2025/04/30eko prentsa-oharra

NORBERAREN ONGIZATE-INKESTA. 2024

Linkedinen zabal ezazu Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu BlueSkyen zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Atzera

Euskal AEko biztanleen bizitzarekiko gogobetetzea 10etik 7,4koa izan da 2024an, 2023an baino hamarren bat gehiago

Osasun-egoerak, egoera ekonomikoak, jarduerarekiko harremanak eta ikasketa-mailak zehazten dituzte ia adierazle guztien balorazioan dauden aldeak

Eustaten datuen arabera, Euskal AEko biztanleek 7,4 puntuazioa eman diote bizitzarekiko gogobetetzeari 2024an, zerotik hamarrera bitarteko eskalan. Puntuazio hori 2019an bezala mantendu da, eta apur bat igo da 2023arekin alderatuta (7,3). Adierazle guztien artean hirugarren emaitza altuena da.

Datu horiek Norberaren ongizate-inkestan jasotzen dira. Inkesta horrek familia-etxebizitzetan bizi diren 16 urte eta gehiagoko biztanleen ongizateari buruzko informazio zehatza ematen du, dimentsio materialaz bestelako bizi-kalitatearen alderdiak neurtzen dituzten galderen bidez.

graf0024415_01_e.png

Bizitzarekiko gogobetetze handiena osasun oso ona dutela uste duten pertsonen artean ikusten da (8,1), eta osasun txarra edo oso txarra dutela diotenek puntuaziorik baxuena dute (4,5), 2019an baino are baxuagoa (5,2). Puntuazio hori, 2024an, txikiagoa da emakumeen artean (4,2) gizonen artean baino (4,9).

Oro har, gizonek eta emakumeek puntuazio berarekin baloratzen dute bizitzarekiko gogobetetzea (7,4 puntu). Puntuazio hori bera ikusten da hiru lurralde historikoetan.

Bestalde, bizitzarekiko gogobetetze handiagoa adierazten dute beren egoera ekonomikoa ona dela uste dutenek (7,7) txarra dela uste dutenek baino (7). Lan-jarduerari dagokionez, landunek dute puntuaziorik altuena (7,5) eta langabeek txikiena (6,9). Kasu horretan, 0,5 puntuko aldea dago langabezian dauden gizonen (6,6) eta egoera berean dauden emakumeen (7,1) artean, azken horien alde, osasun-egoerarekin gertatzen ez den bezala.

Adierazle horretan balorazio altuagoak ikusten dira 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean (7,8) eta baxuagoak 50 urtetik aurrera (7,3), baina kasu guztietan oso ona da. Unibertsitateko goi-mailako ikasketak dituztenek dute bizitzarekiko gogobetetze handiena (7,7), eta lehen mailako ikasketak edo gutxiago dituztenek baloraziorik txikiena (7,2).

Euskal AEko norberaren ongizatearen adierazleen batez besteko balorazioa, lurralde historikoaren arabera. 2019-2024

Excel csv
 Euskal AEAraba/ÁlavaBizkaiaGipuzkoa
 20192024201920242019202420192024
Bizitza-asetasuna7,47,47,57,47,37,47,57,4
Bizitzaren balioa7,87,77,87,77,77,77,97,8
Aisialdiarekiko asetasuna6,76,76,66,76,76,76,76,8
Etxebizitza- eta ingurumen- asetasuna7,37,37,37,47,27,37,37,4
Etxeko ekonomiarekiko asetasuna6,97,06,97,06,87,07,07,2
Gogo aldartea6,36,56,36,46,26,46,46,5
Harreman pertsonalak7,57,57,47,57,57,57,57,5
Pertsonekiko konfiantza6,56,56,56,56,56,56,66,6
Botere publikoekiko konfiantza4,54,54,54,54,74,74,44,3

Data 2025eko Apirilaren 30a

Iturria: Norberaren ongizate-inkesta

Notarik altuena Bizitzaren Balioak jaso du

Norberaren bizitzaren balioak, hau da, norberaren bizitzak merezi duela kontuan hartzeak, 7,7ko batezbestekoa izan du 2024an, 2019koa (7,8) baino pixka bat txikiagoa eta 2023koa (8,0) baino txikiagoa. Biztanleriaren % 62,6k puntuazio altua ematen du (8-10 puntu), eta % 3,1ek puntuazio baxua (0-4 puntu).

