2025/06/26ko prentsa-oharra

LANA, FAMILIA ETA NORBERAREN BIZITZA BATERATZEARI BURUZKO INKESTA. 2024

Linkedinen zabal ezazu Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu BlueSkyen zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Mendekotasuna duten pertsonak zaintzearekin lotutako lan-kontziliazioak okerrera egin du Euskal AEn 2024an, baina hobera egin du adingabeekin eta jarduera pertsonalekin lotutakoak


Emakumeek zailtasun handiagoak dituzte lana eta mendekotasuna duten pertsonen zaintza uztartzeko


Eustaten datuen arabera, 2024an gora egin du Euskal AEn bizi diren eta lana eta mendekotasuna duten pertsonen zaintza uztartzeko zailtasun handiak dituztela dioten landunen ehunekoak. Hala ere, aztertutako gainerako alderdietan, zailtasun handiaren pertzepzioa murriztu egin da 2023aren aldean.


Mendekotasuna duten pertsonak dituzten hiru pertsonatik ia batek (% 35,8) esan du zailtasun handiak dituela lana eta zaintza bateragarri egiteko; horrek esan nahi du ehuneko 2,9 puntuko igoera izan dela aurreko urtearen aldean. Aldiz, lana eta seme-alaben hazkuntza bateragarri egiteko zailtasun handiak dituztela uste duten landunen % 26,1ek ehuneko 3,1 puntu egin du behera 2023aren aldean. Azkenik, % 26,9k adierazi du zailtasun handiak dituela beren lan-jarduera eta jarduera pertsonalak uztartzeko (0,8 puntuko jaitsiera).


Genero-ikuspegitik, emakumeek zailtasun handiagoak dituztela adierazi dute bereziki lana eta mendekotasuna duten pertsonen zaintza uztartzeko. Gizonen % 30,2k adierazi du zailtasun handia duela (2023an baino 3 hamarren gutxiago); emakumeen artean, berriz, ehunekoa % 41,2ra igo da, hau da, 6,1 puntu igo da aurreko urtearen aldean.




Oraindik ere genero-desberdintasunak daude etxeko lanetan eta zaintzan


2024an, emakumeek eta gizonek egunero zaintzari eta etxeko lanei eskainitako denboraren aldea zertxobait handitu da 2023aren aldean. Hala ere, 2015etik izandako bilakaera aztertuz gero, 0,4 orduko murrizketa txiki bat ikusten da adingabeen zaintzan eta etxeko lanetan emandako denboraren arrakalan. Mendekotasuna duten pertsonen zaintzan, ordea, aldeak egonkor jarraitzen du.


Nahiz eta aldeak ez diren hazi denboran zehar, oraindik ere emakumeak dira alderdi horietan denbora gehien ematen dutenak. Hala, etxetik kanpo lan egiten duten eta 15 urtetik beherako seme-alabak dituzten emakumeek egoera berean dauden gizonek baino 1,2 ordu gehiago ematen dituzte, batez beste, haiek zaintzen (4,7 eta 3,5 ordu, hurrenez hurren).


Mendekotasuna duten pertsonen zaintzari dagokionez, emakume landunek 2,2 ordu ematen dituzte egunean; gizonek, berriz, 1,6 ordu, hau da, 0,6 orduko diferentzia dago. Etxeko lanei dagokienez, aldea 0,5 ordukoa da: emakume landunek 2,1 ordu ematen dituzte egunean eta gizonek 1,6.


Funtzioen banaketa desberdin hori gogobetetasun-mailetan islatzen da. Emakume landunen % 15,6k adierazi du ez dagoela oso pozik ezkontideak edo bikotekideak etxeko lanetan duen parte-hartzearekin. Aitzitik, gizon landunen % 77,6 oso pozik dago bikotekidearen parte-hartzearekin. Hala ere, etxeko lanetan emandako denborarekiko gogobetetasuna antzekoa da gizonen (% 52,1) eta emakumeen (% 49,0) artean.


