2020/06/22ko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENTU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. LANDA HOTELAK ETA OSTATUAK. 2020KO MAIATZA
COVID19ak jarraitzen du Euskadiko AEko hotel-establezimenduen jarduera urria markatzen, 2020ko maiatzean
188 establezimenduk hotel-jardueraren bat izan dute, eta, guztira, 30.049 ostatu-gau zenbatu dira, 2020ko apirilearen erregistratutakoen bikoitza
Maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren bidez, Turismo-ostatuen establezimenduen irekiera etetea adierazteko martxoaren 19ko SND7257/2020 Aginduaren arabera irekiera eten zuten hotel eta turismo-establezimenduak berriz ireki ahal izateko mugak eta baldintzak ezartzen dira. Une horretatik aurrera, establezimenduak etengabe irekitzen joan dira, baina pixkanaka, aldi berean.
Ikusi da, horrela, 188 establezimenduk hotel-jardueraren bat izan dutela Euskadiko AEn maiatzean, eta 430 establezimendu itxita egon direla hil osoa. Zifra horiek eta 2019ko maiatzekoak (572 establezimendu jarduerarekin eta 41 itxita, zenbait motibo tarteko) oso bestelakoak badira ere, hotel-jarduera pixka bat ireki dela ikusten da, 2020ko apirilaren aldean; izan ere, apirilean 56 establezimenduk baino ez zituzten hartu une jakinetan edo etengabe hainbat izaeratako funtsezko langileak, bai eta ezinbestean edo behar-beharrezkoa zelako une jakin batean edo denboraldi batean ostatua behar zuten pertsonak ere.
Lurralde historikoen arabera, jardueran izan den igoera txikia orokorra izan da: Araban, 6 establezimenduk izan zuten jarduera apirilean eta 20k maiatzean; Bizkaian, 29 establezimenduk izan zuten jardueraren bat apirilean eta 80k maiatzean, eta, Gipuzkoan, azkenik, 21 establezimenduk izan zuten jarduera apirilean eta 88k maiatzean. Nolanahi ere, zifra horiek eta 2019ko maiatzean izan zirenak oso bestelakoak dira, eta urtebete lehenago zabalik egon ziren establezimenduen herena da: orduan, 66 establezimenduk izan zuten jarduera Araban, 222k Bizkaian eta 284k Gipuzkoan.
2020ko maiatzean izan diren sarrerak eta ostatu-gauak direla eta, 2019ko hil bereko zifrekin erkaketarik egiten bada, agerian uzten da COVID19ak Euskadiko AEko hotel-sektorean izan duen eragin handia. 2020ko maiatzeko sarrerak 7.764 izan dira, 30.049 ostatu-gau, eta aurreko urtean, berriz, 295.055 sarrera eta 574.422 ostatu-gau. Apirilarekin erkatuz gero –orduan sektorea ia erabat itxita egon zen, orain arte sekula ezagutu ez den jarduera minimoekin–, sarrerak eta ostatu-gauak areagotu egin dira: 1.467 sarrera izatetik 7.764 izatera igaro da, eta ostatu-gauetan, 13.027 izatetik 30.049 izatera.
Jardueraren suspertze txiki hori hiru lurralde historikoetan ikusi da. Araban, 2020ko apirilean, 627 sarrera eta 4.125 ostatu-gau zenbatu ziren, eta, maiatzean, 1.790 sarrera eta 7.278 ostatu-gau. Bizkaian, apirilean, 159 sarrera izan ziren, eta, maiatzean, 2.448; apirilean, 4.245 ostatu-gau, eta, maiatzean, 11.486. Gipuzkoan, azkenik, maiatzeko sarrerak eta ostatu-gauak 3.526 eta 11.285 izan ziren, hurrenez hurren, eta, aurreko hilean, 681 eta 4.657.
COVID-19aren krisiari aurre egiteko landetxeetan hartu diren neurrien irismena hoteletan ikusitakoaren antzekoa izan da. Horrela, maiatzeko egunen batean jarduera motaren bat erregistratu duten establezimenduak 167 izan dira, eta, 2019ko maiatzean, 371. Ordea, 260 establezimendu egon dira itxita, guztira, aldi osoan, eta 51 2019ko maiatzean. Aurreko hilaren aldean, igoera antzeman da, halaber, jardueran; izan ere, hil horretan jarduera izan duen ostatu-kopurua 31 izan zen, eta 167 maiatzean.
Euskadiko AEko landetxeetan 996 sarrera izan ziren 2020ko maiatzean, eta 230, 2020ko apirilean. Datu horiek eta 2019ko maiatzekoak oso bestelakoak dira, orduan 15.688 izan baitziren; beraz, maiatzean indarrean egon diren salbuespenezko neurrien eragina oso handia izan da landetxeetako jardueran ere.
Lurralde historikoen arabera, Arabak, maiatzean, 109 sarrera eta 334 ostatu-gau erregistratu zituen; Bizkaiak, 327 sarrera eta 1.599 ostatu-gau, eta Gipuzkoak, 560 sarrera eta 3.068 ostatu-gau. Zifra horiek 2019ko maiatzekoak baino askoz ere baxuagoak dira, baina jarduera pixkanaka leheneratzen doala erakusten dute, apirilean izan den ia erabateko itxieraren ondoren.
COVID-19-AREN KRISIAK TEH-ETAN IZAN DUEN ERAGINARI BURUZKO OHARRA
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu du COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko.
Gerora hartu diren salbuespenezko neurriek inpaktu zuzena izan dute turismo-establezimendu hartzaileen ohiko jardueran. Itxiera ia erabatekoa izan zen, harik eta maiatzaren 9ko SND/399/2020 Agindua argitaratu zen arte; bertan, mailaz mailako irekiera mugaturako oinarriak ezartzen dira.
Egoera horrek ekarri du ETHI eraikitzeko beharrezkoa den informazioa lortzeko egindako ahalegina handitu izana, bai informazioa biltzen eta tratatzen diharduten langileen aldetik, bai, batez ere, inkestatutako establezimenduen aldetik.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie lagundu duten establezimendu guztiei egindako ahaleginagatik aparteko zirkunstantzia hauetan. Haiei esker, zabaldu ahal izan da hartutako neurriek sektorean izan duten eragina kuantifikatzeko aukera ematen duen informazio hau.
Maiatzeko zabalkundea, oraingoz, prentsa-ohar honetara mugatuko da. Eragiketa honetako gainerako produktuak behin betikotzat jotzen direnean zabalduko dira.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62