Adierazle horrek emaitza hobeak ditu osasunaren pertzepzioa hobetzen den heinean, eta alde nabarmena ikusten da osasun oso ona dutela uste dutenen (8,3) eta txarra edo oso txarra dutela uste dutenen (5,6) artean. Jarduerari dagokionez, pertsona landunek balioesten dute gehien bizitza (7,9), eta langabeek gutxien (7,4). Kasu honetan ere 0,5 puntuko aldea dago gizon langabeen (7,1) eta egoera berean dauden emakumeen (7,6) artean.

Adinarekin adierazlearen balioak behera egiteko joera du, eta 16 eta 34 urte bitarteko pertsonek dute puntuaziorik altuena (7,9) eta 50 urte eta gehiagokoek puntuaziorik baxuena (7,6).

Unibertsitate-ikasketak dituztenek eman dute puntuaziorik altuena (8,0) eta lehen mailako ikasketak edo gutxiago dituztenek puntuaziorik baxuena (7,5). Bere ekonomia txartzat hartzen dutenek ere puntuazio txikiagoa dute (7,5) bere ekonomia ontzat hartzen dutenek baino (7,9).

Osasun txarra edo oso txarra duten pertsonentzat izan ezik, beste kasu guztietan norberaren bizitzarekiko gogobetetzea oso ongi baloratzen da.

Oro har, emakumeek eta gizonek ez dute alderik adierazle horretan (7,7). Bizileku-lurraldearen arabera, Gipuzkoak (7,8) Arabak eta Bizkaiak baino hamarren bat puntuazio handiagoa du (7,7 bi kasuetan).

Harreman pertsonalak dira bigarren alderdi baloratuena

Harreman pertsonalak dira gehien baloratutako alderdietako bat eta 7,5eko puntuazioa lortu dute 2024an, 2019an bezala. Adierazle honek pertsonen arteko harremanen kalitatea islatzen du. Maximora iristen da osasun oso ona dutela uste dutenen artean (7,7) eta minimora, berriz, txarra edo oso txarra dutela uste dutenen artean (6,7). Hala ere, harreman pertsonalena da kolektibo horrek ondoen baloratzen duen adierazlea.

Emakumeek gizonek baino zertxobait gehiago baloratzen dituzte beraien harreman pertsonalak (7,5 eta 7,4, hurrenez hurren). Hiru lurralde historikoetan bizi direnek puntuazio bera dute (7,5).

Egoera ekonomiko ona dutela uste dutenen balorazioa (7,6) handiagoa da txarra dutela uste dutenena baino (7,3). Prestakuntzari dagokionez, unibertsitate-maila lortu duten pertsonek dute puntuaziorik altuena (7,6) eta lehen mailako ikasketak edo gutxiago dituztenek puntuaziorik txikiena (7,4).

Adinaren kasuan, talde gazteenek puntuazio altuagoa erakusten dute adierazle horretan, hala nola, 16 eta 34 urte bitarteko pertsonek (7,6); eta 35 urtetik aurrera puntuazioa jaitsi egiten da (7,4 gainerako taldeetan). Azkenik, langabeek eta atzerrian jaiotakoek batez bestekoa baino balorazio txikiagoa eman diote alderdi horri (7,2 kasu bietan).

Etxebizitzarekiko eta ingurunearekiko gogobetetzea txikiagoa da osasun txarra duten pertsonen artean, eta handiagoa 65 urte eta gehiagokoen artean

Etxebizitzarekiko eta ingurunearekiko gogobetetzeak puntuazioari eutsi dio (7,3) 2024an. Adierazle honek etxebizitzaren eta bizi den ingurunearen egoerari buruzko pertzepzioa neurtzen du. Osasun oso ona dutela uste dutenak dira asebeteenak (7,7) eta osasun txarra edo oso txarra dutela uste dutenek dute asebetetzerik txikiena (6,6).

Adierazle horretan, gizonek emakumeek baino gogobetetze handiagoa dute (7,5 eta 7,2, hurrenez hurren). Alde hori kategoria askotan agertzen da, eta kasu honetan 16-24 urte bitarteko taldea nabarmentzen da: 6,9 puntu emakumeek eta 7,6 gizonek. Ez dago alderik Araban eta Gipuzkoan bizi diren pertsonen artean (7,4), eta puntuazioa Bizkaian bizi diren pertsonen puntuazioaren oso antzekoa da (7,3).

Beraien egoera ekonomikoa ontzat jotzen dutenek puntuazio hobea dute adierazle honetan beren egoera ekonomikoa txarra dela uste dutenek baino (7,5 eta 6,9, hurrenez hurren). Familia-harreman biziak dituztenak gusturago daude alderdi horretan (7,4) familia-harremanik ez dutenak baino (6,9).

Azkenik, adinaren arabera, 65 urteko eta gehiagoko pertsonak dira gogobetetze handiena dutenak (7,5).

Etxeko ekonomiarekiko gogobetetzea zertxobait hobetu da 2019arekin eta 2023arekin alderatuta

Etxeko ekonomiarekiko gogobetetzea 2019an eta 2023an 6,9 izatetik 2024an 7,0 izatera igaro da. Adierazle horrek gora egiten du hautemandako osasunak gora egiten duen heinean; izan ere, osasun oso ona dutela uste dutenen artean 7,5 da eta 5,5 osasun txarra edo oso txarra dutela diotenen artean. Azken kasu horretan, 5,3 da emakumeen artean eta 5,8 gizonen artean. Espero bezala, egoera ekonomiko ona dutela uste duten pertsonak asebeteago daude alderdi horretan txarra dutela uste dutenak baino (7,6 eta 6,1, hurrenez hurren).

Ikasketei dagokienez, unibertsitate-ikasketak dituztenek dute puntuaziorik handiena (7,4) eta gogobetetze txikiena lehen mailako ikasketak edo gutxiago dituztenek eta bigarren mailako ikasketa profesionalak dituztenek dute (6,8 bi kasuetan). Jarduerari dagokionez, landunak dira beren ekonomiarekiko gogobetetze handiena dutenak (7,1) eta langabeak gutxien (5,6).

Adinari dagokionez, beraien ekonomiarekin gusturago dauden taldea 16 eta 24 urteko gazteen taldea da (7,3), eta gogobetetze handiagoa erakusten dute gizonek (7,5) emakumeek baino (7,0); 65 urteko eta hortik gorako pertsonek ere gogobetetze handiagoa dute gizonen kasuan. Bizileku-lurraldearen arabera, Gipuzkoak asebetetze handixeagoa (7,2) du Arabak eta Bizkaiak baino (7,0 bi kasuetan). Gizonen eta emakumeen puntuazioak ere antzekoak dira kasu horretan (7,1 eta 7,0, hurrenez hurren). Azkenik, puntuazioa jaitsi egin da atzerrian jaiotako pertsonen artean (6,6).

Aisialdiarekiko gogobetetzea handiagoa da langabetuen eta ez-aktiboen artean

Aisialdiko denborarekiko gogobetetzeak puntuazioa errepikatu du 2024an (6,7). Adierazle horrek erakusten du nola baloratzen dituzten pertsonek beren astialdia eta jolas-jarduerak. Adin-taldeei erreparatuz gero, 65 urte eta gehiagoko pertsonek dute puntuaziorik altuena (7,7) eta 35 eta 49 urte bitartekoek txikiena (5,9).

Adierazle horrek balio handiagoak ditu bere osasuna oso ona dela uste dutenen artean (7,0), osasun txarra edo oso txarra dutela uste dutenen artean baino (5,3). Adierazle hori 6,1 puntukoa da beren egoera ekonomikoa txarra dela uste dutenen artean, eta 7,1ekoa beren egoera ekonomikoa ona dela uste dutenen artean.

Pertsona ez-aktiboek ere balorazio altuak adierazi dituzte (7,5), bereziki gizon ez-aktiboek (7,8) emakume ez-aktiboekin alderatuta (7,3); eta langabeek (7,0) eta landunek, berriz, balorazio baxuagoak dituzte (6,1). Atzerrian jaiotakoek ere balorazio baxuak eman dituzte (6,5).

Gizonak emakumeak baino pixka bat asebeteago daude (6,8 eta 6,6, hurrenez hurren). Alde hori familia-harremanak maiz dituzten pertsonen artean ere islatzen da: 7 puntuko balorazioa gizonentzat eta 6,2 puntukoa emakumeentzat (6,8 puntu guztira). Gipuzkoan bizi direnen (6,8) eta Araban eta Bizkaian bizi direnen (6,7 bi kasuetan) arteko aldea oso txikia da.

graf0024415_02_e.png

Pertsonenganako konfiantzaren adierazlearen balioa mantendu egin da, nahiz eta baxuenetakoa izan

Pertsonenganako konfiantzaren adierazlea ez da aldatu: 6,5ekoa da 2024an. Adierazle honek biztanleek besteengan duten konfiantza maila neurtzen du. Puntuaziorik altuena adin-talde gazteenak ematen du (16 eta 24 urte bitartekoek), eta baita unibertsitate-ikasketak dituztenek eta bere osasuna oso ona dela uste dutenek ere (6,9 kasu guztietan). Osasun txarra edo oso txarra dutela uste dutenek, berriz, pertsonenganako konfiantzaren baliorik txikiena adierazten dute (5,7).

