2025/10/30eko prentsa-oharra
EUROPAKO BERRIKUNTZAKO ADIERAZLEEN PANELA – EIS. 2025
Euskal AE indartu egin da herrialde berritzaile sendoen parean, 2025eko Berrikuntzako Adierazleen Panelaren (EIS) arabera
EBren aldean puntuaziorik onenak honako dimentsio hauetan lortu dira: kualifikazio handiko "giza baliabideak", enpresa berritzaileen arteko eta sektore publikoarekiko "lankidetzak" eta "baliabideen eta enpleguaren produktibitatea"
Eustatek landutako datuen arabera, Europako berrikuntzako adierazleen panelak –European Innovation Scoreboard EIS 2025– EB-27k lortutako 0,536tik gorako balioa lortu du Euskal AEk (0,605).
Euskal AEn lortutako puntuazioa EBko batez bestekoaren % 112,8 da, eta horrek herrialde berritzaile indartsuen taldearen mailan kokatzen du, EB-27k erregistratutako batez bestekoaren % 100etik % 125era bitartekoak. Bestalde, Espainia herrialde berritzaile moderatuen artean dago, 0,497ko balioarekin, Europako batez bestekoaren % 92,7rekin.
Europako berrikuntzako adierazleen panelak —European Innovation Scoreboard (EIS) 2025— herrialdeetako ekonomiek berrikuntza-jarduerak garatzeko duten gaitasuna neurtzen du. Lau jarduera-bloke nagusitan egituratzen da, eta 12 berrikuntza-dimentsio biltzen dituzte 32 adierazlerentzat. Lortutako puntuazioaren eta Europako batezbestekoarekin alderatuta duten posizioaren arabera, EB-27ko herrialdeak lau kategoriatan banatuta daude: berrikuntzan liderrak diren herrialdeak, herrialde berritzaile sendoak, herrialde berritzaile moderatuak eta garabidean dauden herrialde berritzaileak.
Bestalde, EISa etengabe berrikusketa egiten zaion adierazle-panel bat da. Urtero aldaketak egiten dira, bai osatzen duten adierazleetan, bai kalkulatzeko formulan. Aldaketa horiek direla eta, ezin da alderaketarik egin aurreko urteetan argitaratutako EISekin. EIS bakoitzean, zortzi urterako datuak ematen dira (2018-2025 aldikoak EIS 2025en kasuan), eskuragarri dauden azken datuak erabilita.
Lehen kategorian (berrikuntzan liderrak diren herrialdeak), Europar Batasuneko batezbestekoaren % 125etik gorako puntuazioa lortu duten herrialdeak daude, eta lau hauek dira: Suedia (0,740), Danimarka (0,724), Herbehereak (0,692) eta Finlandia (0,672). Nolanahi ere, berrikuntzan lehen postuan dagoen herrialdea Suitza da (0,749).
Bigarren taldean (herrialde berritzaile sendoak), batezbestekoaren % 100etik % 125era bitarteko puntuazioa lortu duten herrialdeak daude. Talde honen barruan, zazpi herrialde daude: Irlanda (0,660), Belgika (0,657), Luxenburgo (0,614), Austria (0,611), Alemania (0,596), Frantzia (0,582) eta Estonia (0,562). Euskal AE, 0,605eko puntuazioarekin, talde honen mailan egongo litzateke, Austria eta Alemania artean, EB-27ren batezbestekoaren % 112,8ra iritsi izanaren ondorioz.
Ondoren, hirugarren taldean (herrialde berritzaile moderatuak), batezbestekoaren % 70etik % 100era bitarteko puntuazioa lortu duten herrialdeak daude, eta hamar dira; beheranzko puntuazio-ordenaren arabera: Malta, Eslovenia, Italia, Espainia, Portugal, Zipre, Lituania, Txekia, Grezia eta Kroazia; puntuaziorik altuena Maltak lortu du (0,509), eta baxuena, berriz, Kroaziak (0,384).
