Osasun-arazoen arretak
- Sarrera
- Lehen mailako arreta
- Arreta espezializatua
- Larrialdiko arreta
- Ospitale morbilitatea

2019an, euskal osasun-sistema publikoko lehen mailako arretan 11,5 milioi kontsulta mediko artatu ziren (9,9 familia-medikuntza eta 1,6 pediatria), eta 8,7 milioi erizaintzako kontsulta. %76 zentroan egin ziren, %20 telekontsultaren bidez eta %4 etxean.
Medikuntza-kontsultetara, batez beste, 5,1 bisita egiten dira pertsonako eta urteko, Espainian bezala (5,1); erizaintzan, 3,8 (Espainian, 2,9).
Emakumeak gizonak baino maizago joaten dira mediku- eta erizaintza-kontsultetara, eta alde hori handiagoa da medikuntzan (5,7 emakume eta 4,5 gizon).
Kontsulta medikoen maiztasun handiena adin goiztiarretan (0-4 urte) izaten da, 10 bisita urtean batez beste, bai eta adin berantiarrenetan ere (laurogei eta laurogeita hamar urtetik gorakoak), urtean 10 kontsulta baino gehiago izaten baitituzte. Hala ere, 65 urtetik aurrera, gradualki, gehiago joaten dira erizaintzako kontsultetara medikuarenera baino, erizainek zeregin garrantzitsua izan baitute kronikotasunari arreta emateko orduan.

Morbilitatea lehen mailako arretan
Artatutako 1.000 kasutan, hauek dira kontsultaren lehen arrazoiak: lokomozio-aparatuko arazoak (831), larruazala eta fanerak (728), arnasketa-aparatua (675) eta arazo orokorrak eta zehaztugabeak (651). Osasun-arazo horiek dira ohikoenak gizonen eta emakumeen artean, baina prebalentzia handiagoa dute emakumeen artean.
Adinaren arabera, 15 urtetik beherakoen artean, arnasketa-aparatuko arazoak dira kontsultaren lehen arrazoia (1.219 kasu artatutako 1.000 pertsonako), eta, horien artean, goiko traktuko infekzio akutua eta asma nabarmentzen dira. Bestalde, 15 eta 34 urte bitartekoetan larruazaleko arazoak dira nagusi (aknea), 703 kasu artatutako 1.000 pertsonako. 35 eta 64 urte bitartekoetan, lokomozio-aparatukoak nabarmentzen dira (853), hala nola burtsitisa, tendinitisa edo sinobitisa. 65 urte edo gehiagokoetan, zirkulazio-aparatuko arazoak nabarmentzen dira (1.354), eta horien artean, hipertentsioa.

2018an, EAEko 39 ospitale publiko eta pribatuek 329.794 ospitaleratze, 1,2 milioi larrialdi eta 3 milioi kontsulta mediko baino gehiago artatu zituzten. Ebakuntza kirurgikoak 301.731 izan ziren, eta horietatik lautik bat (% 26) kirurgia handi anbulatoriokoarekin egin zen. Horrezaz gainera, obstetrizia-zerbitzuek 16.292 erditze artatu zituzten, eta % 14,6 zesareak izan ziren.
Asistentzia-arloek azken lau urteotan (2014-2018) izaniko ibilbidearen arabera, ospitaleko kanpo-kontsultek eta larrialdiek areagotu dute gehien jarduera, % 13 eta % 10, hurrenez hurren. Beste muturrean, berriz, amatasun-arloa ageri da, % 15,8 murriztu baitira erditzeak. Jarduera kirurgikoa zertxobait hazi bazen ere lehen hiru urteetan, % 4,8 jaitsi da 2018an.
Asistentziaren xedearen arabera, akutuen ospitaleek hartzen dute osasun-arretaren zatirik handiena ospitaleratzearekin eta arreta anbulatoriokoarekin: ospitaleratzeen, kanpo-kontsulten eta larrialdien % 95 baino gehiago. Egonaldien kopuruari dagokionez, psikiatrikoek eragin berezia dute iraupen luzeko tratamenduak behar izaten direlako.
Sektore publikoak biltzen du prozesu akutuen ospitale-jarduera gehientsuena. Ospitale publikoetan egiten dira erditzeen, kanpo-kontsulten eta ospitaleratzeen % 80 baino gehiago. Osasun pribatuak arlo kirurgikoan eta larrialdietan egiten du ekarpenik handiena, 4 ebakuntzatatik 1 ospitale pribatu batean egiten baita; orobat, arreta psikiatrikoan ere garrantzi handia du sektore pribatuak, bai ospitaleratze-eremuan, bai anbulatorioko eremuan.

Jarduera-adierazleak
Ospitaleko batezbesteko egonaldia 6 egun izan da EAEko ospitaleetan 2018an. Asistentziaren xedearen arabera, egonaldiak 4,2 egun iraun zuen akutuen ospitaleetan (4,5 egun publikoetan eta 2,9 egun pribatuetan); egonaldi ertain-luzeetan eta psikiatrikoetan, berriz, esparru pribatuan 29 egun izan ziren lehen kasuan, eta 264 egun bigarrenean; izan ere, tratatutako osasun-arazoek ospitaleratze luzeagoa eskatzen dute.
Errotazio-indizea (ohe bakoitzean artaturiko paziente-kopurua) oso lotuta dago batezbesteko egonaldiarekin; hori horrela, egonaldi luzeari errotazio-indize txikia dagokio, eta alderantziz. Hori dela bide, nahiz eta akutuen ospitaleetan batez beste 63 gaixori eman zitzaion arreta ohe bakoitzean, egonaldi ertain-luzeko ospitaleetan eta psikiatrikoetan 18 eta 2 lagun izan ziren artatuak batez beste, hurrenez hurren.
Ospitaleko okupazio-indize altuena ospitale psikiatrikoetan gertatzen da (% 97); ondoren, egonaldi ertain-luzeko ospitaleetan (% 88), eta akutuetan % 72; azken kasu horretan, ospitale pribatuetan dago okupazio-indizerik apalena (% 52).
Erditzeen % 14,6 zesarea bidez izan ziren, eta ehuneko hori % 22,1era igotzen da ospitale pribatuetan. Ospitale akutu publikoetako larrialdi-zerbitzuetara jo zuten pazienteen % 13,5 ospitaleratze-unitateren batean ospitaleratu zituzten, eta eremu pribatuan, berriz, % 5,6.

Ospitaleko kontsultak eta mendeko zentroak
Arreta espezializatuko kontsulta medikoen bolumena lehen mailako arretako kontsulten erdia da. 2018an, 5,9 milioi kontsulta artatu ziren guztira; horietatik, % 58 ospitaleen barruan egin ziren (3,4 milioi) eta % 42 (2,5 milioi) ospitalearekin koordinatutako espezialitate-zentroetan.
Kontsulta gehienak (% 45) kirurgia-espezialitateak izan ziren; ondoren, espezialitate medikoak (% 30), osasun mentala (% 15) eta errehabilitazioa (% 5).
Ospitalez kanpoko espezialitate batzuetako arreta-kopurua ospitalekoa baino handiagoa izan zen. Psikiatria nabarmentzen da, arlo horretako kontsulten % 94 ospitaletik kanpo artatzen baitira; baita ginekologia, dermatologia (biak % 57) eta kardiologia ere (% 54).
2018ko Osasun Inkestaren arabera, emakumeak (% 58) gehiago joaten dira espezialistaren kontsultara gizonak baino (% 46). Proportzio horrek gora egiten du adinarekin, bai gizonetan, bai emakumeetan, eta % 74ra iristen da 75 urteko eta gehiagoko taldean. Kontsulten gorakada hori gazteago hasten da emakumeetan: 25-44 urteko emakumeen % 56 mediku espezialistarengana joanak dira azken hamabi hilabeteetan, gizonen kasuan, berriz, % 36.

Ospitalez kanpoko larrialdien eskaerei erantzuteko, euskal osasun-sistemak zerbitzu hauek ditu: Etengabeko Arretako Guneak (EAG), larrialdiak eta emergentziak koordinatzeko 112 zentroak (Osakidetza eta SOS Deiak).
Ospitaleez kanpoko larrialdi-zentroek (EAG) 1.015.445 larrialdi artatu zituzten 2019an, hau da, 2018an baino %2,4 gehiago; maiztasunari dagokionez, 0,46 larrialdi-kontsulta batez beste pertsonako eta urteko, Espainiako batezbestekoaren azpitik (0,66). Larrialdi guztien %55 emakumeenak izan ziren. Adinaren arabera, 0 eta 4 urte bitarteko taldeak eta adinean aurrera gehien egindakoak (95 urte eta gehiagokoak) dira arreta jarraitua emateko guneetan larrialdiko arreta gehien jaso dutenak, 20 eta 29 urte bitarteko emakumeekin batera.
Larrialdiak koordinatzeko zentroek 327.995 osasun-eskaera artatu zituzten, koordinazio-zentroko langileen balorazioa/esku-hartze sanitarioa behar dutenak; hau da, 145 eskaera 1.000 biztanleko (2018an, 143). Horietatik, % 29 koordinazio-zentroak ebatzi zituen, eta % 71 osasun-arloko profesional baten desplazamenduaren bitartez.
Bestalde, ospitaleek 1,2 milioi larrialdi artatu zituzten, eta horietatik %78 ospitale publikoek ebatzi zituzten.

2019an, 247.502 pertsonek gau bat igaro behar izan zuten gutxienez EAEko ospitale batean, hau da, aurreko urtean baino % 0,4 gutxiagok. Urtarrilean egon ziren ospitaleratze gehien (24.427), eta arnas-gaixotasunak izan ziren kausa nagusia (%21,6), gaixotasun horren urtarokotasunagatik; ospitaleratze gutxien, berriz, abuztuan gertatu zen (16.008).
Ospitalearen asistentzia-xedearen arabera, ospitaleratzeen % 94,8 akutuen ospitaleetan egin ziren (234.674 ospitaleratze), % 4,1 egonaldi ertain eta luzeko ospitaleetan (10.092 ospitaleratze) eta % 1,1 psikiatrikoetan (2.736 ospitaleratze). Dependentziaren arabera, ospitaleratzeen % 84 ospitale publikoek artatu zituzten, Estatuko batezbestekoa baino 11 puntu gehiago (% 73 2018an).
Alderaketa eginez gero, EAEko ospitaleetako morbilitate-tasa 100.000 biztanleko 11.282koa izan zen, handiagoa gizonetan (11.765 100.000 biztanleko) emakumeetan baino (10.826). Gainera, ez balitz aintzat hartuko haurdunaldi, erditze eta puerperioagatiko arreta, 100.000 emakumeko 9.330era jaitsiko litzateke tasa.
Zahartzearen berezko endekapen-aldaketen ondorioz, ospitaleratze-tasak gora egiten du adinarekin, eta 1.000 biztanleko 406 ospitaleratze izatera ere iristen da 85 urteko eta gehiagoko populazioan (521 gizonetan eta 353 emakumetan). 15-44 urteko adin-tarteetan izan ezik -aldi horretan emakumeentzako arretak pisu handia hartzen baitu haurdunaldi, erditze eta puerperioagatik- gizonen ospitaleratze-maiztasuna emakumeena baino handiagoa da; alde hori areagotu egiten da adin aurreratuenetan.

Ospitaleratze-eragile nagusiak
2019ko ospitaleratze-arrazoi nagusiak zirkulazio-, digestio- eta arnasketa-gaixotasunak izan ziren, ospitaleratzeen %38,2, guztira. Arnasketa-gaixotasunen ondoriozko ospitaleratzeen bilakaera urtarokotasunari lotuta dago, gehienak urtarrilean, abenduan, otsailean eta martxoan gertatzen baitira.
2018ko datuekin alderatuta, ospitaleratzeek pisua galdu dute arnas aparatuko gaixotasunengatik (-%7,5), lehen postutik hirugarrenera igaro baitira, zirkulazio- eta digestio-gaixotasunen atzetik. Bestalde, haurdunaldiko, erditzeko eta erdiberriaroko arreta-kopuruak behera egin du (-%3,5), eta, ondorioz, talde hori zortzigarren postuan dago (zazpigarren 2018an).
Artatutako patologien eredua aldatu egiten da ospitalearen titulartasunaren arabera. Ospitale publikoetan, hauek dira ohikoenak: zirkulazio-aparatukoak, (% 13,8); arnasketa-aparatukoak, (% 13,2), eta digestio-aparatuarekin lotutakoak, (% 13,1); pribatuetan, berriz, sistema osteomuskularrari eta ehun konektiboko gaixotasunei lotutakoak (% 17,4), digestio-aparatukoak (% 12,2) eta traumatismo eta lesioak (% 11,9).
Kausa nagusiak sexuaren arabera
Emakumeen artean, haurdunaldia, erditzea eta erdiberriaroa dira ospitaleratzearen arrazoi ohikoena ( % 13,8), nahiz eta azken urteetan talde horrek behera egin duen; horien atzetik daude digestio-aparatuko gaixotasunak ( % 11,3), arnas aparatukoak ( % 11,1) eta zirkulaziokoak ( % 11) 2019an.
Ospitaleratzeko arrazoi nagusiei dagokienez, bat datoz emakumeak eta gizonak, baina prebalentzia handiago da gizonetan: zirkulazio-aparatuko gaixotasunak (% 14,9), digestibokoak (14,5) eta arnasketakoak (% 13,5).>
Kontuan hartu gabe erditze, haurdunaldi eta puerperioagatiko arreta-kasuak, ez baitira gaixotasunak, hauek dira ospitaleratzeak eragiten dituzten gaixotasun-taldeak eta kausa espezifiko ohikoenak adin-tarteen arabera sailkatuta: 15 urtetik beherakoen kasuan, arnas-aparatukoak (amigdalen eta adenoideen hipertrofia); 15etik 34ra, traumatismoak eta lesioak gizonetan (bihurrituak, belauneko lotailu guratzatuak) eta digestio-aparatukoak emakumeetan (apendizitisa); azken horiek errepikatzen dira 35-64 urtekoen artean ere, kausa ohikoenak izanik iztaiko hernia gizonetan eta besikularen kalkulua emakumeetan; atzetik doaz osteomuskularren taldea (aldakako eta belauneko artrosia) eta tumoreak (umetokiko mioma eta prostatako neoplasia); 65 urte eta gehiagokoen artean gertatzen dira ospitaleratze gehienak (%50 baino gehiago), kausa nagusiak izanik zirkulazio-gaixotasunak (bihotz-gutxiegitasuna) eta arnas-gaixotasunak (neumonia).
Kontuan hartu gabe erditzea eta haurdunaldia, gizonak emakumeak baino gazteago ospitaleratzen dira (61 eta 64 urte, hurrenez hurren); alde hori areagotu egiten da traumatismo eta lesioen taldean: 54 urte gizonetan eta 67 emakumeetan.

Egonaldia akutuen ospitaleetan
Akutuen ospitaleetako egonaldien erdiak baino gehiago (% 57) 65 urte eta gehiagoko pertsonei dagozkie. Batezbesteko egonaldirik luzeena bizi-zikloaren hasierako eta amaierako etapan erregistratzen da: 0 urte (8,5 egun neskak, eta 8,1 mutilak) eta 80 urte eta gehiagoko taldean (ia 7 egun).
Zirkulazio-aparatuko gaixotasunek eragiten dute egonaldi gehien (%14,8), ondoren digestio-aparatukoek (%12,2) eta arnas-aparatukoek (%11,6) daude. Alabaina, buru- eta portaera-nahasmenduek eragiten dituzte batezbesteko egonaldi luzeenak (14 egun), jaiotza-inguruko egonaldiekin (10,5 egun) eta infekziosoekin (8,6 egun) batera.
