2025/09/26ko prentsa-oharra
ETXERIK GABEKO PERTSONENTZAKO BALIABIDEEN ESTATISTIKA. 2024
2024an, etxerik gabeko pertsonentzako arreta-zentroen gastuak % 36,1eko igoera izan zuen Euskal AEn, 2022. urtearekin alderatuta
Zentroetan artatutako pertsona kopurua % 24 igo da 2022koarekin alderatuta, eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek betetako plaza kopurua % 17,4
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko gizarte-zerbitzuen etxerik gabeko pertsonentzako arreta-zentroen gastua 103,5 milioi eurora iritsi zen 2024. urtean, eta, beraz, 2022an baino % 36,1 handiagoa izan zen.
Etxerik gabeko pertsonentzako arreta 281 zentroz eta zerbitzuz osatutako sare baten bidez eskaini zen. Sare horrek eguneko 18 urtetik gorako 4.230 pertsonari eman zien ostatu batez beste, hau da, 2022an baino % 24 gehiagori. Horien artean, 830 bizitegi-bazterketa larriko egoeran ("etxegabeak") zeuden eta aterpetxeetan hartu zituzten. Hartutako pertsona guztietatik 1.455 emakumeak izan ziren (% 34,4).
Zentro-sare horretan 2.703 pertsonak jardun zuten lanean, gehienak soldatapeko langileak (% 73,8). Boluntarioak 539 izan ziren, guztizkoaren % 19,9.
Etxerik gabeko pertsonentzako baliabide-sareak 5.242 ostatu-plaza eskaini zituen batez beste, 2022an baino 929 plaza gehiago, eta okupazio-maila % 80,7koa izan zen. Plaza horietatik, 2.293 harrera-zentroetatik eskaini ziren, 2022an baino 548 plaza gehiago (+% 31,4), eta 2.913 pisu edo etxebizitzetatik 369 plaza gehiago (+% 14,5). Halaber, eguneko 1.964 plaza eskaini ziren (batez beste), eta % 91ko okupazioa izan zuten. Otorduen esparruan, batez beste 6.561 zerbitzu eman ziren egunero, gosariak, bazkariak eta afariak kontuan hartuta, hau da, bi urte lehenago baino % 46,7 gehiago.
Euskal AEk Estatuko ostatu-plaza guztien % 13,3 eskaini zituen
Estatuko batez bestekoarekin alderatuta, etxerik gabeko pertsonen arretarako euskal sareko zentroetan handiagoa da haiek artatzen dituzten giza taldeen profesionalizazio-maila: soldatapekoak % 73,8 dira, eta boluntarioak, berriz, % 19,9. Estatua osotasunean harturik, zifra horiek % 51,7 eta % 43,5 dira, hurrenez hurren. Gainera, euskal sareak Estatuko ostatu-plaza guztien % 13,3 eskaini zituen.
Baliabide horien erabilerari dagokionez, ostatua eskaintzen duten Euskal AEko zentroetan, batez beste, etxerik gabeko 4.230 pertsonak egin zuten lo egunero, Estatu osoan lo egin zuten 33.758 pertsonen % 12,5ek.
Baliabideak hiriburuetan biltzeko joera dago
Etxerik gabeko pertsonei arreta emateko baliabide gehienak EAEko hiru hiriburuetan kokatu ziren. Arabako ostatu-plazen % 95,5 eta otordu-plazen eta eguneko zentroetako plazen % 100 Gasteizen eskaini ziren. Bizkaian, Bilbok ostatu-plazen % 81,9, otordu-plazen % 79,1 eta eguneko zentroetako plazen % 75 bildu zituen. Gipuzkoak, berriz, lurralde-eredurik deszentralizatuena eskaini zuen. Izan ere, Donostian ostatu-plazen % 43,4, otordu-plazen % 38,2 eta eguneko zentroetako plazen % 58 eskaini ziren.
Zentroetan eskainitako prestaziorik nabarmenenak
Euskal AEko zentroen sarean, etxerik gabeko pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako hainbat prestazio eskaini ziren. Euskal AEko 281 zentroen % 72,2k "informazio- eta harrera-zerbitzua" eman zuten, % 69k "orientazio- eta deribazio-zerbitzua", % 66,2k "laguntza-zerbitzua", % 37k "lanbide-orientazioko zerbitzua". Halaber, zerbitzu pertsonalak eman zituzten, hala nola garbitasun-zerbitzua (% 56,2k), ikuztegia (% 52,7k) eta jantzitegia (% 23,5ek). Osasun-arreta, arreta psikologikoa eta arreta juridikoa zentroen % 17,8k, % 31k eta % 28,1ek eskaini zituzten, hurrenez hurren. Gainera, zentroen % 45,2k Interneterako sarbidea eskaini zuten.
Arreta jaso duten pertsonen tipologia
Etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroen % 46,3k ez du etxerik gabeko pertsonen egoera espezifikorik artatzen. Hala egiten dutenen artean (% 53,7), immigraziora bideratutako zentroak (% 38,4), genero-indarkeriaren edo salerosketaren biktima diren emakumeak artatzen dituztenak (% 33,1) eta adikzioak (alkohola eta drogak) dituzten pertsonak artatzen dituztenak (% 21,9) nabarmentzen dira.
Bestalde, zentro gehienek bi sexuetako pertsonei eskaini zieten zerbitzua ( % 77,9), baina aldeak daude lurralde historikoen arabera: Gipuzkoak izan zuen zentro mistoen ehuneko handiena (% 86), Arabak eta Bizkaiak baino gehiago (% 80,6 eta % 69,4, hurrenez hurren).
2024an, Euskal AEn genero-indarkeriaren biktima ziren emakumeek betetzen zituzten plazek, 2022ko datuekin alderatuta, % 17,4 egin zuten gora, 290 plaza izatera helduz. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak estatistika honetan jasota daude "etxebizitza ez-segurua" kategorian sailkatuz, indarkeriaren mehatxupean bizi diren pertsonak direlako. Erasotzailearentzat ezezaguna den leku batean etxebizitza bat ematen zaie eta, askotan, seme-alabekin hartzen dute ostatu.
Euskal AEn arreta eman zitzaien pertsonen erdiak baino gehiago (% 64,5) atzerritarrak izan ziren, lurraldeen arteko banaketan aldeak egonik. Araba da presentzia handiena duen lurraldea (% 79,4), ondoren datoz Bizkaia (% 66,1) eta Gipuzkoa (% 58,4). Ostatu-baliabideei dagokienez, artatutako atzerritarren ehunekoa % 66 da Euskal AEko zentroetan oro har. Gero eta gehiago dira aterpetxeetan (% 80,7) eta gizarte-jantokietan (% 84,5).
Gastu arrunta 103,5 milioi eurora iritsi zen
Euskal AEko gizarte-zerbitzuen sarean etxerik gabeko pertsonei eskainitako arretak 103,5 milioi euroko gastua izan zuen 2024an, hau da, 2022an baino % 36,1 handiagoa. Gastu horren zatirik handiena (% 85,6) ostatua eskaintzen zuten zentroetara bideratu zen. Zentro horietan, zehazki, 88,6 milioi euro gastatu ziren, eta 20.955 euroko urteko batez besteko gastua egin zen ostatu hartutako pertsona bakoitzeko.
Administrazio publikoek gastu horien % 93,6 finantzatu zuten. Gainerako % 6,4 erakundeen baliabide propioen bidez (% 4,6), irabazi-asmorik gabeko erakundeen bidez (% 1,5), partikularren dohaintzen bidez (% 0,3) eta enpresen dohaintzen bidez (% 0,1) finantzatu zen. Araban, ia finantzaketa guztia publikoa izan zen (% 98,1); Gipuzkoan, % 94,4ra iritsi zen; eta Bizkaian, % 91,1era.
Emakumeak zentroen sarean diharduten langile guztien % 72 izan ziren
2024. urtean, 2.703 pertsonak lan egin zuten baliabide horietan, hau da, 2022an baino % 13,3 gehiagok. Soldatapeko langileak % 13,7 igo dira 2022arekin alderatuta, eta langile boluntarioak, berriz, % 19,2. Sektore honetan, enplegatu gehienak emakumeak dira (% 72); soldatapeko langileen artean emakume gehiago dago (% 73,9), boluntarioen artean baino (% 63,8).
Abenduaren 16an, 915 "etxegabek" aterpetxetan lo egin zuten
Abenduaren 16ko gaua ostatu-zerbitzua duten zentroetan igaro zuten 4.296 pertsonetatik 915 "etxegabeak" izan ziren. Pertsona horiek Euskal AEn prestatutako 33 aterpetxe eta gaueko harrera-zentroetan lo egin zuten, eta horietatik 92 emakumeak izan ziren. Gainerakoek, etxerik gabeko 3.381 pertsonak, sareko zentro eta pisuetan hartu zuten ostatu; kopuru horretatik, 1.384 emakumeak ziren.
Euskal AEko etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroen magnitude nagusiak. 2022-2024
| |
2024 |
2022 |
Gehikuntza (%) |
| Plazak. : |
|
|
|
| - Ostatu hartzeko plazak. : |
5.242 |
4.313 |
21,5 |
| - - - Eskakizun txikiko aterpetxe eta zentroetan |
1.026 |
748 |
37,2 |
| - Jateko plazak. : |
3.261 |
2.775 |
17,5 |
| - Gizarte-jantokietan |
931 |
809 |
15,1 |
| Etxerik gabeko pertsonak, ostatu hartuta. : |
4.230 |
3.410 |
24,0 |
| - - - Eskakizun txikiko aterpetxe eta zentroetan |
830 |
638 |
30,0 |
| Errestaurazio-zerbitzuak |
6.561 |
4.472 |
46,7 |
| Langileak. : |
2.703 |
2.385 |
13,3 |
| - Soldatapekoa |
1.996 |
1.756 |
13,7 |
| - Boluntarioa |
539 |
452 |
19,2 |
| Funtzionamendu-gastuak (milaka euro) |
103.541 |
76.072 |
36,1 |
| - Finantzaketa Publikoa (%) |
94 |
90 |
4,0 |
| Biztanleko gastua (euro) |
46,9 |
34,8 |
34,8 |
Data 2025eko Irailaren 26a
Iturria: Eustat. Etxerik gabeko pertsonentzako baliabideak
Estatistika-eragiketa hau Eustatek egin du, Estatistikako Institutu Nazionalarekin (INE) lankidetzan, Euskal AEn.
Metodologiari buruzko oharra:
Estatistika honen ondorioetarako, etxerik gabeko pertsonatzat hartzen da erreferentziako aldian eskuarki onartutako gizakientzako bizigarritasun-irizpideak betetzen dituen bizitoki bat eskuratzeko aukerarik ez duen 18 urtetik gorako pertsona, bizitokia legez beraren jabetzakoa izan zein alokatua edo doan okupatua izan (sektore publikoak edo gobernuz kanpoko erakundeek emandakoak eta enplegatzaileek emandakoak barne). Besteak beste, egoera hauetan daudenak hartzen dira kontuan: adikzioak dituzten pertsonak; migratzaileak eta nazioarteko babes-eskaera egin dutenak; tutoretzapekoak izan diren gazteak, eta beren segurtasuna bermatzeko beren ohiko etxebizitzatik atera behar duten genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.
Informazio gehiago nahi izanez gero:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62