2023/06/28ko prentsa-oharra
BIZTANLERIAREN ETA ETXEBIZITZEN ZENTSUAK. EGOERA ZIBILA. 2021
Euskal AEko biztanleria, 2021ean, nagusiki ezkongabea da, % 44
Gora egin du biztanleria dibortziatuak edo legalki bananduak ehuneko 3 puntu baino gehiago, 2001aren eta 2021aren artean
Euskal AEko biztanleriaren % 44,2 (969.571 pertsona) ezkongabea da 2021ean, Eustatek emandako datuen arabera. Ondoren, kopuru aldetik, biztanleria ezkondua edo erregistratutako batasun bidez lotua (945.930 pertsona, % 43,1), alarguntasun-egoeran dauden biztanleak (155.419 pertsona, % 7,1) eta, azkenik, biztanleria dibortziatua edo legalki banandua (122.279 pertsona, % 5,6) daude.
Gizon eta emakumeentzako egoera zibilaren banaketak zenbait alde ditu, eta garrantzitsuena alargunei dagokie; izan ere, emakume alargunak % 11,8 dira eta gizon alargunak, % 2,1. Pertsona ezkongabeen kategoria kontuan hartzen badugu, berriz, gizon ezkongabeen proportzioa (% 47,9) emakume ezkongabeena (% 40,7) baino handiagoa da.
Euskal AEko biztanleria, egoera zibilaren eta sexuaren arabera. 2001-2021
| 2021 | 2001 |
| Guztira | Gizonak | Emakumeak | Guztira | Gizonak | Emakumeak |
| | | | | | |
Guztira | 2.193.199 | 1.064.041 | 1.129.158 | 2.082.587 | 1.017.883 | 1.064.704 |
-Ezkongabea | 969.571 | 509.972 | 459.599 | 905.480 | 483.984 | 421.496 |
Ezkondua edo lotura erregistratuan | 945.930 | 477.403 | 468.527 | 981.678 | 490.088 | 491.590 |
Alarguna | 155.419 | 22.031 | 133.388 | 146.012 | 23.246 | 122.766 |
Legez dibortziatua edo banandua | 122.279 | 54.635 | 67.644 | 49.417 | 20.565 | 28.852 |
Data 2023ko Ekainaren 28a
Iturria: Eustat. Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuak
2001ean, egoerarik ohikoena ezkondua zen (% 47,1), eta garrantzi erlatiboa galdu du, nagusiki biztanleria dibortziatuaren edo legalki bananduaren alde, zeinak ehuneko 3,2 puntu egin baitu gora. Biztanleria ezkongabeen kopuruak gora egin du pixka bat (+0,7 puntu), eta biztanle alargunen kopurua ia ez da aldatu (+0,1 puntu).
Aurreko joera gizon eta emakumeetan ere ikusten da, bereizita, 2001aren eta 2021aren artean; izan ere, gizon ezkonduen proportzioak behera egin du (–3,3 puntu) eta are gehiago jaitsi da emakume ezkonduen proportzioa (–4,7 puntu), gizon dibortziatuen eta bananduen proportzioaren alde (+3,1 puntu) eta emakume dibortziatuen eta bananduen proportzioaren alde (+3,3 puntu), bai eta emakume ezkongabeen proportzioaren alde ere (+1,1 puntu).
Lurralde-mailan, zenbait alde daude, eta Arabak du biztanleria ezkongabearen proportziorik handiena (% 46,1ekoa, % 44,2ren aldean, lurralde historikoetan); Bizkaiak du biztanleria alargunaren proportziorik handiena (% 7,9koa, % 7,1en aldean, oro har), eta Gipuzkoak Euskal AEren guztizkoaren proportzio antzekoenak ditu. Biztanleria dibortziatuaren edo legalki bananduaren proportzioa antzekoa da hiru lurraldeetan: % 5,3koa Gipuzkoan, % 5,8koa Bizkaian eta % 5,6koa Araban; bat datoz hiru lurraldeetako batezbestekoarekin.
Euskal AEko biztanleria, egoera zibilaren arabera, lurralde historikoari eta sexuari jarraiki ( %). 2021/01/01
| Euskal AE | Araba/Álava | Bizkaia | Gipuzkoa |
| Guztira | Gizonak | Emakumeak | Guztira | Gizonak | Emakumeak | Guztira | Gizonak | Emakumeak | Guztira | Gizonak | Emakumeak |
| | | | | | | | | | | | |
Guztira | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 |
-Ezkongabea | 44,2 | 47,9 | 40,7 | 46,1 | 49,6 | 42,8 | 43,0 | 46,6 | 39,7 | 45,2 | 49,2 | 41,4 |
Ezkondua edo lotura erregistratuan | 43,1 | 44,9 | 41,5 | 42,3 | 43,1 | 41,5 | 43,3 | 45,8 | 40,9 | 43,2 | 44,1 | 42,4 |
Alarguna | 7,1 | 2,1 | 11,8 | 6,0 | 2,0 | 9,8 | 7,9 | 2,3 | 13,1 | 6,3 | 1,8 | 10,6 |
Legez dibortziatua edo banandua | 5,6 | 5,1 | 6,0 | 5,6 | 5,3 | 5,9 | 5,8 | 5,3 | 6,2 | 5,3 | 4,9 | 5,6 |
Data 2023ko Ekainaren 28a
Iturria: Eustat. Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuak
Geografia-maila zehatzagoan, biztanle ezkongabeen presentzia handiena duten eskualdeak Arabako Errioxa eta Tolosaldea (% 47,6 bi kasuetan), Gorbeialdea (% 47,1) eta Arabako Lautada eta Urola Kosta dira (% 46,6 bi kasuetan). Bestalde, biztanleria ezkondu edo erregistratutako batasun bidez lotuta dagoen biztanleria gehien duten eskualdeak honako hauek dira: Arabako Kantaurialdea (% 45,5), Goierri (% 45,1), Debagoiena (% 44,8) eta Durangaldea eta Enkarterriak (% 44,4 eta % 44,3, hurrenez hurren). Bilbo Handia biztanleria alargunaren proportzioagatik nabarmentzen da (% 8,2).
Azken 20 urteotan, pertsona ezkonduen proportzioak behera egin du eskualde guztietan, eta Arabako eskualde gehienak nabarmentzen dira: Arabako Errioxa (ehuneko –7,4 puntu), Añana (–5,6 puntu), Arabako Lautada (–5,3 puntu) Arabako Mendiak (–5,1 puntu). Bizkaian, jaitsiera handienak Durangaldean (–4,7 puntu) eta Enkarterrietan (–4,4 puntu), izan dira. Gipuzkoako eskualdeetan, jaitsierak ez dira hain handiak izan, eta Debabarrena (–4,2 puntu), eta Bidasoa Beherea (–3,6 puntu) nabarmentzen dira. Jaitsiera horrek biztanleria ezkongabearen igoera ekartzen du, zehazki, aipatutako Arabako eskualdeetan eta Debabarrenean. Arabako Kantaurialdean, Bilbo Handian eta Durangaldean ere biztanleria alargunaren eta/edo dibortziatuaren edo bananduaren igoera izan da.
Hiru hiriburuetan egin du behera biztanleria ezkonduaren ehunekoak
Gasteiz da pertsona ezkongabeen proportzio handiena duen hiriburua, % 46,6koa; Gipuzkoan % 45,7koa da, eta Bilbon, % 44,4koa. Pertsona ezkonduen proportzioa, berriz, antzekoa da hiru hiriburuetan, Gasteizen % 41,7koa, Donostian % 41,4koa eta Bilbon % 41,2koa. Gainerako biztanleria kopurua, izan alarguna, izan dibortziatua edo banandua, handiagoa da Bilbon (% 14,4) beste bi hiriburuetan baino; Gipuzkoako hiriburuan, % 12,8 eta Arabakoan, % 11,7.
Azken 20 urteotan, pertsona ezkonduen proportzioak behera egin du hiru hiriburuetan, bereziki Gasteizen (ehuneko –5,3), Bilbon baino gehiago (–4,3) eta Donostian baino gehiago (–2,9), eta garrantzitsua da haietan guztietan pertsona ezkongabeak ez diren eta ezkonduta ez dauden pertsonen kopuruaren igoera, zehazki Gasteizen (+3,5), Bilbokoaren oso antzekoa (+3,1) eta ez hain nabarmena Donostian (+1,9).
Gainerakoei dagokienez, ezkongabeen proportzio handiena duten udalerriak honako hauek dira: Araban, Lantziego (% 55,4), Leza (% 50,7) eta Urkabustaiz (% 51,9); Gipuzkoan, Larraul (% 59), Orendain (% 58,2), Orexa, Gaztelu eta Errezil (azken hirurak % 52ko proportzioarekin), eta Bizkaian, Ubide eta Fruiz (% 50,9 bi kasuetan).
Bestalde, biztanle ezkonduen edo erregistratutako batasun bidez lotuta dauden biztanleen proportzio handiena duten udalerriak honako hauek izan dira: Araban, Urizaharra (% 50,8), Burgu (% 50,3) eta Zigoitia (% 49,2); Gipuzkoan, Hernialde (% 51,1), Leintz Gatzaga (% 50,4), Gabiria (% 49,2) eta Legazpi (% 47,2), eta, azkenik, Bizkaian, Garai (% 49,2), Murueta (% 47,8) eta Mendata (% 47,3).
Egoera zibilean alderik handienak adin-taldeetan izan dira
20 eta 29 urte bitartean, biztanleriaren % 90ek ezkongabe jarraitzen du; proportzio hori % 55,2ekoa da 30 eta 39 urte bitarteko taldean; izan ere, biztanleria horren % 41,1 ezkondua dago edo izatezko bikote gisa erregistratua. 40 eta 49 urte bitarteko taldean, biztanleriaren ia % 10 dago dibortziatua edo legalki banandua. Kolektibo hori 50 eta 59 urte bitarteko taldean da handiena (% 12,8); adin-talde horretan, biztanleria alarguna agertzen hasten da (% 2,5). Biztanleria hori areagotzen doa, biztanleen adinak gora egin ahala, eta % 48,2koa da 80 urteko eta gehiagoko pertsonen taldean. Alargunen kolektiboan, emakumeak dira gehienak (% 85,8).
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62