Azkenik, laugarren taldean (garabidean dauden herrialde berritzaileak), batezbestekoaren % 70etik beherako puntuazioa lortu duten herrialdeak daude, eta sei dira: Hungaria, Polonia, Eslovakia, Letonia, Bulgaria eta Errumania; lehenak 0,373ko puntuazioa lortu du eta azkenak, berriz, 0,202koa.
EISek dituen lau bloke nagusietan, Euskal AE hiru bloketan nabarmendu da Europako batezbestekoarekin alderatuta, hain zuzen ere ‘ESPARRU-BALDINTZAK’, ‘INBERTSIOAK’ eta ‘INPAKTUAK’ blokeetan.
Lehen blokean (‘ESPARRU-BALDINTZAK’), berrikuntza-emaitzetan eragina duten enpresen kanpoko eragile nagusiak neurtzen dira. Bertan, Euskal AEn 0,694ko puntuazioa lortu da (0,50 Europar Batasunean). Gainera, gure erkidegoak Europako batezbestekoa baino puntuazio hobea lortu du blokea osatzen duten hiru dimentsioetan: ‘Giza baliabideak’, ‘Ikerketa-sistema erakargarriak’ eta ‘Digitalizazioa’.
‘Giza baliabideak’ dimentsioan, kualifikazio handiko eta berrikuntzarako funtsezko elementu gisa trebatutako lan-indarraren erabilgarritasuna neurtzen da. Dimentsio horretan lortutako puntuazioa 0,78 izan da (Luxenburgok, Suediak eta Danimarkak baino ez dute gainditu), eta Europako batezbestekoa 0,49. Dimentsio honetan, Europako batezbestekoarekin alderatuta, dimentsioa osatzen duten hiru adierazleak nabarmendu dira: ‘Zientzian eta teknologian graduatutako 25-34 urteko doktore berriak’ milako 1,31ra iritsi dira Euskal AEn, eta EB-27n, berriz, milako 0,80ra; ‘Hirugarren mailako hezkuntza duten 25-34 urteko biztanleen ehunekoa’ % 62,4ra iritsi dira Euskal AEn, eta EB-27n, berriz, % 44,1era. Dimentsio horren hirugarren adierazlean (‘Etengabeko hezkuntza duten 25-64 urteko biztanleen ehunekoa’), Euskal AEn lortutako balioa % 14,1ekoa izan da, eta kasu honetan ere EB-27n lortutakoa baino handiagoa izan da (% 13,5).
‘Ikerketa-sistema erakargarriak’ dimentsioak, oinarri zientifikoaren nazioarteko lehiakortasuna neurtzen du, eta Euskal AE (0,56) EB-27ren gainetik nabarmendu da (0,43). Dimentsioak hiru adierazle ditu, eta, berriz ere, Euskal AE hiruretan nabarmendu da. Horrela, ‘Nazioarteko lankidetzan egindako argitalpen zientifikoak mila biztanleko’ adierazleak 2.003ko balioa lortu du Euskal AEn, eta 1.342koa Europan. ‘Nazioartean gehien aipatu direnen % 10aren arteko argitalpen zientifikoen’ (bikain deitutakoen) ehunekoari dagokionez, Euskal AEn balioa % 9,73koa izan da, eta EB-27koa, berriz, % 9,61ekoa. Azkenik, ‘Atzerriko doktoreak herrialdeko doktoreen guztizko kopuruaren ehuneko gisa’ adierazlean, Euskal AEk % 31,6ko balioa lortu du, eta EB-27k % 22,0koa.
Europako berrikuntzako adierazleen panela-EIS (4 bloke eta 12 dimentsio). Indize konposatuak. 2025
| |
EB-27 |
EUSKAL AE |
ESPAINIA |
| Berrikuntzako adierazleen panela |
0,54 |
0,60 |
0,50 |
| |
| ESPARRU BALDINTZAK |
0,50 |
0,69 |
0,58 |
| Giza baliabideak |
0,49 |
0,78 |
0,60 |
| Ikerketa sistemaren erakargarriak |
0,43 |
0,56 |
0,39 |
| Digitalizazioa |
0,62 |
0,77 |
0,85 |
| |
| INBERTSIOAK |
0,55 |
0,62 |
0,46 |
| Finantziazioa eta Laguntza |
0,51 |
0,54 |
0,56 |
| Enpresen inbertsioa |
0,55 |
0,70 |
0,35 |
| Informazioaren teknologien erabilera |
0,62 |
0,62 |
0,47 |
| |
| BERRIKUNTZA JARDUERAK |
0,45 |
0,45 |
0,35 |
| Berritzaileak |
0,52 |
0,45 |
0,29 |
| Lankidetzak |
0,38 |
0,64 |
0,35 |
| Ezagutza-aktiboak |
0,49 |
0,32 |
0,40 |
| |
| ERAGINAK |
0,64 |
0,64 |
0,59 |
| Eraginak enpleguan |
0,55 |
0,59 |
0,64 |
| Eraginak salmentetan |
0,81 |
0,60 |
0,54 |
| Ingurumenaren iraunkortasuna |
0,52 |
0,75 |
0,61 |
Data 2025eko Urriaren 30a
Iturria: Eustat. Europako berrikuntzako adierazleen panela (EIS) eta Europako Batzordea
Azkenik, aztertutako lehen blokeko hirugarren eta azken dimentsioak (‘Digitalizazioa’) teknologia digitalen maila neurtzen du, eta Euskal AEn 0,77ra iritsi da eta EB-27n 0,62ra. Blokeak bi adierazle ditu, eta Euskal AE bietan nabarmendu da. Izan ere, ‘Abiadura handiko internetera sarrera’ adierazlea % 87,7ra iritsi da Euskal AEn eta % 78,8ra EB-27n, eta ‘Batezbestekoa baino trebetasun digital handiagoak dituzten pertsonak’ adierazlearen kasuan, berriz, Europar Batasunak % 27,3ko balioa lortu du, eta Euskal AEkoa handiagoa izan da, % 36,8ko balioa lortu baitu.
Bigarren blokean (‘INBERTSIOAK’), ikerketan eta berrikuntzan egindako inbertsio publikoa eta pribatua neurtzen dira. Euskal AEk 0,62ko puntuazioa lortu du, eta Europako batez besteko puntuazioa baino handiagoa izan da (0,55 Europan).. Bloke horretan beste hiru dimentsio aztertzen dira, eta, berriz ere, hiruretan (‘Finantzaketa eta laguntza’, ‘Enpresen inbertsioa’ eta ‘Informazioaren teknologien erabilera’) Euskal AEk EBk baino batez besteko puntuazio handiagoa lortu du.
‘Finantzaketa eta laguntza’ dimentsioak berrikuntza-proiektuetarako finantzaketaren eskuragarritasuna eta gobernuek ikerketa- eta berrikuntza-jardueretarako emandako laguntza baloratzen ditu. Euskal AEn 0,54ko puntuazioa lortu da, eta EB-27n 0,51koa. Hiru adierazle biltzen ditu. Adierazle horietako bat ‘I+Gan inbertitzen duten enpresentzako zuzeneko finantzaketaren eta zerga-laguntzaren inguruko politika publikoak’ da, eta Euskal AEko datua (0,33) EBkoa baino hobea izan da (0,18). Gainerako bi adierazleetan (‘I+Gan egindako gastu publikoa BPGarekiko’ eta ‘Arrisku-kapitalean egindako inbertsioa BPGarekiko’), berriz, EB Euskal AEren gainetik geratu da (% 0,72 eta % 0,49, eta % 0,15 eta % 0,10, hurrenez hurren).
‘Enpresen inbertsioa’ Dimentsio honetan, Euskal AEk 0,70eko puntuazioa lortu du, eta EBk 0,55ekoa, eta puntuazio horrekin EB-27ko sailkapenaren goialdean kokatu da, Suediaren, Alemaniaren, Belgikaren eta Maltaren atzetik. Hiru inbertsio-adierazle biltzen ditu eta berriz ere hiruretan EB-27ren batez bestekoa gainditzen du. ‘Enpresa-sektorearen I+G gastua, BPGren ehuneko gisa’ adierazlean % 1,66ra iritsi da, eta EB-27n % 1,49ra, ‘I+Grik gabeko berrikuntza-gastua, negozio-zifrarekiko’ adierazlean % 0,61era eta EB-27n % 0,57ra, eta ‘Berrikuntzako gastua, enplegatuko, enpresa berritzaileetan’ adierazlean 14.787 eurora, eta EB-27n 7.829ra, hurrenez hurren.
‘Informazioaren teknologien erabilera’ dimentsioan Euskadiko balioa EB-27ko batez bestekoaren parean dago (0,62 puntu). Dimentsio horrek informazioaren teknologien erabilera neurtzen du bi adierazleren bidez. Lehenengo adierazlean (‘Enpresetako hodeiko konputazioa’), Euskadiko balioa EBkoa baino handiagoa izan da (% 48,8 eta % 45,3, hurrenez hurren), eta, bigarrenean (‘IKTetan espezializatutako enplegatuak’), EBko puntuazioa Euskal AEkoa baino handixeagoa izan da (5,0 eta 4,6, hurrenez hurren).
EISa osatzen duten hirugarren blokeari dagokionez, ‘BERRIKUNTZA-JARDUERAK’ blokeak enpresek egindako berrikuntza-ahaleginak jasotzen ditu. Bloke horretan, Euskal AEk Europako batezbestekoa baino puntuazio txikiagoa lortu du (0,45 eta 0,47, hurrenez hurren).
Hala ere, bloke honetako dimentsio batean Euskadi EBren batez bestekoaren aurretik kokatu da. Horrela, enpresa berritzaileen arteko eta sektore publikoarekiko lankidetza-ahaleginak neurtzen dituen ‘Lankidetzak’ dimentsioan, Euskal AEk EB-27k baino puntuazio hobea lortu du (0,64 eta 0,38, hurrenez hurren), honako bi adierazle hauei esker: ‘Beste enpresa batzuekin lankidetzan diharduten ETE berritzaileak’ eta ‘Baterako argitalpen publiko-pribatuak milioi biztanleko’. Adierazle horietan, Euskal AEn 19,87ko eta 377,1eko puntuazioak lortu dira, eta EB-27n, berriz, 12,42koak eta 139,8koak, hurrenez hurren.
Azkenik, laugarren blokean, ‘INPAKTUAK’ izenekoan, enpresen jarduera berritzaileen ondorioak biltzen dituena, Euskal AEk 0,644ko puntuazioa lortu du eta EB-27k 0,635ekoa (Europako batez bestekoaren zertxobait gainetik).
Dimentsioen arabera, ‘Salmenten eta enpleguaren gaineko inpaktuak’ atalean, non enpleguan eta salmentetan berrikuntzak izan duen arrakasta ekonomikoa jasotzen den, zertxobait gainditzen da EBren datua (0,59 eta 0,55, hurrenez hurren). Berrikuntza-jardueren ondoriozko merkataritza-arrakasta ekonomikoa ebaluatzen duen ‘inpaktuak merkataritzan’ dimentsioan, gure erkidegoak (0,60) okerrera egin du EBrekiko (0,81); eta, azkenik, "Baliabideetako eta enpleguko produktibitatea" dimentsioan, Euskal AEk 0,75 punturekin gainditu egin du EB-27ren datua, honek 0,52 puntu lortu baititu.
European innovation scoreboard EIS 2024
Berrikuntzako adierazleen panela EIS 2024. Euskal AE
Informazio gehiago nahi izanez gero:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62