Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalaren arabera (EJSN 2009), osasun-sektorean 62.078 langile daude 2020an, hau da, EAEko enpleguaren batezbestekoaren %6,7. Gehienek ospitale-jardueretan egiten dute lan (%55); atzetik doaz beste osasun-jarduera batzuk, laborategietako jarduerak barne besteak beste (%14), medikuntza orokorreko eta espezializatuko jarduerak (%12 eta %11, hurrenez hurren) eta odontologikoak (%8). Osasun-arloko enplegatuen kopuruak gora egin du azken urteetan, eta 2019. urtearekin alderatuta %3,3 igo da.
Sexuaren arabera, osasun-arloan enplegatutako pertsonen % 75 emakumeak dira; beraz, sektore feminizatuenetako bat da, Gizarte Zerbitzuak eta Hezkuntza bezalako sektoreekin batera. Ospitale-jarduerek dute feminizazio-tasarik handiena (%79).
Sektore publikoak jarduera-adar horretako enpleguaren % 63 hartzen du, eta ospitale-jardueren kasuan,% 91ra iristen da.
Profesional sanitario elkargokideak
Osasunaren sektorean dauden profesional elkargokideen kopuruak adierazten digu zer giza baliabide ditugun osasun-asistentziarako.
Lanean ari diren gehienak (erretiratu gabeak) erizainak dira (16.826), eta, ondoren, medikuak (12.045), farmazialariak (3.196), fisioterapeutak (2.887), odontologoak (1.856) eta psikologoak (1.849) 2019an.
Osasun arloko lanbidean emakumeak dira nagusi, batez ere erizaintzan (%90), psikologian (%82) eta farmazian (%81). Medikuntzan, emakumeen proportzioa txikiagoa da (% 59); alabaina, 45 urtetik beherako medikuen artean emakumeak % 70 baino gehiago dira.
Lanean ari diren mediku elkargokideen tasarik handienak dituzten erkidegoen artean dago EAE (5,5 1.000 biztanleko), Madrilgo eta Aragoiko erkidegoen atzetik, baita erizainen kasuan ere (7,7 1.000 biztanleko), Nafarroako Foru Erkidegoaren atzetik.
Osasun-langileak arreta motaren arabera
Osasun-sistema publikoa asistentzia-ingurune hauek osatzen dute: lehen mailako arreta, arreta espezializatua eta urgentziazko arreta. Erizainak dira osasun-profesional gehienak, eta horien atzetik datoz medikuak. Langile horietatik gehienek arreta espezializatuaren eremuan egiten dituzte asistentzia-lanak.
Euskal sistema publikoaren asistentzia-sareak 6.785 mediku eta 11.935 erizain izan zituen (erizaintzako/medikuntzako langileen 1,8ko tasa).
Asistentzia-mailen arabera, lehen mailako arretan (osasun-zentroak eta kontsultategiak) langile gehiago zeuden medikuntzan (1.809) erizaintzan baino (1.558), baita ospitalez kanpoko larrialdietako arretan ere (Etengabeko Arreta Guneak eta Larrialdietako eta Emergentzietako Zerbitzuak), 311 mediku eta 249 erizainekin; alabaina, arreta espezializatuan (ospitaleak eta mendeko zentroak) erizain gehiago enplegatu ziren (10.6128) medikuntzan baino (4.6128). Horrek esan nahi du erizaintza/medikuntzako langileen ratioa 2,2koa izan zela.
Medikuen dentsitatea 1.000 biztanleko 0,83koa da lehen mailako arretan (0,77 Espainian) eta 2,14koa arreta espezializatuan. Erizaintzari dagokionez, 1.000 biztanleko 0,71 profesional daude lehen mailako arretan (Espainia 0,66) eta 4,6 espezializatuan.
Ospitale-sare publikoko medikuen %92k akutuentzako ospitale batean egiten du lan, %6k psikiatrikoetan eta %2k egonaldi ertain eta luzeko zentroetan. Erizaintzako langileei dagokienez, %93k akutuen ospitaleetan egiten du lan, %4k psikiatrikoetan eta %3k egonaldi ertain eta luzeko zentroetan. Erizaintzako/medikuntzako langileen ratio handiena (4,5) egonaldi ertain eta luzeko ospitaleetan dago, eta txikiena ospitale psikiatrikoetan (1,5).
Osasun-zientzietako unibertsitate-ikasketetan graduatutako pertsonak erreferente dira osasun-sisteman jarduteko aukera duten osasun-profesional berrientzat. Euskal Herriko Unibertsitateko Osasun Zientzien ikasketa-adarreko titulazioetan 1.322 ikasle graduatu ziren 2018/2019 ikasturtean; hau da, aurreko urtean baino %2,2 gehiago, eta 2014/2015 ikasturtean baino %6,9 gehiago.
Titulazioaren arabera, kolektibo nagusia psikologiakoa izan zen (% 31,5), gero erizaintzakoa (% 26,5) eta medikuntzakoa (% 22,6); gutxiago matrikulatu ziren, ordea, farmazian (% 8,5), giza nutrizioan eta dietetikan (% 4,2), fisioterapian (% 3,5) eta odontologian (% 3,1).
Osasun Zientzietako graduatu gehienak emakumeak dira (% 80,3), eta nabarmentzekoak dira psikologia-ikasketak (% 86,3) eta erizaintza-ikasketak (% 84,9); gainerakoetan, emakumeak dira gehienak oraindik ere, kasu guztietan % 68 gainditzen dute eta.
2018/2019 ikasturtean 299 pertsona graduatu dira medikuntzan; horrek esan nahi du mediku graduatuen tasa 1.000 biztanleko 0,14 dela. Erretiratu gabeko medikuekin erlazionatuz gero, 1.000 biztanleko 25 mediku berri daude aktiboan.
Erizaintzan, 350 pertsona graduatu dira; horrek esan nahi du 1.000 biztanleko 0,16ko tasa dagoela, eta 1.000 biztanleko 21 erizain berri aktiboan.
Asistentzia sanitarioko zentroak
Erakunde Sanitario Integratua (ESI) asistentzia-antolamendurako eredu bat da, Osakidetza osasun-sistema publikoan ezarri dena arreta bateratua emateko asistentzia-prozesu berean esku hartzen duten profesionalek artatzen dituzten pertsonei. ESIen asistentzia-prestazioaren oinarria zainketa jarraitua da oro har, ospitaleetan (akutuen eta egonaldi ertain eta luzeko zentroak) eta lehen mailako arretako zentroetan (osasun-zentroak eta kontsultategiak) ematen dena.
Euskal sare publikoak lehen mailako arretako 323 zentro ditu (osasun-zentroak eta kontsultategiak); gainera, horietako 53tan larrialdietako arreta ematen da zentroen ordutegitik kanpo, Etengabeko Arretako Guneen bitartez.
Era berean, ospitalez kanpoko osasun mentaleko sare publikoko arretaren barruan sartzen dira osasun mentaleko 47 zentro eta beste 37 unitate (errehabilitaziokoak eta terapeutikoak), funtzionalki ospitale psikiatrikoen mende daudenak.
EAEko ospitale-arretarako, 39 ospitale zeuden 2018an: 16 ospitale publiko (11, akutuenak; 3, egonaldi ertain eta luzekoak, eta 2 psikiatriko) eta 23 pribatu (16 akutuenak; 2 egonaldi ertain eta luzekoak, eta 5 psikiatriko).
Arreta sanitarioko euskal sektore publikoan pribatuan baino ospitale gutxiago dago, baina handiagoak dira: 7 ospitale publikok 200 ohe baino gehiago dituzte (3k 400 ohe baino gehiago eta 2k 800 ohe baino gehiago); ospitale pribatuen kasuan, 2 ospitale psikiatrikok baino ez dituzte 200 ohe baino gehiago.
Gainera, ospitaleek eguneko ospitaleetako 1.375 plaza dituzte, hau da, 63 plazako tasa 100.000 biztanleko (Espainian, 45,9 plazako tasa 100.000 biztanleko). Azken urteotan, ospitale-baliabide horrek gora egin du ohiko ospitaleratzearen alternatiba gisa, batez ere publikoaren mende dauden ospitaleetan (eguneko ospitaleetako postuen % 88 sektore publikokoak dira); asistentzia motaren arabera, % 38 eguneko ospitale psikiatrikora bideratzen da, % 34 eguneko ospitale medikora eta % 28 eguneko ospitale kirurgikora.

Erabil daitezkeen oheak
Ospitaleetan ohe-hornidura da ospitale-zentroek dituzten baliabide materialak neurtzeko bitarteko oinarrizkoena eta garrantzitsuena, ospitaleratuta dauden gaixoei arreta emateko funtzio nagusiari dagokionez.
2018. urtean, EAEko ospitaleetan 7.010 ohe zeuden guztira: sektore publikoan % 71,2, eta pribatuan % 28,8. Euskal osasun zerbitzuaren ohe gehienak (% 83) gaixo akutuen patologiak tratatzeko erabiltzen dira; eta sektore pribatuan, berriz, publikoan baino ohe gehiago dago zaintza psikiatrikoetarako ospitaleratze-unitateetan.
Ohe-kopurua jaisteko joera, orokorra izan da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Europan; erreferentziatzat hartuta azken hamarkada (2008-2018), ohe-kopurua %12,6 gehiago jaitsi da sektore pribatuan publikoan baino (-%17,6 eta -%10,4 hurrenez hurren).. Murrizketa hori ere desberdina izan da ospitalearen asistentzia-helburuaren arabera: akutuen ospitaleetako oheak (2018an, 4 ohetik ia 3) %9 murriztu dira azken hamar urteetan (-%6,2 sektore publikoan eta -%19,3 pribatuan), eta are gehiago egonaldi ertain eta luzeko ospitaleetan eta psikiatrikoetan (%21-22 inguru).
2018an, EAEn 3,21 ohe erabiltzen ziren 1.000 biztanleko, EU-28ko batezbestekoaren azpitik (5 ohe) eta Espainiako batezbestekoaren gainetik (2,98). Beste autonomia-erkidego batzuekin alderatuta, EAE hamargarren postuan dago. Dependentziaren arabera, sektore publikoko ohe-tasa 1.000 biztanleko 2,28koa da, Espainiakoa baino altuagoa (2,03); gainerako erkidegoekin alderatuta, zazpigarren postuan dago.