Mendekotasuna duten pertsonak zaintzen emandako denborarekiko gogobetetasunari dagokionez, landunen % 41,2k adierazi du oso pozik dagoela eta ehunekoak antzekoak dira gizonen (% 42,2) eta emakumeen (% 40,1) artean. Gogobetetasuna handitu egiten da adingabeak zaintzeari dagokionez: landunen % 60,5ek adierazi du oso pozik dagoela eta zertxobait handiagoa da emakumeen artean (% 62,9) gizonen artean baino (% 58,2).


Jarduera pertsonalei eskainitako denborari dagokionez, biztanleria landunaren ia erdiak (% 46,4) adierazi du oso pozik dagoela eta gizonak dira gogobetetasun handiena dutenak (% 50,3), emakumeen % 42,3ren aldean.


Lanarekiko gogobetetasun orokorrari dagokionez, batez besteko balorazioa 10etik 7,4koa da. Hala ere, aldeak daude ebaluatutako alderdien arabera. Balorazio txarrena jaso duena sustapen profesionala izan da 4,0ko puntuazioarekin eta, ondoren, ordutegi-malgutasuna (6,5), lanaldiko atsedenaldiak (6,6) eta ordainsaria (6,9). Gehien baloratzen diren alderdiak lanaldia, oporrak eta baimenak (biak 7,4rekin) eta enpleguaren egonkortasuna dira (7,8 punturekin).


Murriztu egin da lanaldiaren luzapena, baina handitu egin da kontziliazio-neurriak eskatzeak karrera profesionalari kalte egiten dionaren pertzepzioa


2024an Euskal AEko biztanleria landunaren % 18,9k adierazi du ezarritako edo aurreikusitako orduak baino gehiago eman behar izaten dituela lanean. Zifra horrek esan nahi du ehuneko 1,8 puntu jaitsi dela 2023aren aldean. Gainera, % 15,5ek noizean behin luzatu egiten du lanaldia, aurreko urtean baino puntu erdi gutxiago.


Kontziliazioarekin lotutako baimenen pertzepzioari dagokionez, lanean ari diren gizonen % 19,1ek uste du aitatasun-baimena eskatzeak eragin negatiboa izan dezakeela, emakumeen kasuan, % 28,5ek du iritzi bera amatasunaren inguruan. Hala ere, gizonen % 9,5ek soilik uste du aitatasunak eragin esanguratsua izan dezakeela bere karrera profesionalean; emakume landunen % 24,8k uste du, aldiz, amatasuna desabantaila izan daitekeela lan-sustapenerako.


Familia-arrazoiengatik eszedentziak edo lanaldi murriztuak eskatzeak ibilbide profesionalean eragin handia izatearen beldurra aurreko urtean baino 5,8 puntu handiagoa da. Beldur hori gehiago agertzen da emakumeen artean (% 35) gizonen artean baino (% 29,3).



Hurrenkera
Zeren arabera
Aldiak



Landunen % 17,1ek, intentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin, etxetik egiten du lan


Lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzea erraztu dezaketen neurrien artean, biztanleria landunaren % 68,7k noizbehinkako lan-absentziak hartzeko aukera du eta, ondoren dago soldatarik gabeko egunak eskatzeko aukera (biztanleria landunaren % 62,3k du). Gainera, biztanleria landunaren ia erdiak adierazi du zailtasun txikia duela eszedentziak (% 49,1) edo lanaldi-murrizketak (% 48,8) lortzeko.


Irteteko ordutegi-malgutasunari dagokionez, eta 2023aren aldean, 4,8 puntu igo da kontziliazioa errazten duen neurri hori baliatzen duten pertsonen ehunekoa; 2023an % 51 zen eta 2024an % 55,8ra igo da. Hala ere, oraindik ere genero-desberdintasunak daude: gizonen % 60,4k du malgutasun hori eta emakumeen artean % 51k.


