Erretzaileak
Tabako-kontsumoa gaixotasunaren eta heriotzaren arrisku-faktore garrantzitsua da. Euskal Autonomia Erkidegoko gizonen % 20k eta emakumeen % 14k ohikotasunez erretzen zuten 2018an; hori horrela, EAEn gutxiago dira ohiko erretzaileak batez beste Espainian baino (2017an, gizonen % 26 eta emakumeen % 19).
Tabakismoa jaisten joan da urteetan zehar (%22, 2013 eta 2018 artean). Jaitsiera hori handiagoa izan da emakumeetan (% 25,4) gizonetan baino (% 18,6), 65-74 urteko adin-tartean izan ezik, tarte horretan bikoiztu egiten baita emakumeen kontsumoa (% 4,3tik % 8,6ra, 2018an), nahiz eta adin-talde horretan gizonek duten mailara iritsi ez (% 13).
Gizonen kasuan, tabakismoaren prebalentziak emakumeena gainditzen du adin-talde guztietan; alderik handienak 25-44 urteko eta 75 urteko eta gehiagoko taldeetan ikusten dira, ehuneko 9 puntu ingurukoak. Emakumeen kasuan, tabako-kontsumoaren proportziorik handiena 45-64 urte bitarteko taldean dago; gizonen kasuan, berriz, adin-tarte goiztiarragoan (25-44 urte).
Gizonen tabako-kontsumo ohikoak goranzko gradientea ageri du, klase sozial altuenetik (% 12) egoera okerrenean daudenetara iritsi arte (% 30). Emakumeetan ez da eredu argirik ikusten kontsumitzeko ohiturari dagokionez.
Arriskuko edaleak
Alkoholaren kontsumo handi eta sarriak zirrosi hepatikoa, minbizi mota jakin batzuk, hipertentsio arteriala eta gaixotasun zerebrobaskularra izateko aukerak areagotzen ditu, besteak beste. Gainera, arazoak sortzen ditu familian, lanean eta gizartean, eta istripu gehienen eragile nagusia da (batez ere zirkulazio-istripuak).
2013arekin alderatuta, 2018an % 29 murriztu da epe luzera arrisku handia dakarren alkohol-kontsumoa. Murrizketa hori nabarmenagoa izan da gizonen artean (% 32) emakumeen artean baino (% 25).
Alkohol-kontsumoaren prebalentzia handiagoa da gizonen artean emakumeen artean baino (% 17 eta % 11 hurrenez hurren); kontsumo hori 2 aldiz baino gehiago igotzen da 65-74 urtekoen artean (% 24,4 gizonak dira, % 9,8 emakumeak) eta 75 urte eta gehiagokoen artean (% 11,4 gizonak eta % 3,5 emakumeak). Kontsumo-mailarik handiena 65-74 urteko gizonen artean dago erregistraturik; emakumeei dagokienez, 45-64 urteko emakumeen artean.
Era berean, pertsonek alkohol gehiegi kontsumitzeko probabilitatea handiagoa da maila sozioekonomiko hobeko klaseetan, % 20 ingurukoa, eta ikasketa-mailak gora egin ahala gradualki igotzen joaten da: % 9 ikasketarik ez dutenen edo lehen hezkuntzako ikasketak dituztenen artean, eta % 17 unibertsitate-ikasketak dauzkatenen artean.
Obesitatea eta gehiegizko pisua
Gizenek osasun-arazoren bat garatzeko aukera handiagoa dute, hipertentsioarekin, diabetesarekin eta artikulazioetako endekapen-gaixotasunekin loturik maiz.
Obesitateak EAEko 15 urteko eta gehiagoko biztanleen % 12,5i eragiten die (gizonen % 13,7ri eta emakumeen % 11,4ri). Populazio obesoaren proportzioa % 5,3 jaitsi da azken bost urteotan, eta gehiago emakumeetan (% 9,5) gizonetan baino (% 1,4), bi salbuespenekin: izan ere, 65-74 urteko gizonetan eta 25-44 urteko emakumeetan areagotu egin da obesitatea, % 8 eta % 17, hurrenez hurren.
Obesitatearen prebalentzia handiagoa da gizonen artean emakumeetan baino, 75 urteko eta gehiagoko taldean izan ezik. Emakumeen kasuan, gradualki gora egiten du adinak aurrera egin ahala, eta balio maximoa 75 urte eta gehiagorekin ematen da (% 17,6); gizonen kasuan, berriz, 65-74 urtekoen artean ematen da baliorik handiena (% 21). Obesitateak gora egiten du ikasketa-mailak behera egin ahala: lehen hezkuntza edo maila apalagoa duten pertsonen % 17,6 dira obesoak, eta unibertsitate-ikasketak dituztenen % 7,1.