Bere egoera ekonomikoa ona dela uste dutenek puntuazio handiagoa dute (6,7) egoera ekonomiko txarra dutenek baino (6,1). Lehen mailako edo maila txikiagoko ikasketak eta bigarren mailako lanbide-ikasketak dituzten kolektiboek ere batez bestekoa baino balio txikiagoa dute adierazlean (6,3 bi kasuetan).

Jarduerari dagokionez, landunek puntuazio altuagoa dute (6,6) langabeek baino (6,2). Atzerrian jaiotako pertsonen kolektiboak ere balio nahiko txikiak ditu (6,1), baita familia-harremanik ez duten pertsonek ere (6,0).

Gogo-aldarteak hobera egin du azken bost urteetan

Gogo-aldartearen adierazleak biztanleriaren ongizate emozionala eta psikologikoa neurtzen du, eta 2019an 6,3 izatetik 2024an 6,5 izatera igaro da. 2023an, 6,4 izan zen. Osasun oso ona dutela uste dutenek 7,0ko puntuazioa dute, eta txarra edo oso txarra dutela uste dutenek 4,7koa.

Egoera ekonomiko ona dutela uste dutenek gogo-aldarte altuagoa dute (6,7). Jarduerari dagokionez, langabeek 6,5 puntu lortu dituzte. Adin-taldeak alderatuz gero, 16-24 urteko pertsonek dute puntuaziorik altuena (6,7) eta 50-64 urtekoek txikiena (6,3).

Gizonek emakumeek baino puntuazio handiagoa dute oro har (6,7 eta 6,3, hurrenez hurren), eta baita modalitate askotan ere, nabarmentzekoa izanik 16 eta 24 urte arteko taldea: 6,9 gizonetan eta 6,4 emakumeetan. Gipuzkoan bizi diren pertsonek (6,5) Bizkaian eta Araban bizi direnek baino puntuazio handixeagoa dute (6,4 bi kasuetan).

Atzerrian jaiotako pertsonak dira botere publikoen jarduna gainditutzat ematen duten bakarrak

Botere publikoekiko konfiantzak bere horretan jarraitu du 2019 eta 2024 artean, 4,5 punturekin. Atzerrian jaiotako pertsonek eman dute puntuaziorik altuena (5,3), gainditutzat emandako puntuazio bakarra, eta horien artean emakumeen puntuazioa 5,4koa da eta gizonena, berriz, 5,1ekoa. Beste muturrean, familia-harremanik gabeko pertsonek dute baxuena (4,1).

Bizkaian bizi diren pertsonek eman dute puntuaziorik altuena (4,7), ondoren Arabak (4,5) eta, azkenik, Gipuzkoak (4,3). Emakumeek gizonek baino konfiantza handixeagoa dute botere publikoetan (4,6 emakumeek eta 4,4 gizonek).

Beren osasuna oso ona dela uste dutenek puntuazio handiagoa dute (4,6) txarra edo oso txarra dela uste dutenek baino (4,1). Era berean, beraien egoera ekonomikoa ona dela uste dutenek konfiantza handiagoa dute (4,7).

Ikasketen arabera, unibertsitate-ikasketak dituztenek dute puntuaziorik altuena (4,8) eta, ondoren, batxilergoa edo antzeko ikasketak amaitu dituztenek (4,6).

65 urteko eta gehiagoko pertsonek dute puntuaziorik altuena (4,8) eta, ondoren, 16 eta 24 urte bitartekoek (4,7). Pertsona ez-aktiboen konfiantza handiagoa da langabeena baino (4,7 eta 4,3, hurrenez hurren).

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea/Instituto Vasco de Estadística Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak
Eragiketa kodea : 
010904
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2024
Eguneratze data : 
2025/04/30
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Lizentzia : 
Creative Commons
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali