2003/07/11ko prentsa-oharra

BIZTANLERIAREN ETA ETXEBIZITZEN ZENTSUAK 2001



2001ean, biztanleen erdiek baino gehiagok diote euskaraz zerbait badakitela



Euskal AEko hiru egoiliarretatik batek euskaraz ulertzen du eta euskaraz zailtasunik gabe mintzatzeko gai da.


Euskal AEko bi urte eta gehiagoko biztanleen erdiek baino gehiagok —%55,4k— diote euskaraz zerbait badakiela. Hamar urte lehenago, berriz, %46,1ek zioten hori; eta, 1981ean, %36k. Datu horiek guztiak, Eustatenak dira.


Talde orokor horretan, bi hiztun-talde ditugu: euskaraz ondo ulertzen eta hitz egiten dutenak —euskaldunak—, biztanleen %32,3; eta, ondo edo hala-hola ulertzeko gai izanik, hitz egiteko zailtasunak dituztenak —ia euskaldunak—, biztanleen %23,1.


1996. urteari dagokionez, Araba da euskaldunak ehuneko-zifretan gehien hazi diren (%11,9) lurraldea. Ondoren, Bizkaia (%2,9) eta Gipuzkoa (%2,3) datoz. Hala ere, azken bost urtean ia euskaldunena da gehien hazi den taldea: Araban %26,7, Bizkaian %16,5, eta Gipuzkoan %8,4.


Gipuzkoa bihurtu da, 2001ean, euskaldun biztanleak gehiengo (%51,5) dituen estreinako lurralde historikoa.


2001ean, Gipuzkoa bihurtu da euskaldun biztanleak gehiengo dituen lehendabiziko lurraldea; lau bizkaitarretatik batek eta sei arabarretatik batek (%16,2), orobat, euskaraz arazorik gabe ulertzen eta hitz egiten du.


Aurrez ere ikusi zen eran, euskarak agerpenik txikiena duen eskualdeak —Euskal AEaren mendebaldekoak eta hegoaldekoak— dira 1996 eta 2001 bitartean euskaldunen gehikuntzarik handienak izan dituztenak: Arabako Ibarretan, %94,6 ugaritu dira (%4,1 izatetik %7,1 izatera iritsi dira); Arabako Mendialdean, %55,8; Enkarterrian, %36,8; Arabako Errioxan, %30,8; Gorbeialdean, %22,6; Arabako Lautadan, %11,6; Bilbo Handian, %5; eta Aiaran, %4.


Plentzia-Mungiak, euskaldunen zentsua %7,2 handituagatik, ehunekotan neurtuta beherakada izan du hiztun-talde horretan: bi urte eta gehiagoko biztanleen %49,6 ziren 1996an, eta %47,1 2001ean. Bidasoa Behereko muga-eskualdean ere nabarmen hazi dira, %10, eta gutxixeago Donostia-San Sebastiángoan: %4.


Gainerako eskualdeek gehiengoa euskalduna izatea dute ezaugarri, eta hazkunde neurritsuagoak izan dituzte, baita galera txikiak ere. Gipuzkoan, Urola Kosta eta haren hegoaldeko auzokoa —Goierri— %2 inguru hazi dira; Debabarrena eta Tolosaldea, aldiz, %2 baino gutxixeago urritu dira (%1,8 eta %1,5, hurrenez hurren). Debagoienean, euskaldunak %0,6 gutxitu arren, euskaldunen proportzioa handitu egin da: %63,9 ziren 1996an, eta %65,6 2001ean. Izan ere, %2,4 biztanle galdu zituen eskualde horrek aldi horretan.

Iturria: EUSTAT

Gernika-Bermeo eta ekialdetik haren mugakide den Markina-Ondarroa dira euskaldun gehien galdu duten eskualdeak: %3,9 lehenengoak eta %3 bigarrenak; Arratia-Nerbioik %0,8 galdu ditu; Durangaldeak, ostera, %1,5 irabazi. Markina-Ondarroan izan ezik (han ia euskaldunak ere %2,4 gutxitu dira), talde horretako eskualde guztietan nabarmen hazi da ia euskaldunen taldea.


Vitoria-Gasteiz da euskaldunen (%9,8) eta ia euskaldunen (%25,9) gehikuntza handieneko hiriburua. 2001ean, gasteiztarren %14,9 ziren euskaldunak, eta %25,8 ia euskaldunak. Ondoren, Donostia-San Sebastián dator: %6,5 ugaritu ziren euskaldunak, eta %9,4 ia euskaldunak. Bilbok %4,5eko gehikuntza izan du lehenengo taldean, eta %10,6koa bigarrenean. Hiriburu horrek euskaldunen proportzioan Vitoria-Gasteizi kentzen dion aldea 6 hamarrenekoa besterik ez da; Donostia-San Sebastiánek, berriz, biak bikoizten ditu, %34,7.


Hiru hiriburuen atzetik, Irun, Galdakao eta Zarautz dira 1996 eta 2001 bitartean euskaldun gehien azaltzen diren hiru udalerriak: 2.137 lehenengoan, 1.521 bigarrenean eta 1.104 hirugarrenean. Llodiok, Pasaiak eta Arrasatek, aitzitik, euskaldunen %3 galdu dituzte, nahiz eta hiru kasuetan horien proportzioa ehuneko-puntu bat eta bi bitarte hazi den. Tolosak, ordea, %3,8 eta ia ehuneko-puntu bat (1996an %65,3 ziren, eta 2001ean %64,5) galdu ditu; eta Bermeok, %4,7 (%77,6 izatetik %75,7 izatera).


Bost urtean, euskarazko irakaskuntza-eredu elebakarren edo elebidunen zabalkundea dela bide, euskaraz ezer ere ez dakiten gazteak nabarmen gutxitu dira. Bi eta lau urte bitartekoen artean, euskaraz ezer ez zekitela zioen hirutik batek (%32,8) 1996an, eta bostetik batek (%18) 2001ean. Bost eta bederatzi urte bitartekoen taldean, gutxitzea, hain handia izan gabe ere, adierazgarria da: %17,6 izatetik %11,1 izatera.


Bost urtetik beherako lau haurretatik batek euskara du ama-hizkuntza. Bostetik bat ziren 1996an.


Irakaskuntzaren rolaren indarra ageriagoa dugu, euskara familiako transmisioz jaso duten biztanleen proportzioa nabarmen aldatu ez dela ikusita: bost lagunetatik bat, 1996an eta 2001ean. Dena dela, belaunaldi gazteenen artean euskara gurasoengandik ere jaso dutenen proportzioaren handitzea nabari da: 2001ean, bost urtetik beherako lau haurretatik ia batek (%24,4) euskara du ama-hizkuntza; %20,8 ziren 1996an.


Euskal AEko zazpi biztanletatik batek dio euskaraz baino ez duela egiten etxean. Proportzio horrek bere horretan dirau 1991z geroztik.


Bost lagunetatik batek baino gehixeagok dio etxean euskaraz egiten duela. %13,6k, euskaraz baino ez, eta %8,4k, euskaraz eta gaztelaniaz; bi kasuetan, 1996ko banaketa bera dute.


Euskaldun elebakarrak 2.008 urritu dira egiaz. Izan ere, talde horretan 16.181 lagun sartu dira (9 urte edo gutxiagoko gazteak gehienbat); eta, hil direlako edo migratu dutelako, 18.189 atera. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten duen taldearen saldoa ere negatiboa da: 3.506 pertsona gutxiago, 15.849 sartzearen eta 19.355 ateratzearen emaitza.


Bost gipuzkoarretatik bik (%41) eta zazpi bizkaitarretatik batek (%14,9) euskara bakarrik edo bi hizkuntza ofizialak erabiltzen dituzte etxean; kopuru hori %5,4koa baino ez da arabarren artean.


Arabako Lautada da euskara hutsean edo bi hizkuntzetan aritzen diren hiztunen kopuruan gehikuntzarik handiena duena, 1996 eta 2001 artean: 1.574 hiztunekoa, nahiz eta talde horren proportzioa %5ekoa besterik ez den.


Beste muturrean ditugu Bilbo Handia, 3.009 hiztun galduta, Durangaldea, 1.381 gutxiagorekin, eta Gernika-Bermeo, 1.145eko urritzearekin. Bilbo Handian galera horiek ez diote nabarmen eragin euskararen erabiltzaileen taldeari (%6,5 izatetik %6,3 izatera pasa dira); bai, ordea, Gernika-Bermeon (%72,1 ziren 1996an, eta %70 2001ean) eta Durangaldean (%38,1 1996an, eta %36,5 2001ean).


Vitoria-Gasteiz, 1996 eta 2001 bitartean biztanle-gehikuntza absoluturik handiena izan zuen udalerria, euskaldun-kopuruaren gehikuntzarik handiena (1.311koa, hots, %14koa) izan duena da orobat.


Zarautzek, 1.876 biztanleko hazkundea izanik, ia Vitoria-Gasteizek adina euskaldun —1.282— irabazi ditu. Arrigorriaga (%39,9ko gehikuntza), Orozko (%25,6) eta Urretxu (%22) dira hiztun kopuruaren handitzea izan duten beste udalerri batzuk. Handitze hori, neurri handi batean, biztanle berriak hartu izanari zor zaio.

Beste muturrean da Bilbao, 2.238 euskaldun galdu baititu (%-10,3), baina kontuan hartu beharrekoa da huraxe dela biztanle gehien galdu duen udalerria: 8.903 biztanle, hain zuzen.




Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945 017 500 Faxa: +34-945 017 501 E-maila: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Jesús Rodríguez Marcos
Tel.: 31-945 017 534. Faxa: +34-945 017 501
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.asp

Euskera
Produktuaren datuak

2001ean, biztanleen erdiek baino gehiagok diote euskaraz zerbait badakitela

Eragiketa : 
Biztanleriaren eta etxebizitzen errolda. Euskara
Eragiketa kodea : 
010123
Periodikotasuna : 
Bost urtekoa
Denbora arloa : 
2001-2021
Eguneratze data : 
2003/07/11
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0002264_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Mikrodatuak

Metadatuak

Kode eta izendegiak

Informazio gehigarria

Egutegia

Su feedback.   Ayúdenos a adaptar nuestra web a sus necesidades

¿Cómo valora usted la información de esta página?
Muy útil
Útil
Poco útil
Nada útil
¿Tiene alguna sugerencia que hacer?
Si, tengo
Enviar