Etxean bertan lan egiteari dagokionez, intentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin modalitate horretan lan egiten duten pertsonen ehunekoa % 17,1 da, 2023an baino 1,3 puntu gehiago. Horietatik % 7,4k gutxienez lanegunen erdietan egiten du etxetik lan eta % 9,7k noizean behin. Azken modalitate horrek ehuneko 7 hamarren egin du gora 2023aren aldean, eta 2,4 puntu 2020arekin alderatuta. Hala ere, gutxienez egunen erdietan telelanean aritzen direnen ehunekoa 2023aren aldean ehuneko 6 hamarren igo bada ere, 2020an lortutakoa (% 10,8) baino ehuneko 3,4 puntu txikiagoa da oraindik.


Lanaldi motei dagokienez, lanaldi zatitua duten pertsonen ehunekoak behera egin du etengabe. 2015ean pertsonen % 40,9k zuen lanaldi zatitua (goizez eta arratsaldez) baina proportzio hori % 27,3ra jaitsi da 2024an. Aitzitik, gora egin du lanaldi jarraituan (2015an % 50,8 eta 2024an % 60) eta lanaldi mistoan (215ean % 8,3 eta 2024an % 12,7) lan egiten dutenen ehunekoak.


Bikoteko bi kideak okupatuta dauden etxeetan, gurasoen lanaldian adingabeak zaintzea ikastetxeei dagokie kasuen % 87,7an, senideei edo ordaindu gabeko pertsonei kasuen % 4,2an eta bi landunei % 3,9an.


Etxe horietan, lanaldian zehar osasun-zentrora eraman behar diren, gaixorik dauden edo eskolarik ez duten adingabeen noizbehinkako zaintza bi gurasoek egiten dute kasu gehienetan (kasuen % 64,1) eta, maiztasun txikiagoz, senideek edo ordaindu gabeko pertsonek (% 18,3), amak (% 10,9) edo aitak (% 5,2).


Lan-lehentasunei dagokienez, biztanleria landunak soldatapekoaren alde egiten du (% 86) autonomoarenaren aldean (% 14). Sektore publikoa ere nahiago du (% 62,3) pribatua baino (% 37,7) eta enpresa handien eta txikien arteko hautaketa orekatuagoa da: % 57,6k enpresa handiak aukeratzen ditu eta % 42,4k txikiak.


Euskal AEko biztanle okupatuen 15 urte baino gutxiagoko seme-alabak, eguneroko zainketaren arabera (bi ezkontideek lan egiten dutenean). 2024

Excel csv
  2023 2024
Guztira (milaka) 185,2 170,5
Landunaren eguneroko zaintza lanaldian (%)    
Biak 4,0 3,9
Senitartekoak edo ordaindu gabeko pertsonak 3,2 4,2
Ordaindutako beste pertsona batek 0,1 0,6
Haurtzaindegiak 1,6 3,5
Ikastetxeak 91,1 87,7
Landunaren noizean behineko zaintza lanaldian (%)    
Ama 10,4 10,9
Aita 4,7 5,2
Biak 61,5 64,1
Senitartekoak edo ordaindu gabeko pertsonak 20,3 18,3
Ordaindutako beste pertsona batek 1,8 1,1
Autonomoa (bakarrik geratzen da) 1,4 0,5

Data 2025eko Ekainaren 26a

Iturria: Eustat. Lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeari buruzko inkesta



Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Servicio de Prensa: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62
 

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Mendekotasuna duten pertsonak zaintzearekin lotutako lan-kontziliazioak okerrera egin du Euskal AEn 2024an, baina hobera egin du adingabeekin eta jarduera pertsonalekin lotutakoak

Eragiketa : 
Lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeari buruzko inkesta
Eragiketa kodea : 
010903
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2024
Eguneratze data : 
2025/06/26
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Lizentzia : 
Creative Commons
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali