HomeServicios Datuetarako sarrera Eustaten lokaletan
Compartir twitter Compartir correo electrónico pdf

Osasunaren panorama   
Menua
Menua
 

Praktika prebentiboak


Gripea gaixotasun infekzioso arrunta da, eta inpaktu handia du herritarrengan eta osasun-laguntzan. 2018an, 34.828 gripe-kasu aitortu ziren Euskal AEn, Adierazi Beharreko Gaixotasunen Sistemaren arabera (2017an baino % 8,7 gehiago).

Txertoa da gaixotasun horri aurre egiteko prebentzio-neurri nagusia, eta gaixotasun hori hartzeak eragin ditzakeen konplikazioak izateko arrisku handiena duten pertsonak babestera bideratuta dago batez ere, hala nola 65 urte eta gehiagoko pertsonak eta gaixotasun kronikoren bat dutenak. Heriotzen Estatistikaren arabera, 2018an eta 2019an gripearen ondorioz hil ziren pertsonen % 90ek baino gehiagok 60 urte edo gehiago zituzten, eta gehiago izan ziren emakumeak gizonak baino (% 59 2018. urtean, eta % 54 2019. urtean).

Adinekoen artean, behera egiten ari da urtaroko gripearen aurkako txertoen estaldura azken urteotan. Baina % 55etik gorako ehunekoetan jarraitzen du 65-74 urtekoen taldean, eta % 75etik gora 75 urte edo gehiagokoen taldean, Osasun Inkestaren arabera. Txertaketaren prebalentzia handiagoa da 64 urtetik gorako gizonen artean, adin bereko emakumeen artean baino; prebalentzia hori nabarmenagoa da 75 urte eta gehiagoko adin-tartean (gizonetan % 82, eta emakumeetan % 77).

65-74 urte bitartekoak ez ziren txertatu uste zutelako ez zirela arrisku-taldekoak; 75 urte eta gehiagokoak, berriz, ez ziren txertatu osasunean izan zitzaketen ondorio edo konplikazioengatik. Halaber, adinekoen % 20 inguruk uste du txertoak ez duela ezertarako balio.


Hipertentsio arteriala (tentsio altua), kolesterol altua eta diabetesa dira EAEko gizonen eta emakumeen arazo kroniko ohikoenak; horregatik, beharrezkoa da horiek kontrolatzeko prebentzio-lana gauzatzea, modu horretan osasun-arazoak prebenitu ahal izateko.

15 urte eta gehiagoko biztanleen % 69k hartu dute tentsio arteriala azken urte honetan (2013an baino % 4,7 gehiagok). Prebentzio-jarduera hori areagotu egiten da adinean aurrera egin ahala. Hori horrela, 65-74 urteko pertsonen % 85ek tentsio arteriala kontrolatu du, eta proportzio hori % 92ra igo da 75 urteko eta gehiagoko taldean.

Biztanleriaren % 66,1i neurtu zaio kolesterol-maila medikuaren aginduz, hau da, 2013an baino % 11,5 gehiagori. Edonola ere, joera hori handitzen joaten da adinean aurrera egin ahala: 65-74 urteko pertsonen % 86k eta 75 urte eta gehiagoko pertsonen % 90ek. Halaber, prebentzio-neurri hori areagotzen ari da 25-44 urteko biztanleen artean ere (% 57 ziren 2018an, eta 2013an, berriz, % 46).

Odoleko azukre-mailaren neurketa bat (gluzemia) egin duten pertsonen proportzioa % 14,5 igo da 2013. urtearekin alderatuta; hau da, biztanleriaren % 65,5ek neurtu du gluzemia. Diabetesa nahasmendu kroniko bat da, eta gehiago eragiten die gizonei emakumeei baino; hala ere, praktika horren erabilerari dagokionez, ez dago alde nabarmenik sexuaren arabera. Proportzioak gora egin du 25-44 urtekoen taldean (2013an, % 45; 2018an, berriz, % 57), baina baliorik handienak adinekoen artean ematen dira (65-74 urteko eta 75 urte eta gehiagoko taldeetan, % 85 eta % 89 hurrenez hurren).


Baginako zitologia umetoki-lepoko minbiziaren detekzio goiztiarrerako erabiltzen den proba bat da. 2018a baino hiru urte eskas lehenago, Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen % 59k egin zuen baginako zitologia; horrek esan nahi du ehuneko lau puntu igo dela 2013. urtearekin alderatuta, 2018ko Osasun Inkestak emaniko datuen arabera. Proportzio hori %75a gainditzen du 25-64 urtekoen emakumeen artean (biztanleria hori da, hain justu, Osakidetzak 2018an hasitako umetoki-lepoko minbiziaren baheketa-programaren xede-biztanleria).

Mamografiak dira medikuek bularreko minbizia hasierako etapetan detektatzeko probarik onenak. 2018an, 50 eta 69 urte bitarteko emakumeen % 82k adierazi zuten egin zutela mamografia bat azken bi urteetan (adin-tarte horixe da, hain zuzen, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren bularreko minbizia goiz detektatzeko programaren xede-biztanleria). Horrek esan nahi du ehuneko hiru puntuko jaitsiera izan zela 2013ko datuekin alderatuta (% 85ek egin zuten urte hartan); horietatik, % 43k azken urtean (2013an,% 47k). Mamografiarik inoiz egin ez zutenak, berriz, %3,3 izan ziren (2013an, % 2,6).

Kolon eta ondesteko minbizia bahetzeko programan parte hartu zuten 50 eta 69 urte bitarteko pertsonen % 89k odol ezkutua detektatzeko lagina entregatu zuten 2018an (% 91 emakumeak ziren eta % 87 gizonak). Horrek esan nahi du ehuneko 9 puntu igo dela emakumeen artean eta 6 puntu gizonetan, 2013. urtearekin alderatuta.




Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali