2025/07/18ko prentsa-oharra
EUSKAL INDUSTRIAREN PANORAMA. 2025
Industria Euskal AEko guztizko balio erantsiaren % 23,7ra iritsi zen 2023. urtean, Estatuaren, Europaren eta ekonomikoki garrantzitsuak diren herrialdeen gainetik
Industria-sektorearen esportazio-joera handia: esportazioak industriako BPGaren % 134,4 izan dira
Eustaten datuen arabera, industriak Euskal AE osoan duen pisu erlatiboa —balio erantsi gordinari dagokionez— % 23,7koa izan zen 2023an, hau da, Espainian (% 14,7), Frantzian (% 13,4) eta EB-27an (% 18,2) baino nabarmen handiagoa eta Alemanian (% 22,4) baino handixeagoa.
Faktoreen kostuko balio erantsi gordinaren (BEGd) bilakaerari dagokionez (kateatutako bolumenaren indize gisa), % 1,8ko igoera gertatu da. Inguruko herrialdeekin alderatuta, Frantziak erraz gainditu du zifra hori, % 5,5 igo baita (2022an % 5,5 jaitsi ondoren). Haren atzetik, Espainia (% 0,7ko igoera) eta Alemania (% 0,1eko igoera) kokatu dira. EB-27ko batezbestekoa % 1,4 jaitsi da.
Industria-sektoreko enpleguak enplegu guztien % 20,1 izan ziren 2023an, eta ehuneko hori Estatuko batez bestekoa (% 11,3) eta EB-27koa (% 15,4) baino handiagoa izan zen berriz. Gaineratu beharra dago gure inguruko herrialdeetako indizeak ere gainditu zituztela. Izan ere, Alemanian industriako enpleguaren ehunekoa % 17,7ra iritsi zen, Italian % 16,5era eta Frantzian % 10,1era.
Sektoreak bereizita ikus daitekeenez, enplegua honako adar hauetan bildu da nagusiki: Oinarrizko metalen eta produktu metalikoen fabrikazioa (% 32,8), Makineriaren eta ekipamenduen fabrikazioa (% 11,3) eta Garraio-materialaren fabrikazioa (% 9,6). Industria-jardueraren hiru adar horietan, industrian jardun duten langileen % 53,7 aritu dira.
2023an, euskal industriako establezimenduen batez besteko tamaina 17,5 langilekoa izan zen, eta sektoreen artean alde handiak zeudela egiaztatu zen. Industria-establezimendu gehienek (% 82,9k) 20 langile baino gutxiago zituzten, eta enpleguaren guztizkoaren % 20,2 bildu zuten. Beste muturrean, establezimenduen % 0,8k 250 langile baino gehiago zituzten, eta industriako enpleguen % 27 bildu zituzten.
Industria-sektorean, diru-sarreren bolumena 70.380 milioi eurora iritsi zen Euskal AEn 2023an, termino arruntetan. Negozio-zifraren bolumen horrek adierazten du % 5,7ko jaitsiera gertatu dela 2022ko zifrekin alderatuta. Lurralde historikoak kontuan hartuta, igo zen lurralde bakarra Araba izan zen (% 1). Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, diru-sarreren bolumena % 11,5 eta % 1,4 jaitsi zen, hurrenez hurren.
Euskal AEko industriaren ezaugarri nabarmenetako bat kontzentrazio sektorialaren maila handia da, azken urteetan neurri handian aldatu ez dena. Euskal industriak 2023an sortutako balio erantsi gordinaren % 28,1 "Metalurgia eta produktu metalikoak" adarrari zegokion, eta adar horren garrantziak bere horretan jarraitu zuen. Sektore horri "Garraio-materialaren fabrikazioa" (% 11,6), "Makineriaren eta ekipamenduen fabrikazioa" (% 9,8) eta "Energia elektrikoaren, gasaren eta lurrunaren hornidura" (% 9,5) adarrak gehituz gero, industriako balio erantsiaren ehunekoa % 59ra iritsi da. Ehuneko hori 2022koa baino portzentajezko 1,6 puntu handiagoa da, eta azken aldiko ehunekorik handiena izan zen 2016koa baino portzentajezko 2,7 puntu txikiagoa.
Produktibitateari (hots, faktoreen kostuko balio erantsi gordinaren eta landunen arteko zatidurari) dagokionez, 2023an 79.400 eurora iritsi zen, eta, beraz, aurreko urtekoa baino % 3,1 handiagoa izan zen. Europako datuekin alderatzeko, 2022. urtera jo beharra dago, Europako datuak eskaintzen dituen azken urtea baita. Urte horretan, produktibitatea 77.000 eurokoa izan zen, hau da, Espainiakoa (68.700 €) baino handiagoa, baina EB-27koa (80.600 €), Frantziakoa (85.800 €) eta Alemaniakoa (96.200 €) baino txikiagoa.
Euskal AEko industria-sektoreen maila teknologikoari dagokionez, Euskal AEko industria-jardueren balio erantsi gordinaren % 6 goi-mailan kokatuta dago, baina aztertutako 2010-2023 aldian portzentajezko 2,5 puntu igo da maila, % 3,5ekoa izan baitzen 2010ean.
Bestalde, hamalau urteko aldi horretan, eduki teknologikoren bat duten sektoreak portzentajezko ia bost puntu igo dira, eta balio erantsi gordinaren % 84,9tik % 89,6ra iritsi dira 2010etik 2023ra bitarte.
Euskal industria-enpresen ezaugarri bereizgarrietako bat kanpora begira daudela da, esportatzeko joera handia baitute. Adierazle horrek industriako esportazioek industriako balio erantsi gordinean duten proportzioa islatzen du, eta 2023an % 134,4ko balioa lortu zuen Euskal AEn. Industria-sektoreak esportatzeko duen joera hori honako sektore hauetan oinarritu da funtsean: Garraio-materiala (% 467), Koke-lantegiak eta petrolio-fintzea (% 252) eta Makineria eta ekipamenduak (% 214).
32.750 milioi euroko esportazioak eta 26.944 milioi euroko inportazioak egin ziren, eta guztizko estaldura-tasa (esportazioen balioa inportazioen balioarekiko) % 121,5ekoa izan zen.
Azkenik, Euskal Industriaren Panoramak berrikuntza eta informazioaren eta komunikazioen teknologien erabilera ere aztertzen ditu, lehiakortasuna hobetzeko motorrak diren neurrian. Industriak bere osotasunean 2023. urterako berrikuntza-jardueretan egindako gastua Euskal AEko sektore guztietan egindako gastu osoaren % 41,6 izan zen, eta barneko I+Ga izan zen elementurik nabarmenena (% 49) berrikuntzara bideratutako gastu guztien barruan.
Gainera, informazioaren eta komunikazioaren teknologien ezarpen-maila handia da euskal industrian. Izan ere, ia industria-adar guztietan, industria-establezimenduen % 93k baino gehiagok ordenagailua eta internet dute.
Internetek eskaintzen dituen aukera ugarien artean, merkataritza elektronikoa egin ahal izatea dago. Jarduera mota horrek gora egin du azken urtean Euskal AEn, bai negozio-zifretan, bai parte hartzen duten enpresen kopuruan. Izan ere, 10 langile baino gehiagoko industria-establezimenduen % 46,5ek internet bidezko erosketak edo salmentak egin zituzten 2023an (% 44,8k 2022an).
Azkenik, enpresen eraldaketa digitalari lotutako 4.0 industria izenekoan aztertzen diren bederatzi adierazleen artean, honako hauek nabarmendu dira: sare sozialak enpresa-helburuetarako erabiltzea (establezimenduen % 53,8) eta Hodeiko Zerbitzu Informatikoak —Cloud Computing— (establezimenduen % 31,7k ordaindu zituzten).
Ohar metodologikoa:
Euskal Industriaren Panorama lau ataletan egituratuta dago. Lehenengoak Euskal AEko industria du ardatz, euskal testuinguru makroekonomikoan eta gure inguruko ekonomiekin alderatuta; bigarrenak gure Erkidegoko industriaren egoera aztertzen du, hainbat adierazleren bidez (hala nola balio erantsiaren edo landunen adierazleen bidez), baita eskualdeetako testuinguru geografiko txikiagoa ere; hirugarrenean, funtsezko alderdi ekonomiko batzuk aztertzen dira, hala nola lehiakortasuna edo inbertsioa; azkenik, laugarren atalean euskal industriako I+G+Ba eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera aztertzen dira.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62