Gainera, EAEko biztanleen % 33,5ek gehiegizko pisua du; beraz, obesitatea edo gehiegizko pisua duten pertsonen tasa % 46ra igotzen da (% 5,2 gutxiago 2013. urtearekin alderatuta), eta gehiago eragiten die gizonei (% 54) emakumeei baino (% 39).
Elikadura-ohiturak
Adituen arabera, dieta mediterraneotik hurbilen dauden elikagai-patroiak (frutak, barazkiak, lekaleak eta arraina) eta animalia-jatorriko koipe eta opil industrialen kontsumo txikia loturik daude morbimortalitatea murriztearekin, batez ere patologia kardiobaskularrari egotz dakiokeen morbimortalitatea apaltzearekin.
OMEk fruta eta barazkien kontsumoa handitzea gomendatzen du, dieta osasungarri baten funtsezko osagaiak direlako. Osasunari buruzko Inkestaren azken datuen arabera, fruta eta barazkien eguneroko kontsumoak %10 eta %21 igo dira, hurrenez hurren. Biztanleriaren gehiengoak fruta egunero kontsumitzen du, emakumeek gehiago (% 77) gizonek baino (% 68) eta heren batek inguru barazkiak hartzen ditu egunero (% 38 emakumeak eta % 27 gizonak), noizean behin kontsumitzea gomendatzen diren beste elikagai batzuen gainetik (gozokiak eta hestebeteak, adibidez).
Haragiaren kontsumoak (astean hiru aldiz edo gehiagotan) arrainarena baino handiagoa izaten jarraitzen du (% 54 eta % 36, hurrenez hurren); emakumeek gizonek baino fruta eta barazki gehiago jaten dituzte, eta gizonek emakumeek baino haragi eta hestebete gehiago.

Jarduera fisikoa
EAEko biztanleen % 77k ariketa fisiko osasungarria egiten zuen 2018an (gizonen % 80k eta emakumeen % 74k); horrek esan nahi du % 11ko hobekuntza izan dela 2013. urtearekin alderatuta.
Jarduera fisikoaren igoera hori handiagoa izan da emakumeen artean (% 13) gizonen artean baino (% 9); hala ere, prebalentzia handiagoa da gizonen artean emakumeen adin-talde guztietan baino, batez ere 65-74 urtekoetan (% 84 gizonak eta % 72 emakumeak), bai eta 75 urteko eta hortik gorako adin-tarteetan ere (% 73 gizonak eta % 53 emakumeak).
Emakumeen artean, ariketa fisikoa gradualki murrizten da adinak gora egin ahala: 15-24 urteko emakumeen % 83k eta 75 urte eta gehiagoko emakumeen % 53k praktikatzen du. Jokabide-eredu hori ez da berdina gizonen artean; izan ere, 65-74 urte dituztenen % 84k eta gazteenek (% 86) egiten dute jarduera fisiko osasungarri gehien.
Euskal herritarrek aisialdian nahi beste ariketa fisiko ez egitearen arrazoi nagusiak honako hauek dira: lanaren ondorioz denborarik ez izatea, familiako betebeharrak edo zaintza (% 50), borondaterik eza (% 27) eta osasun-arazoak (% 20).

Lo-ohiturak
Loak eguneroko funtzioei eta jarduera fisiko eta mentalari eragiten die; lo egitea faktore garrantzitsua da pertsonen osasunerako.
2018ko Denbora Aurrekontuen Inkestaren arabera, EAEko biztanleek gero eta denbora gehiago lo egiten dute, duela 5 urte (2013. urtea) baino 14 minutu gehiago, hau da, 9 ordu eta 6 minutu batez beste. Igoera horrek asteburuko egunei ere eragiten die: larunbatetan 23 minutu gehiago, eta igandeetan, berriz, 13 minutu; beraz, batez beste 9 ordu eta 36 minutu larunbatetan, eta 9 ordu eta 46 minutu igandeetan.
Adinekoek egiten dute lo gehien, egunean 10 ordu eta 12 minutu, eta, ondoren, gazteenak ageri dira, egunean ia 9 ordu. Gainerako adin-tarteetan, gainditzen da osasun ona izateko gomendatzen den 8 orduko loaldia. 2013. urtearekin alderatuta, lotan ematen den denborak gora egin du adin-talde guztietan, eta are gehiago adinean aurrera egin ahala: 16-24 urte (4 minutu gehiago), 25-44 urte (9 minutu), 45-64 urte (11 minutu) eta 65 urte eta gehiago (17 minutu).