tamaina 19 pertsonakoa den bitartean, makina-erremintarena, 39 enplegurekin, bikoitza da.
Lurralde-azterketak agerian uzten du Gipuzkoak duen protagonismo ukaezina. Lurralde horretan daude erkidegoko hamar establezimendutik sei baino gehiago eta sektoreko langileen % 77,9. Establezimendu hauek, gainera, 2022an fakturatutakoaren % 76,2 bildu zuten, eta harreman hori ia ez da aldatu azken urteotan. Bizkaiak – 26 establezimendu – eta Arabak – 11 establezimendu –, berriz, gainerako enplegua honela banatzen dute: % 15,1 lehenengoarentzat eta % 7 bigarrenarentzat, eta negozio-zifra % 17,3 eta % 6,5, hurrenez hurren.
Produktibitatea pertsonako aztertzeko enplegua eta produkzio-prozesuan sortutako balio erantsia erlazionatzen dira; alegia, eraginkortasunaren adierazlea eta errendimendu ekonomikoaren funtsezko neurria da. Ildo honetatik, produktibitatea pertsonako Euskal AEn hirurogeita bederatzi mila euro per capita da, aurreko urtearen aldean % 1,6ko hazkundearekin. Adierazle hori % 2,3 igo da Araban, % 1,9 Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, pixka bat jaitsi da, % 0,3.
Makina-erreminta, nazioarteko merkataritzara irekitako sektorea: 888 milioi esportatu ziren 2023an (guztizkoaren % 2,7)
Esportatzeko joera deritzona euskal makina-erremintaren industriaren sektoreak nazioarteko merkatuetan duen merkataritza-txertatze handiaren adierazgarri da, hau da, kanpo-merkatuetan egindako salmenten eta faktore-kostuko balio erantsi gordinaren arteko zatidura.
Adierazle hori 297,9koa izan zen 2022an, bi urte lehenagoko balioa baino ehuneko 20 puntu hobea. Datu horrekin, bosgarren postuan dago berrogeita bi industria-sektoreen artean, hurrengo sektoreen atzetik: Ontzigintza, Motordun ibilgailuen, atoien eta erdi-atoien fabrikazioa, Siderurgia eta Beste garraio-material batzuen fabrikazioa, ontzigintza izan ezik. Sektore hauen esportatzeko joera % 310,1 eta % 1.794,3 artekoa da, laugarrenaren eta lehenengoaren artean.
2023an, makina-erremintaren sektoreko jarduerarekin lotutako produktuen esportazioak 887,6 milioi euroren truke egin ziren. Horrela, serie historikoaren maximoa lortu zen, orain arte 2013. urtekoa zena (777,7 milioi). 2012tik aurrera 700 milioira iritsi ziren, eta maila hori mantendu egin da, 2019., 2020. eta 2021. urteetan izan ezik. Produktu horien salmentak guztizkoaren % 2,7 izan dira (32.645 milioi euro). 2024ko lehen hiruhilekoan, mota horretako produktuak saldu ziren 195,2 milioiren truke, hau da, esportatutako merkantzia guztien % 2,6.
2023an, sektoreko esportazio gehienak Gipuzkoan egin ziren (% 75,2, 667,9 milioi). Bizkaiari % 15,5 dagokio (137,4 milioi) eta Arabari gainerako % 9,3 (82,3 milioi). Gipuzkoak esportatutako hamar eurotik ia zortzi biltzen ditu (batez beste % 76,4).
"Makina-erremintaren" sektorearen barruan, hiru produktu nabarmentzen dira besteen gainetik: "Makina-erremintarako zatiak eta osagarriak", "Metala material-abio bidez zulatu, otxabutu, fresatu edo hariztatzeko makina-erremintak, tornuak izan ezik" eta "Metalezko abio bidez lan egiten duten tornuak eta torneaketa-zentroak" dira. Hiruren artean 500 milioi euro dira guztira, 2023an esportatutako 887,6 milioien % 56,3. Horietatik, 206,7 milioi lehen produktuari dagozkio, 163,1 milioi bigarrenari eta 130,2 milioi hirugarrenari.
Tradizionalki, "Makina-erremintarako zatiak eta osagarriak" partida izan da esportatzaileen lehen postuan; 2014ra jo behar da hura gaindituko zuen beste partida bat aurkitzeko. Urte horretara arte, "Makina-erremintak eta forjatzeko, estanpatzeko, zizailatzeko, puntzonatzeko, entokatzeko, biribiltzeko, kurbatzeko, tolesteko eta abarrerako prentsak" edo "Material-harroketa bidez metala zulatzeko, eskariatzeko, fresatzeko edo hariztatzeko makina-erremintak, tornuak izan ezik" izan ziren makina-erremintaren sektorearen barruan esportatzaileetako posturik altuena betetzen zutenak.
2023. urteko ranking honetan, zenbateko txikiagoko partidak hauek izango lirateke: "Makina-erremintak eta forjatzeko, estanpatzeko, zizailatzeko, puntzonatzeko, zizelkatzeko, biribiltzeko, kurbatzeko, tolesteko eta abarrerako prentsak". (96,6 milioi), "Metala lantzeko mekanizazio-zentroak" (79,3 milioi) eta "Zura, plastikoa edo antzeko gai gogorrak lantzeko makina-erremintak (iltzatu, grapatu, mihiztatu, zerratu, eskuilatu, moldatu, zulatu...)" (70,0 milioi).
Araban, "Metala lantzeko mekanizazio-zentroak" (37,8 milioi); Bizkaian, "Metala erauziz lan egiten duten tornuak eta torneaketa-zentroak" (63,7 milioi); eta Gipuzkoan "Metala erauziz zulatu, otxabutu, fresatu edo hariztatzeko makina-erremintak, tornuak izan ezik" (160,1 milioi). Arabak bi partida ditu, Bizkaiak hiru eta gainerakoetan Gipuzkoa da nagusi.
Hamar dira makina-erremintaren sektoreko esportazioak jasotzen dituzten herrialde nagusiak, eremu geografiko zabalekoak. 2023. urtean AEB izan zen zerrendaburu, 136,2 milioiren truke esportatu baitziren produktuak herrialde horretara (guztizkoaren % 15,5). Ondoren daude Italia (113,6 milioi), Alemania (100,4 milioi), Txina (88,2 milioi), Mexiko (63,5 milioi), Frantzia (59,9 milioi), Turkia (37,3 milioi), Suedia (28,4 milioi), India (27,5 milioi) eta Erresuma Batua (24,4 milioi). Oro har, herrialde horiek makina-erremintaren gure esportazioen xede-herrialdeen % 77 hartzen dute.
Hain zuzen ere, gainerako industriaren aldean, hauxe da sektorearen ezaugarri nagusia: xede-eremu geografikoen aniztasuna, edo, bestela esan, makina-erremintaren esportazioen nazioartekotzea. Industria-esportazio globalak, funtsean, EB-27n zentratu ziren, % 62,2, makina-erremintaren sektorearen % 44,4ren aldean.
2023an, sektore ekonomiko horren barruan, 227,6 milioi euroko inportazioak egin ziren, eta horrek, esportazioekin alderatuta, 660 milioi euroko merkataritza-saldo positiboa ekarri zuen.
Arantzel-partida eskatuena "Makina-erremintarako zatiak eta osagarriak" (100,1 milioi) izan zen, ondoren "Metala lantzeko mekanizazio-zentroak" (46,2 milioi) eta "Metal-harroketa bidez lan egiten duten tornuak eta torneaketa-zentroak" (17,9 milioi). Hiruren artean inportazioen % 72 hartu zuten.
Sektore honetan inportatutakoaren ia erdia Gipuzkoara joan zen (% 45,9), Bizkaiara % 31,0 eta Arabara % 23,1.
I+G eta Berrikuntza, funtsezko elementuak makina-erremintaren sektorean
Makina-erremintaren sektorea Makineria eta ekipoa dibisiokoa da. Lehenengoaren berezko jarduerez gain, Erabilera orokorreko makineriaren fabrikazioarekin, Nekazaritzako eta basogintzako makineriaren fabrikazioarekin eta Beste makineria baten fabrikazioarekin lotutakoak ere biltzen ditu. Banaketa horretan, hamar langile eta gehiagoko establezimenduen % 59,2k berrikuntzaren bat egin zuen 2020-2022 hirurtekoan. Ehuneko hori sektoreen guztizkoa (% 35,4) baino nabarmen handiagoa da. Era berean, dibisio horretan eta enpleguaren tamaina horretarako berrikuntza-jardueretan egindako gastua 126,2 milioi eurokoa da, hau da, sektore guztien % 4,4.
Produktu-berrikuntzei soilik erreparatuz gero, Makineria eta ekipoa atalean enpresa berritzaileen proportzioa % 52,1 da, eta guztizkoan % 22,6. Negozio-prozesuen berrikuntzari dagokionez, zifra hori % 44,2 eta % 30,7 da, hurrenez hurren. Beraz, erraz ondoriozta daiteke makina-erremintaren sektorea oso berritzailea dela.
Bestalde, 2022an, makina-erreminta fabrikatzen duten 35 establezimenduk I+Gko proiekturen bat gauzatu zuten beren baliabideekin, 27,0 milioi euroko balioarekin. Horrek esan nahi du I+G egin zuten establezimendu guztien % 2,2 eta I+Gko barne-gastu osoaren % 1,5.
Azkenik, makineriaren eta ekipoen dibisioko hamar pertsona eta gehiagoko establezimenduak hurrengo sektoreetan nabarmentzen dira: 3Dko inprimaketan (% 23,1) eta robotikan (% 19,4), sektore guztien % 10,5 eta % 11,0ren aurrean. Bi elementu horiek Industria 4.0 deiturikoak dira. Gainera, merkataritza elektronikoari dagokionez, dibisio horretan, makinerian eta ekipoan, % 51,4 da, eta guztizkoan, berriz, % 39,0.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62