Osasunaren Kontuko datuetan oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-ondasun eta -zerbitzuetako gastua jasotzen da hemen, gastuaren funtzioaren eta hura finantzatzen duen sektorearen arabera. Datu horiek konparagarriak dira Eurostatek eta ELGAk gainerako herrialdeetarako argitaratutakoekin, metodologia berari jarraituz kontabilizatzen baitira.
EAEko osasun-gastu arrunta, Osasun Kontuen Sisteman (System of Health Accounts-SHA 2011) argitaratutako ELGAren metodologiaren arabera kalkulatuta, 8.554 milioi eurora iritsi zen 2023an, 2022an baino % 6 gehiago. 2020tik, gastu arruntaren guztizko balio absolutua % 5 igo da batez beste urteko.

8.554 milioiko gastu hori barne-produktu gordinaren % 9,2 izan zen 2023an, aurreko urtean baino % 0,1 gutxiago. 2020az geroztik –urte horretan izan baitzuen BPGaren partaidetzarik handiena, % 10,2– adierazle horrek ehuneko 1 egin du behera. Bilakaera hori bera gertatu da EB27 inguruko herrialdeetan; izan ere, EB27ko batezbestekoa 2020an % 10,8 izatetik 2023an % 10,0 izatera igaro da.
Nazioarteko beste konparagarritasun-adierazle batek, biztanle bakoitzeko osasun-gastuaren EAParen araberako adierazleak (eurotan) erakusten duenez, EAEn osasunera bideratutako gastuak EB27ko batezbestekoaren gainetik jarraitzen du, eta aldea urtero handitzen da. 2023an, EAEk EAPko 4.262ko per capita gastua izan zuen, eta EB27ko batezbestekoa, berriz, 3.835ekoa zen.
Gastuaren finantzaketari dagokionez, 2023an Euskal Autonomia Erkidegoan 8.554 milioi euroko gastu arruntetik 5.944 milioi euro finantzatu zituzten administrazio publikoek eta nahitaezko ordainketako aseguruek, hau da, gastuaren % 69,5, eta borondatezko ordainketako eta etxeetako ordainketa zuzeneko osasun-aseguruek 2.610 milioi, % 30,5.

2010etik aurrera, borondatezko etxeetako eta osasun-aseguruetako ekarpenak gora egin du, 2010eko % 25,7tik 2023ko % 30,5era. 2020an eta 2021ean (COVID-19aren urteak) baino ez zen murriztu gastu pribatuaren pisua, 2019an % 31,1 izatetik 2021ean % 29,7 izatera igaro baitzen.
Aitzitik, 2010etik aurrera, finantzaketa publikoaren eta nahitaezko finantzaketaren pisuak behera egin du: % 74,3 zen 2010ean, eta % 69,5 2023an.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek osasunean egiten duten ahaleginaren adierazlea, hau da, administrazio publikoek osasunera bideratzen duten gastuaren zatia, pixka bat igo da 2010eko % 15,4tik 2023ko % 15,6ra; 2021ean izan zuen pisurik handiena, % 16,4.
Osasun Kontuko datuetan oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-ondasun eta -zerbitzuetako gastua jasotzen da hemen, gastuaren funtzioaren eta hura finantzatzen duen sektorearen arabera. Datu horiek konparagarriak dira Eurostatek eta ELGAk gainerako herrialdeetarako argitaratutakoekin, metodologia berari jarraituz kontabilizatzen baitira.
Gastua funtzioen arabera
Osasunaren Kontuko datuak funtzioen arabera aztertuz gero, ikusten da Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-asistentzia sendagarriak duela oraindik ere pisurik handiena; izan ere, 2023an gastu arruntaren % 56,9 hartu zuen, eta % 6,5 igo zen, gainera, 2022arekin alderatuta. Bigarren funtzioa, garrantziari dagokionez, produktu medikoei dagokie (produktu farmazeutikoak, protesiak...), gastu arruntaren % 16,8rekin, eta % 7,2ko igoera izan du 2022. urtearekin alderatuta. Hirugarrenik, egonaldi luzeko osasun-laguntzako gastua (mendetasuna duten pertsonei osasun-arreta emateko gastua barne): gastu arruntaren % 14,7 izan zen, eta % 3,5 igo zen 2023. urtearekin alderatuta.

Datuak funtzioen eta finantzaketaren arabera gurutzatzeak erakusten du gastua desberdina dela, segun eta nork egikaritzen duen gastu hori.
Familiek eta borondatez ordaintzeko sistemek anbulatorioko asistentzia sendagarrira bideratu zuten gastu gehiena (% 37,8), eta, ondoren, produktu medikoak erostera (% 32,6).
Administrazio publikoek eta nahitaez ordaindu beharreko sistemek ospitale-asistentzia sendagarrira bideratu zuten gastuaren zatirik handiena (% 30,0), ondoren asistentzia anbulatorio sendagarrira (% 27,0) eta iraupen luzeko ospitale-asistentziara (% 10,5). Gainerakoen barruan (% 22,5), gastu garrantzitsuena osasun-zerbitzu osagarriei dagokie (laborategia, irudiaren diagnostikoa, gaixoen garraioa), guztizkoaren % 6.
